Dirua ez da dena, baina...
ETB plazaratu baino hiru hilabete lehenago dozena erdiren bat lagun alemaniar Oihan Beltzeko bainuetxe batean bildu ginen telebista-kudeaketaren nondik norakoaz jabetzen hasteko. Hamabost eguneko ikastaro trinkoaren azken egunean, psikologiantza landu zuen irakasleak agindu zigun txosten laburra idaz genezan, Ramon Labaien Kultura sailburuari ikastaroaren berri eman ahal izateko. Baita guk, arrapaladan, hiruzpalau orrialdeko idatzia prestatu ere.
Haatik, txostena arretaz-edo irakurri ostean, orrialde bakarreko laburpena egingo ote genuen galdetu zigun psikologoak.. Eta guk, jakina, otsein asko, egin egin genuen.
Orrialdea irakurri eta… “politikariak irakurle eskasak” omen direnaren aitzakiaz, paragrafo bakarrean laburbiltzeko gauza ote ginen erronka jo zigun. Hamabost eguneko ikastaro trinkoa paragrafo battoan? Zergatik ez? Eta paragrafo soila moldatu genuen.
Harako paragrafoa begiztatu ahala bota zigun, ordea, behar bada Labaien "ministroak" bizpahiru lerrotan aurkeztu beharko zukeela telebista-egitasmoa Gobernu-bileran eta, segurutik, biziki eskertuko ligukeela nolabaiteko laguntza... Eta bizpahiru lerrotara ekarri behar izan genuen ekarri beharrekoa.
Hala ere, eta... Labaienek Eusko Legebiltzarrean esaldi bakarra adierazteko baino aukerarik izango ez balu…? Eta zorioneko mezu mamitsua itxuratu genuen, hamabost eguneko ikastaroaren laburpen gisa.
Eta Labaienek azken unean eta belarrira esan behar izango balio Garaikoetxea lehendakariari, hitz bakar batez, zer den telebistan funtsezkoena? Eta artikuluak, aditzak, izenlagunak eta izenondoak kendu ostean, izen miresgarria besterik ez zitzaigun geratu, hamabost eguneko ikastaroaren muina laburtu beharraren beharrez: DIRUA.
Herr Heinrich Möller, "Management for Television" (1982) ikastaroaren arduradun nagusia