Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Don Bildur eta Don Beste

Don Bildur eta Don Beste

Amatiño 2011/01/10 00:10
Inurriak ez dira animaliarik argienak, ez dute adimen autonomorik, baina euren artean osatzen duten inurritegia “gizarterik” perfektoen eta eraginkorrenetakoa da. Norbaitek uste lezake zenbat eta inurriak argiagoak izan inurritegiak ere are eraginkorragoa izan beharko lukeela, baina ez. Inurriak argiak balira, beren kabuz pentsatzen hasiko balira (gaur ez, bihar; lan hori ez dagokit; ez zait komeni; ni zu baino gehiago naiz…), akabo gero inurritegia.

Talde-adimenak eta talde-lanak baino, gizabanako adimenak eta autonomiak bereizten gaituzte gizakiok. Ez dago gatazkabako gizateriarik. Gatazkarik gabeko gizartea ez litzateke adiskideen gizartea izango, inurriena baino. Erronka da, hain zuzen, nola gizabanako bakoitzaren adimena eta autonomia sustatu, guztiok osatzen  dugun gizartearen adimena eta eraginkortasuna arriskutan ez jartzeaz gainera ahalik eta gehien suspertzen.

Jose Antonio Marina filosofoak hau guztia aztertzen du Las culturas fracasadas. El talento y la estupidez de las personas (Anagrama, 2010) saiakeran. Ene ustez tituluari ondorio-kutsua, amaiera-itxura edo zirkulu itxiaren antza darion arren, ekarpen zeharo irekia da, hasiera beretik irakurlearen partaidetza eta esku-hartzea proposatzen dituena.

Conviene recordar que no nacemos con derechos como nacemos con hígado, y que no basta con sentarse a esperar que funcionen bien. La dignidad y sus derechos no son una realidad, sino una ficción compartida, una creación ideal, que sólo se mantendrá si la mantenernos. Quiero insistir en ello porque nada me parece más peligroso que dar por hecho lo que depende de nosotros hacer”. Aitortu dezadan batere apaltasunik gabe, liburuak nik beti aldeztu izan dudan jarrera baiesten duela.

Egun ez dago segurutik modan Berceo poetak aipatu ohi zuen Don Bildur jauna, are gutxiago haraindiko beldurra, baina gogotik indarrean dago orain Don Beste  figura ihesitia, norberaren ezinak, zailtasunak eta eragozpenak beste norbaiti bizkarreratzeko errazkeria alegia.

Baina, nik zer egin dezaket? Hau da, zer egin dezake gutako bakoitzak, zer egin dezakegu guztiok sorkuntza-kapitala, kultura-kapitala eta gizarte-kapitala areagotzeko? Nola norberaren, bikotearen, familiaren, herriaren zein nazioaren sorkuntza, kultura eta gizarte-kapitala suspertu eta indartu?

Pufff... Behar bada berriro jaio baino ez. Hala ere, onartu beharko –eta ez da gero batere erraza— maila batean zein bestean beti ezagutzen dugula gure inguruan guk baino gehiago eta hobeto egiten asmatu izan duenik… Beraz, zer gerta ere, ahal… ahal da.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: