Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Beste kolore bateko kontua

Beste kolore bateko kontua

Amatiño 2021/01/15 15:00
Joxe Azurmendik dioenez, “Arana Goiriren arraza ulertzeko, arrazarekin orain ulertu ohi duguna ahaztuz hasi beharra dago. Arana ez da arrazista, berba hori gaur ulertzen dugun zentzuan. Antiespainola, bai”. Baina hori, arrazoiz edo hainbarik, beste kontu bat da, beste kolore bateko kontua.

Jakin nahi izan duenak badaki zergatik Argentinan ez dagoen ia amerindiarrik: XIX. mendean zehar Buenos Airesko gobernuek sistemaz erabaki zutelako Panpetatik Patagoniaraino bizi ziren leinuak “garbitzea”.

Ez da hain ezaguna, ostera, garai hartan Eskal-Berri izeneko lurraldea sortzeko egitasmoa suspertu zela, Argentinan,  Florentzio Basaldua (1853-1932) bilbotarraren ekimenez*. Eta hainbat ezezagunagoa, berriz, Sabino Aranak plangintza “eskaltzale” hartaz esandakoa: Mientras existan familias indígenas en <...> los extensísimos territorios del continente americano, a ellas pertenecen <...> y no a los europeos, que se los han usurpado a aquellas pobres gentes (1894).

Honelako datu mordoa biltzen du Kepa Altonagak "Patagoniara Hazparnen barrena" (Pamiela, 2017)  saiakeran, ohi dituen xehetasun eta xumetasun aproposez. Eta, kasu honetan, Aranak zein gutxi balioesten zuen “lurraldetasuna” gogoratzeaz gainera, haren antikolonialismoaren froga dakar, sarriegi leporatu ohi zaion arrazakeria zalantzan jarriz.

Izan ere, guztiz ezagunak dira Sabin Aranak esklabotzaren kontra azaldutako jarrerak eta, jakinekoa da, kartzelan sartu zutela, Kubaren askatasuna zela-eta Roosvelt presidente estatubatuarrari zorion-telegrama bidaltzeagatik. Inor salatzekotan, zuriak salatu zituen Aranak, ez beltzak: sabido es de sobra la inhumana crueldad que los blancos han tratado siempre y dondequiera a las razas de color.

Kubaren alde eta esklabotzaren kontra hitzegitea erraza da orain. Ez zen, ordea, hain zentzuzkoa XIX. mendeko Espainian, non  gobernu-presidente berbera, Antonio Cánovas del Castillo, ez zen batere lotsa honelako purtzilkeriak adierazteko orduan: Los negros en Cuba son libres, pueden contratar compromisos, trabajar o no trabajar, y creo que la esclavitud es para ellos mucho mejor que esta libertad que sólo han aprovechado para no hacer nada y formar masas de desocupados. Todos quienes conocen a los negros os dirán que en Madagascar, en el Congo, como en Cuba son perezosos, salvajes inclinados a actuar mal, y que es preciso conducirlos con autoridad y firmeza para obtener algo de ellos. Estos salvajes no tienen otro dueño que los propios instintos, sus apetitos primitivos (1890).

Jakina, datorren urtean 125 urte beteko dira Angelillo anarkistak Cánovas del Castillo erail zuela Santa Agedako bainutxean (Gesalibar) eta, gaur egun, jende ezjakinaren artean ez ezik, Espainiako intelektualik ospetsuenen artean ere inkesta egingo bagenu, nor izan ote zen arrazistagoa galdetuz, Canovas ala Arana, bilbotarrak irabaziko luke arrunt nabarmen.

Joxe Azurmendik dioenez, ordea, Arana Goiriren arraza ulertzeko, arrazarekin orain ulertu ohi duguna ahaztuz hasi beharra dago. Arana ez da arrazista, berba hori gaur ulertzen dugun zentzuan. Antiespainola, bai. (Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Jakin, 2020).

Baina hori, arrazoiz edo hainbarik, beste kontu ba da. Beste kolore bateko kontua.

 ---ooOoo---

 • Eskabidea Florentzio Basalduak egin zion, 1897an, Julio A. Roca presidente argentinarrari, eta, hain zuzen ere, Julio A. Roca berak, Gerrako ministroa zela, “Desertu Kanpainari” (1878-1885) ekin zion, lurrak (50 milioi inguru hektarea) indiarrei indarrez kendu eta laborantza-ugazaba handi eta zurien artean hutsaren truke banatzeko. Bada jokamolde hura genozidiotzat jo duenik. Argentinako ofizialtasunaren ustez, ordea, ezin izan genozidioa… hitza 1944ean sortu zenez gero. 

Alfonso Guilló
Alfonso Guilló dio:
2021/01/15 22:48
Tarteka ondo etortzen zaigu hainbat ideia ets iritzi datu berrien arabera berrikustea. Artikuluan kontatzen dituzunak ezezagunak zitzaizkidan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: