Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eñaut, ur laster eta zurietako entziklopedia

Eñaut, ur laster eta zurietako entziklopedia

Amatiño 2020/08/16 10:00
Eñaut ordiziarra da Gallego ibaiaren ur-lasterretako lemazainetako bat. Ur “zuri” hauetan kapitain pilotuarenak egiteko, korrontearen nondik norakoa irakurtzen jakin behar du; bitsaren jarioa aldez aurretik asmatzen, igartzen, iragartzen. Kontrara joan ezinean, uhin apartsua otzandu eta bidelaguntzat hartzerik besterik ez du. Zer erremedio.
Eñaut, ur laster eta zurietako entziklopedia

Eñaut

Gallego ibaia (aragoieraz “Gallicus”, Galiatik datorrelako) ohitu samarra dago euskaraz entzuten. Ez, soilik, Rigloseko malloen aitzakiaz euskal mendizale eta eskalatzaile asko bertaratu ohi delako, baita, Murillo aldean, raftina, barrankismoa eta kaiaketan egiterik ere badagoelako.

Aurreko astean hitzartu genuen raftin-errekaldia euskal izeneko enpresa batekin, eta ibaian barrena aldi beretsuan jaitsi ginen hiru ontzietako hiru lemazainak euskaldun peto-petoak ziren.

Eñaut pozik zegoen, elkarrekin egokitu zitzaion bost laguneko talde osoa euskalduna zelako. Gazteleraz edo ingelesez hitzegin beharrean, lantzean behin euskaraz egin ahal izatea gustuko du.

Eñauten betekizunik funtsezkoena lemazainarenak egitea da baina, horrez gainera, bera arduratzen da guztiok apropos jantzi gaitezen, egoki jarri eta eseri, nork noiz eta nola arraunean egin, orekari eutsi eta, irauliz gero, zelan igerian egin korrontearen alde, sekula burua aurretik bota gabe.

Baina, ordu bi luzetan, lemaz ur-korrontearen nondik norakoaz, abiadaz, sakoneraz, uste gabeko haitzez, ezkutuko arriskuez  eta eskifaiaren segurtasunaz arduratzeaz gainera, Eñautek ibai-inguruko mendiak ezagutzen ditu, Riglosko mallo bakoitzaren deiturak, erreka-bazterreko bizilagunak, itsasotik heltzen diren hegaztiak eta urpean gure bisitaren zelatan dauden igaren* (urtxakurren) agiriko hondakinak eta aztarrenak.

Eñaut, Ordiziako semea, Pirinioetako ur laster eta zurien entziklopedia da.

*Igara dio Eñautek naturaltasun osoz. Nik sekula entzun gabeko hitza. Hiztegian igaraba  dator.

Bostok maldan behera
Tira, arazorik ez, uste baino lasaiagoa ematen du-eta.

Brankaz gora
Horra, ur-isuria gero eta biziagoa, lasterragoa eta zuriagoa.

Urpean
Egoera larritzen-edo, bidean hiru buru galdu dira-eta, antza.

Bostok uretan
Esperientzia polita izan da, hurrengoan gehiago.

 ----------------------------------------------------------------------

MALLOAK. Riglosko malloak, guztiz ezagunak dira euskal mendizale eta eskalatzaileentzat, garai batean itsaso azpian zeudenak eta, gero, Pirinioekin batera, azaleratu zirenak. Gallego ibaia malloen barren-barrenetik pasatzen da eta, arraunari etsi gabe Eñautek esan bezala, mallo hitza, euskarazko mailu-aren pareko da. Segurutik ez zaio arrazoirik falta, Corominasek latinezko (malleus) jatorria ezartzen baitie mallo/majo/mazo (gaztelaniaz), mall (katalanez), malho (portugaleraz) eta mailu (euskaraz) adierei. Ildo beretik, antza, majar, mallar, malhar eta mailatu aditzak.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Historiko-Etimologikoak ez du, oraingoz, biltzen, eta Luis Mitxelenaren "Apellidos Vascos" delakoan, berriz, Mallabia, Mallagaray, Mallea eta honelakoen mailla sustraiari, galga zentzua ematen dio.

Hala ere, Mallonaz gainera, Acilona, Bertendona, Durañona, Letona, Licona, Zamacona eta Zarandona abizenak aipatzerakoan, zera dio: "Lo que precede a -ona en estos nombres es para mí absolutamente hermético. Desde luego, ni es latín ni es vasco; podría ser indoeuropeo identificable, pero todavía no está, ni mucho menos, identificado".

Gallego ibaia
Gallego ibaia, mallo galanten magalpean. Barrenean, gure ontzi urdina.
Oier
Oier dio:
2020/08/18 10:01
Ez gabiltza elkarrengandik urruti. Gu atzo izan gara Riglosen malloen inguruan ibiltari goizez eta Murillo de Gallegon UrPirineoseko Eñauten eta lankideen esanetara txalupan arratsaldez. Gurekin batera beste bi txalupetako nabiganteak ere euskaldunak, bergarakúak hain zuzen ere.
asier
asier dio:
2020/08/19 12:28
Ederra lekua! Eta badirudi ondo pasau dozuela XD

Igaraba (Lutra lutra). Toribio Etxeberriak "igaberia" edo "igaraberia". Eibar inguruan, azken belaunaldixetan, "urtxakurra".

http://www.eibarko-euskara.eus/node/3735
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: