Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Estrogenodunentzat

Estrogenodunentzat

Amatiño 2016/02/29 23:30
Oscar sariek badute, bart gauetik, irabazlerik. Baita galtzailerik ere. Eta, behar bada, “Carol” da galtzailerik nabarmenenetakoa, sei nominaziotik bat bera ere ez baitu bereganatu. Nago, hala ere, Todd Haynes zuzendariak eta Cate Blanchett zein Rooney Mara aktoresek zertxobait merezi zutela. Estrogeno gehiegi ote?

The revenant testosteronadunentzat baldin bada, Carol, berriz, estrogenodunentzakoa. Biak ala biak, elkarren antipodetan daude, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz. Bata, kemenez, mendekuaren aldarri da. Bestea, maitasunez, askatasunarena.

Aurreko astean esan nuen, esan, Leonardo DiCaprio ar basatiaren antzezlanak benetan gutxi zuela ñabarduratik, leunetik, xehetik eta barne-sentipenetik eta askotxo, aldiz, erronka fisikotik eta neurriz gaineko gehiegikeria zein larregikeriatik. Ez dela sinesgarria. Haatik, Cate Blanchett eta Rooney Mara eme bikotearena gainezka dago, hain zuzen, ñabarduratik, leunetik, xehetik eta barne-sentipenetik eta batere ez du, ostera, erronka fisikotik eta neurriz gaineko gehiegikeria zein larregikeriatik. Erabat da sinesgarria.

The revenant efektu digital bereziz josita badago --eta musika ere konputagailuz burutua--, XVIII. mendeko fikzio infantila sasi-asmatu nahirik-edo, Carol 16 milimetroko zeluloidez filmatua da, 1950eko hamarkadako garai-giro malenkoniatsua, euskarriz ere, bereizi gurarik.

Carol filmak ez du batere Oscarrik jaso, baina aldez aurretik irabaziak zituen berrogei inguru sari, bai Cannesen eta bai hainbat aktore-sindikatu, emakume zinezale, gay eta lesbiana elkarte, kritikari independiente eta talde alternatiboren aldetik. Adierazgarri, bestalde, Alliance of Women Film Journalists delakoak eman zion saria “biluztasunaren, limurtasunaren eta sexualitatearen aurkezpenik onenari”.

Edozein emakumek gustura ikusteko moduko filma xarmagarria. Baita estrogeno apurren bat duen gizonezkoak ere. Morbo bila lihoakeen arrak, ordea, hobe luke beste zerbait aukeratu.

Carol

 Cate Blanchet eta Rooney Mara

Xabier Mendiguren
Xabier Mendiguren dio:
2016/03/01 11:32
Niri ere ASKO gustatu zait.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: