Elkano, “homo faber" euskaldunaren garaikide
“Elkano-herriari itzulia” delako liburua dela-eta, bada dioenik Ander Izagirrek hainbat euskal mito hautsi dituela. Nik ez dut uste, ordea, horrenbeste esaterik dagoenik. Gauza bat da kazetari donostiarrak irakurle arruntak ez dakizkienak egoki eta zuzen biltzea eta, beste bat, azken hogei urteotako zenbait zabalkunde-liburu garrantzitsu ez agertutzat jotzea edo haien emaitza haintzat ez hartzea.
Aitzitik, ostera, mitoak mito, nago badela gurean mito zahar bat, irmo samarra, Ander Izagirrek ere hausterik lortu ez duena. Hau da, Kresalaren eta Garoaren arteko dialektikari betidanik darion mitoa: euskal industria XVIII. mendetik aurrera suspertutako langintza berria baino ez zela izan; XIX. mendeko aitona-amonen belaunaldi arte, euskal gizartean beserritarrak, abelzainak, arrantzaleak, dendariak, funtzionarioak eta kontrabandistak besterik ez zeudela; eta tradiziozko metalurgiarik, inon egotekotan, gehiago zela banakako artisauen kontua, gizarte egituratuaren lan-sistemaren ondorio baino.
Beldur naiz, Elkano-herriari egindako bira honen irakurleak ez ote duen amaituko samurrago mitoa finkatzen, uxatzen baino. Nago, esaterako, Gasteiztik Debako itsasbazterrerainoko industriaren historia linboan geratu dela, eta ez Elkanok berak hurbil samarretik bizi izan ez zuelako (1).
Hurrengorako gelditu dira XI. mendetik aurrera garatu zen euskal teknika eta merkataritza (2), itsasotik lautadara bitarteko merkantzien ibilbidea, ibai eta erreketako ehundaka (3) ibarrolen ekoizpenaren iraultza, Gaztelako inperioaren gudalosteentzako armagintza, Arrasateko altzairuaren (4) ospea, Garibairen (1533-1599) kroniken lekukotza, Brujasko harreman komertzialen (5) oroigarria (Bizkayers Platz); enpresa-emakumeen (“mujeres libres") protagonismoa eta Caro Barojak euskal metalurgikoa Iberiar peninsula osoko “homo faber” gisa kalifikatu izana.
Hain zuzen, Elkano getariarra ere euskal burdinolen Urrezko Aroaren garaikidea izan zen eta, don Juliok idatzi bezala (6): “En el siglo XVI las villas son modernas, los trajes de las calle son modernos… los problemas que se plantea la economía y la industria son de una modernidad total”. Eta gehiago, “el País Vasco es rico y privilegiado..., y el pueblo, dentro de este país privilegiado, es, o ha sido, un pueblo con exenciones y libertades discutidas o discutibles”.
Badaezpada, argi gera bedi, gero, Caro Baroja ez dela XIX. edo XX. mendeez ari, XVI.garrenaz baizik. Elkanoren mendeaz (1476-1526) hain zuzen; eta, jakina, Elkanori egokitu zitzaion euskal gizarteaz, industria-gizarte modernoaz. Getariatik 30 kilometrora, Debabarrenatik gora, Sasiolan zehar.
---oo0oo--
1) Bere testamentuan urrezko 10 dukat utzi zizkion Sasiolako komentu-ospitaleari. Getariako San Salbador elizarentzat 6 laga zituen.
2) "Un mercader en el reino de Felipe II: el eibarrés Martín López de Isasi". José Antonio Azpiazu. Eibar, 1999.
3) Hirurehundik gora jardun ziren, aldi berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ubideetan. Euskal Herriko burdina munduko onenetakoa zen eta bertako ekoizpena bakarrik, Britainia edo Frantzia osokoa baino handiagoa.
4) "El acero de Mondragón en la época de Garibay". José Antonio Azpiazu. Donostia, 1999
5) "Picas vascas en Flandes". José Antonio Azpiazu. Donostia, 2002
6) "Los vascos y la historia a través de Garibay". Julio Caro Baroja, Madrid, 2002