Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Dinamitaz suntsitutako herria

Dinamitaz suntsitutako herria

Amatiño 2015/04/23 22:20
Cenarbe (1.200 m.) herriaren historia dekretuz amaitu zen (BOE, 1966.11.26), Esako urtegiaren egitasmoarekin batera, lur-higadura ekiditzeko (eta, horretara, erosio-lurrez urtegia lohiz ez betetzeko), haranburuko goi-maldetan pinua landatzea erabaki zenean. Nahi bezala, pinuak erosioa uxatu zuen, baina baita baratzeak, larreak, abereak eta… ondorioz, ezin bestean, biztanleak ere.

Cenarbe hustu egin zuten lehenik eta suntsitu, gero. Basapiztiak bertaratu ez zitezen eta bertako biztanleok sekula gehiago etxe-jabetzarik aldarrikatu ez zezaten, Madrilgo ministeritzari ez zitzaion nonbait besterik otu, herriko eraikin guztiak –eliza ezik-- dinamitaz birrintzea baino.

Gaur egun, San Pedro eliza erromanikoaren dorre hutsala eta abside erdia besterik ez dira zutik geratzen, berrehundaka biztanle izan zituen herriaren kale-zantzuen artean.

Cenarbe euskal jatorrizko izena bide da. Wikipediari jaramonik egingo badiogu Azenari-be omen, iturburua. Auskalo. Zer nahi delarik, nabarmena gero, Aragoiko inguru horretan euskal kutsuko toponimia ugaria dela (Iguacel, Larrede, Loarre, Obarra, Orbil, Serraduy…) eta baita Cenarberen beraren parekoak ere (Aspe, Ayerbe, Izarbe, Sasabe, Sobrarbe…).

Cenarbe

Cenarbe, 1966an, dinamitaz suntsitu aurretik. Erdi-erdian, zutik dirauen eliz-dorrea.

Cenarben

Eliz-dorrea, gaur egun, sasi artean

Mapa

Villanuatik Iguacel baselizaraino, zortzi orduko joan-etorria, oinez. Erdibidean, Cenarbe. Inguru honetan sortu omen zen Aragoiko erreinua, orain mila urte

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: