Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Energia-paradigmaren aldaketa

Energia-paradigmaren aldaketa

Amatiño 2010/10/15 20:31
Aspaldiotan gero eta gehiago hitzegiten, idazten eta eztabaidatzen da energiaz baina gutxitan jakin izaten da, ordea, zehatz mehatz behintzat, zein den agintarien iritzia. Zentzu honetan erabat interesgarriak beraz gaur goizean bertan Xabier Garmendia Industria eta Energia sailburuordeak Miramongo Teknologia Elkartegian azaldutako hildo nagusiak.

Xabier Garmendiaren ustez, paradigma aldaketa nabarmena da honez gero energia arloan. Petrolioa ez da amaituko, hainbat esparrutan jarraituko du (plastikoak, botikak, hegazkin-garraioa...) baina petrolioaren nagusitasunaren garaiak joan omen dira. Izan ere, lau baldin badira energia-kontsumoaren sektore nagusiak --argindarra, industria, bizitegi-guneak eta garraioak— aurreneko hiruretatik aldendu da oraingoz petrolioa.

Alegia, argindarra ikatzez, urtegiz, haizerrotaz, gasez, eguzkiz eta nuklearrez lortzen da gehienbat; industrian argindarra, gasa eta kogenerazioa dira nagusi; etxebizitzetan, gasa eta argindarra; eta petrolioa, honez gero, garraioan baino ez da geratzen.

Mix energetikoa

Energia sailburuordeak proposatutako mix energetikoa berriztagarriek (%30-40), nuklearrak (%25-40) eta gas naturalak (%25-40) osatuko omen dute epe ertainean. Baina, gas naturala behin behinekoa baino ez omen da, trantsiziokoa, eta luzera berriztagarriak eta nuklearra baino ez bide dira geratuko.

Batere erdipurdiko hitzik gabe, Xabier Garmendiak aditzera eman du indar nuklearra gelditzeko etorri dela: la energía nuclear se ha ganado el derecho a participar en el mix energético. Honez gero argindarraren %20 nuklearra da jatorriz eta sailburuak “frogatutako fidagarritasuna” ezarri die zentral nuklearrei eta “goi fidagarritasuna” hondakinei.

Industria eta Energia sailburuordeak ez du zentral nuklear gehiago egin behar denik proposatu baina, ostera, “aterabidea ez ote den izango oraingo zaharrak berriez ordezkatzea” iradoki.

Euskal industriaren norabide berriak

Xabier Garmendiak gogoratu du euskal gizartea industriala dela, industria baita Euskal Autonomia Erkidegoaren BPGren %30 eta, gainera, krisialdiek frogatzen omen dute herri industriatuek hobeto, egonkorrago eta orekatuago eusten diotela goiari.

Energia sailburuordeari jaramonik egingo badiogu, euskal enpresen erronkak eta aukerak honako hauek lirateke: energia berriztagarriak, ibilgailu elektrikoa, energia-metatze elektrokimikoa eta kudeaketa adimendunak (smart grid).

Hau guztia eta gehiago (beste zazpi hizlari izan baitira) gaur, Donostian, CIDETEC-ek antolatu duen Ibilgailu elektrikoaren erronkak eta aukerak Euskal Herrian deitu jardunaldian.

                          Aitor Madina

Aitor Madina, Cegasa; Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordea; Josu Jon Imaz, Repsol Energia Berriak; eta Julian Hernando, Euskal Automozio Klusterra. Lauron artean ibilgailu elektrikoa kaleratu behar omen dute.

                            Bizikleta elektrikoa

                   Autoak eta motorrak ezezik, bizikleta elektrikoak ere aurkeztu dira Miramonen

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: