Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Biscayensis edo Euskariensis… baina euskal balea

Biscayensis edo Euskariensis… baina euskal balea

Amatiño 2011/05/14 14:05
Asteburu honetan Orion ospatuko dute Kantauriko azken balea-arrantza. Ez dakit horrelakorik ospatzekoa ere ote den, baina gogoan dut inuit txikiak bekozko ilunez galdetu zidana: “Euskalduna? Balearik gabe utzi ginduztenetakoa?”

Oriotarrek 1901eko maiatzaren 14an arrantzatu zuten Kantauri itsasoan harrapatutako azken balea. Honek ez du esangura, ordea, batere geratu ez zenik. Balea-arrantza 1935an debekatu zenean berrogeita hamarren bat ale geratu omen ziren eta gaur egun 350 inguru bizi bide dira, etorkizunik inork segurtatzen ez dien arren.

Donostiako Aquariumean denok umetatik ezagutu izan dugun balea 1878ko otsailaren 9an harrapatu zuten Getaria eta Zarautzen artean: “Milla zortzireun da setenta y ochuan, Zarauztik txalupa bat, baletara juan…” Honela hasten dira balea-bila txalupa hartan bertan itsasoratu zen Roke Etxabe zarauztarraren bertsoak.

Balea-arrantza

Biblioteca Vascongada de los Amigos del País. Donostia, 1961

Balea-mota hura hogeitaka urte lehenago (1854) bereizi zuen Daniel Friedrich Eschricht Kopenhageko Zoologia Museoaren zuzendariak eta Balaena Bizcayensis izenez bataiatu, Bizkaiko Golkoaren aiputan edo. Kopenhageko museoan Balaena Bizcayensis bat baino gehiago dago eta handiena ez da Kantauri itsasoan harrapatutakoa, Islandian (1894) baizik. Izan ere, “gure” baleari ez zaio horrela izena Bizkaiko Golkoan bizi zelako, inguru honetan erdi izaten zelako baino (Los vascos en la pesca de la ballena. Mariano Ciriquiain Gaiztarro. San Sebastián, 1961).

Balea biscayensis

Kopenhageko Zoologia Museoan, XX. mende hasieran

Dena den, donostiar akuarioaren arduradunek Zarautz aldean harrapatutako balea jendaurrean jarri behar izan zutenean, izenez  aldatzea erabaki zuten. Eschricht irakaslearen maisutza erreferentziatzat hartu bai baina, giputz-senak eraginda edo, Balaena Biscayensis ezik Balaena Euskariensis iruditu zitzaien aproposago, badaezpada ere. Gogoan izan italiar tradizioaren arabera Katauriko balea Balena dei baschi dela, nahiz eta espainieraz Ballena de Vizcaya (Diccionario Enciclopédico Salvat. Madrid, 1945) izan. Gaur egun, izen zientifikoa Eubalaena glacialis (sardako balea) da.

Balea kolpatu

Ziburuko Joanes Etxeberri, 1627

Inuitak

Inuiten “abertzaletasun elektronikoa” zertan zen bertatik bertara ezagutze aldera 1994an Iqaluiten izan nintzen eta, euskaldunen aurkezpena azaltzeaz gainera lagun hurkoarenak egin gurarik euskal balea-arrantzaleen kontuez mintzatu nintzaienean, solaskideetako batek esan zidan: “Euskalduna? Balearik gabe utzi ginduztenetakoa?”

Iqaluit1

Iqaluit, 1994

Euskaldunok balea guztiak garbitu genituen leienda beltza gaindituxea dago gaur egun, baina ulergarri da inuitek europarroi diguten amorrua. Ez digute baleak zaindu behar ez direnik esaten, baleak zaintzen jakin ez izana leporatu baizik; guk premia handirik gabe akabatu genituen artean, euretariko edozenbat familia ale bakarraz urte guztian zehar bizi zitezkeela.

“Azal zuriko ekologista ilehoriak” ere ez dituzte batere gogoko. Lehenago defenditzen omen dituzte baleak inuitak baino. Izan ere, balearik gabe geratu zirenetik, inuitek nora ezean diraute. Kanadako gobernuak ematen dizkieten diru-laguntzez kanadarren supermerkatuetan kanadarren jan-edanak erosi behar izaten dituzte. Gizonezkoak lanik gabe, taberna-zuloan, alkoholak jota; emakumeak, berriz, kanadarren etxe-garbitzaile, haurrik izateko ere betidanik behar izan duten besteko koipe eta proteinarik gabe.

 Iqaluit2

NorthwesTel. Iqaluit, 1994

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: