Gabonetako mezuaren normaltasunik eza
Ezertan hasi aurretik gogoratu dezadan nik behin gehiagotan aitortutakoa, hau da: aukeran, nahiago nukeela Espainian monarkia, errepublika baino. Horretara, borboizale samarra naizenez gero, zilegi bekit esatea Erregeren Gabonetako mezua merkatu bereko hogeitaka telebistan eman nahia ez dela, hain zuzen ere, normaltasunaren aldarri, normaltasunik ezaren salatzaile baino. Ene iritzi apalez, gainera, aldi berean horrenbeste telebistatan agertu behar horrek ez dio batere mesederik egiten erregetzaren erakundeari berari.
Normala… zer ote da normala? Batetik ez da inondik ere normala mendebaldeko herrialdeetan estatu-jefeak Eguberriro mezua telebistan eman behar izana. Bestetik, tradizio hori edo antzerakorik ohikoa denetan (eta honetaz kritikagarri gero euskal gizarteak zein erraz kopiatzen dituen inoren ohitura txarrak), ez da inondik ere normala telebista guztietan ematea.
Segurutik Gabonetako mezuaren ohitura indarrean jarri zuen lehen monarkia Erresuma Batukoa izan zen, 1957an eta BBCn, Elisabet II. Erregina, estreinako agertu zenean. Orduandik, telebista publikoak ematen jarraitu zuen urtez urte 1996 arte eta, geroztik, txandaka, BBCn eta ITVen. Ez behintzat Britainia Handiko telebista guztietan.
Espainian, berriz, Joan Karlos I.ak 1975ean eman zuen bere lehen Eguberritako mezua telebistaz, Franco hil berri. Eta orduko bere hitz hauek jaso ditu historiak: La unidad patria no elimina la variedad. Nolabaiteko “normaltasun" harek iraun zuen TVE telebista bakarra izan zen artean. Telebista berriak 1983tik aurrera sortu ahala, denak joan izan dira konpromiso hori hartzen, ETB izan ezik. Baina objektiboak izan nahi badugu onartu beharko dugu ETBrena dela normala, eta ez TVE2, T5, A3, Cuatro, La Sexta eta Katalunia, Galizia, Andalusia, Madrid, Valentzia, Aragoi, Asturias, Balearrak, Murtzia, Gaztela-Mantxa, Kanariak zein beste zenbait telebistarena.
Auskalo zer erabakiko duen EiTBk aurten baina apostu egingo nuke, orain zintzo-zintzo eta isilik-misilik errege-mezua urtero ematen duten hainbat telebistak baietz eskaintzeari utzi, ETB2k emateari ekiten dion urtetik aurrera. Horrenbeste telebistak ordu berean programa berbera azaltzeak ez baitu ez buru eta ez hanka. Ez da batere normala gaur egungo gizarte demokratikoetan eta ez du logikarik lehiakortasunak, audientziak, aukera anitzak eta kontraprogramazioak agintzen duen merkatuan.
Dena dela, ez dezagun geure burua engainatu. Egia da, bai, EiTBk ez duela Erregeren Gabonetako mezua derrigorrez eman beharrik, ematekotan nahi duelako emango duela alegia. Baina egia ere bada inork ez duela derrigorrez ikusi beharrik. Beraz, kexuak… nahi beste. Baina biktimarik ez behintzat, ezta bat bera ere. Bakoitzak jakingo du zer egin.