Clint Eastwooden mezu ezkutua
“Invictus” filma sinboloz, ikurrez, zeinuz, seinalez eta bigarren zentzuzko irudiz josita dago, ezin bestean. John Carlinen liburua Mandelaren biografiaren laburpena da. Clint Eastwooden filma, berriz, John Carlinen liburuaren laburpenaren laburpena eta, horrenbeste laburtu beharraren beharrez, gidoiak nahitaez behar du irudien azalpen isilaren laguntza ikusentzulea hainbat mezuz jabetu dadin.
Filmaren hasiera-hasieran, Mandela espetxetik atera zen egunean zurien eta beltzen egoera zein ezberdina zen adierazten dute lehen planoek. Autoa bi gizarte arras ezberdin bereizten dituen errepidean zehar doa. Ezker-eskuin, burdinezko sarea.
Albo batean, hainbat afrikaner jokalari errubian ari dira entrenatzen zelai berde-berdean. Ondo hazitako gazte lerdenak dira, zuriak, ilehoriak, sendoak eta apain asko berdintsu jantziak. Beste alboan, ostera, batere belar-aztarrenik gabeko lur gorritan, mutil kozkor beltzak futbolean, argalak bezain makalak, nor bere kabuz jantziak edo erdi biluzik, trakets, zikin, narrats.
Filmaren azken planoan hamazortzi-hogei urteko gazte beltzak dira errubian dihardutenak. Ondo hazitako mutil iaioak, osasuntsuak, txukunak, kirol-arropa modernoak soinean. Zelaia berdea da, jakina, eta atzekaldean, barrenean, energia-zentrala lurruna dariola. Itxura guztien arabera zentral nuklearra. Afrika osoan bat bakarra dago. Hegoafrikan.
Morgan Freeman eta Matt Damon, 2009
Nelson Mandela eta François Pienaar, 1995