Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Estrategia gutxi eta ezjakintasun asko

Estrategia gutxi eta ezjakintasun asko

Amatiño 2010/10/30 00:10
Urriaren bigarren hamabostaldian zehar, Donostian jendaurrean antolatutako bi hitzalditan, zentral nuklearren aldeko adierazpen nabarmenak egin izan dira eta, prentsa zein irratitelebistako hainbat kazetari bertan izan arren, inon ez da ordea ezusteko defentsa horren berririk eman. Good news, no news… ote?

Hilaren 14an, auto elektrikoaren inguruan  CEDITECek antolatu zuen jardunaldiaren sarrera-hitzaldian, Xabier Garmendia Energia sailburuordeak zehatz mehatz sartu zuen energia nuklearra Eusko Jaurlaritzak etorkizun-egitasmotan duen energia-tartaren barruan. Halere, kazetari bat bakarrak ere ez zuen uste izan, nonbait, Energia sailburuordea ezer berririk edo garrantzitsurik esaten ari zenik.

Hilaren 20an, Gipuzkoako Ganberak eta SPRIk elkarrekin eratu zuten Faro Intergune 2010 delako topaketaren baitan, Ignacio Marco-Gardoqui adituak esan zuen, krisialditik ateratzeko nahiko litzatekeela hiru zentral nuklear berri egitea. Haren ustez, hiru zentral nuklearren eraikuntzak hainbat urtez sortaraziko lituzkeen lanpostuen eragina gehi teknologian erakarriko lukeen inbertsioa eta, ondorioz, hirurak indarrean jarri izanak erakarriko lukeen argindar merketzea, batetik, eta kanpotik inportatu beharrik eza, bestetik, nahiko izango omen lirateke krisialditik ateratzeko. Halere, esanak esan, kazetari bakarrari ere ez zitzaion iruditu, antza,  aipamenik  merezi zuen proposamena zenik.

Hitz bitan.  Eusko Jaurlaritzaren energia-arduradunak hurrengo hamarkadetako energia-egitasmoa azaltzerakoan nuklearra (ere) defenditzen du eta… bost axola. Euskal ekonomiaren informazio-arloan eraginik handienetakoa duen aztertzaileak krisialditik ateratzeko errezeta nuklearra proposatzen du eta… ezta hitzerdirik ere.

Zenbaitek pentsatuko du isiltasun horren atzekaldean nolabaiteko estrategia maltzurren bat dagoela. Bai zera! Sinestu egidazue: ezjakintasuna edo axolagabekeria baino ez.

 Energia nuklearra 2100

Hainbat energia-iturriren joera honek xehetasun bi eskatzen ditu. Batetik, egungo aurreikuspen fidagarriak 2030 urterartekoak direla eta nolabaiteko susmoak 2050erartekoak baino ez. Handik aurrerakoak, ostera, fikzio samarra. Eta, bestetik, egungo ehunekoa eta geroztikakoak zeharo ezberdinak izango direla. Hau da, ikatz-kontsumoaz ehun urtez ehuneko berberari eusteko ikatz dezente gehiago behar izango da. Eta, nuklearra neurri horretan gehitzeko, berriz, ikaragarri gehiago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: