Erroma, Pagolaren protesta bila
Zentsura-kontuak ez dira nonbait amaitu Elizan. Erromako Fedearen Doktrinarako Kongregrazioak Jose Antonio Pagola teologoaren Jesus: Aproximación histórica* (2007) saiakeraren aurka hasi berri duen auzia gogoan hartu baino ez dago. Kristau-kulturan haziak eta heziak garenoi ezagun samarrak zaizkigu nihil obstat, imprimatur, imprimi potest eta antzerako formulak, baina inork ez zigun ordea irakatsi zer gerta zitekeen Erromak tokian tokiko gotzainaren (Juan Mari Uriarte) baimenak onartu nahi izango ez balitu.
Ez naiz ni inondik ere jakitun Eliza Katolikoaren galbahetan baina, behar bada, nago Pagolaren liburuari ez ote zaion falta Gaspar González Pintado jesulagunak idatzitako Vida del padre Agustín de Cardaveraz. Apóstol del Corazón de Jesús (Donostia, 1947) liburuak hasierako orrialdeetan dakarren PROTESTA.
Bistan da “protesta” hitzak ez duela kasu honetan aldarrikatu, asaldatu, kexu izan edo zerbaiten aurka agertu esangura; eta bai, ostera, zintzo eta otsein izan nahia apaltasunez aitortu, goikoen agintea zalantzan jartzeke. Gaztelania zaharrean bai behintzat eta oraindik, antza, Eliza Amarenean ere. Alegia, Erroma Pagolaren “protesta” bila ari dela, Berzeoren denboretako protesta-mota baino ez bada ere.
“Pagola ez da neutrala. Berak aitortzen du Eliza Katolikoaren ikuspegitik idazten duela” adierazi genuen orain hiru urteko iruzkinean, Pagolari berari jaramon eginez. Baina Espainiako Apezpikuen Biltzarrari ez zaio nonbait aski. Beronen ustez ez da nahiko Pagolak Eliza Katolikoaren ikuspegitik idaztea, horrez gainera Espainiako Apezpikuen Biltzarraren ikuspegi beretik idatzi beharko luke. Eta auzi-mauzi hau ez du Erromako Fedearen Doktrinarako Kongregrazioak konponduko, ez baitut fede-kontua denik uste.
* Geroztik seizazpi hizkuntzatan itzuli da, euskaraz tarteko.