Iguazelgo Andre Maria
Azken asteburu honetan lagun batek bidali dit Jaka ingurutik Iguazelgo elizaren abside-barruko pintura gotikoen argazkia. Beti joateko, beti ikusteko, beti argazkiren bat ateratzeko eta hona non, azkenean, isilpeko klik batez, artez arte, telefonotik etxeko ordenagailuraino. Teknologiaren mirari horietakoa, Iguazelgo Andre Mariak berak ere sekula asmatzerik izan ez zuena.
XIV-XV. mendeetako pintura gotikoak
Iguazelgo eliza Jakaldeko Garcipollera haran barren-barrenean dago. Leku bazterra, bazterrik bada, oraintsu-oraintsu arte oinezko bidea baino izan ez duena. Ni orain dela hamabosten bat urte edo joan nintzen estreinako, mendi-bizikletaz, zahartzaroa urruti samar sumatzen nuen --ez aspaldiko-- garaietan.
Iguazelgo elizatarian, duela hamar urte
Geroztik hiruzpalau aldiz bertaratu izan naiz. Argazki-makina eta guzti hurbildu izan naizen bakoitzean, eliza itxita. Eta irekita aurkitu dudanetan makila besterik ez lagun. Nork gero esango, oraindik urte gutxi batzuk baino ez, soluzioa telefonoa izango zenik!
Iguazel* leku majiko samarra da aragoitarrentzat, ez baita alferrik Aragoi Erresuma sortu ostean jasotako eraikinik zaharrenetakoa, Antso Ramiro (Sancho Ramirez, 1043-1094) Aragoiko bigarren erregeren agintepean.
Aragoiko Erresumaren lehen errege Ramiro I.a (1006–1063) izan zen, Iruiñeko Antso Nagusiaren (992-1035) eta beronen Oibarko Antsa maitalearen fruitu. Nonbait nafar gortean etorkizun azkarrik ez eta… beste erresuma bat sortzea baino ez zitzaion gure Ramiro gazte kementsuari otu, gero Nafarroakoaz jabetzeko. Hura bai gazteria adoretsua!
Dena den, Iguazelgo Andre Maria ez da gaur egun bertan bizi. Aspalditxo jaitsi zuten Jakako Elizbarrutiaren Museora, antigoalekoen lapurrek orduz kanpo errezatzen joateari ekin ziotenetik aurrera.
XII. mendeko tailua, Jakako Elizbarrutiaren Museoan
Iguazel/Iguácel/: Ez dut inon izen honen esanahi edo etimologia-jatorririk aurkitu. Aragoiko emakume-izena dela, besterik ez. Hala ere, nonbaitetik hastekotan, ez dirudi Igoa, Iguaran, Igara eta antzekoetatik urrutiegi dagokeenik. Koldo Mitxelenak aditzera emandako ildotik: se trata de un derivado de ei(h)o, e(h)o, i(g)o "moler" (Apellidos Vascos. Donostia, 1953).