Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Urtetan ezinbesteko erreferentzia izango den liburua

Urtetan ezinbesteko erreferentzia izango den liburua

Amatiño 2020/12/03 22:30
Oraingoan, Joxe Azurmendi ez da ohituta gaituen saiakeragile ezaguna, entziklopediagile aintzindaria baino.  Liburuaren helburua ez da ikerketa soila; baita kontsulta-tresna baliagarriaren eskaintza paregabea ere.

Bizitza oso bateko uztaren laburbilduma, Joxe Azurmendiren “Pentsamenduaren historia Euskal Herrian” (Jakin/EHU) deritzan ekarpen demasa. Ez da hasi eta buka, etenik gabe, irakurtzekoa; haatik, bai, etenak eten, behin eta berriz, ia amaiera barik, beti ere gogoan izateko entziklopedia: euskal pentsamenduaren entziklopedia, “eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi”. Nolabait esateko, ez da udal-liburutegian internetez eskatu eta hiru astetan irakurtzeko alea, norberak erosi, zatika irakurri eta luzaro metabolizatzekoa baizik.

Euskal pentsamenduaren esparruko bostehunen bat autoreren erreferentziak (testuinguru historikoari, erlijiosoari, politikoari eta abarrei lotutako bestelako izenak sartzeke) 380 orrialdetan ez dira, gero, artaleak. Atera hortik kontuak zer ez ote duen irakurri –edo ezer laga ote duen irakurtzear—  Azurmendi txindurri jakitun langileak.

Azpitituluak iradoki legez, eskolak berebiziko garrantzia du ikerketa-lan entziklopediko honetan. Egileak ardatzeetakotzat jotzen du, V. mendean hasi eta XIX. gizaldiko elebitasunaren auziraino. Iparraldean era batez ("l'gnorance du français ne coïncide pas forcément avec l`analphabetism.") eta Hegoaldean, beste batez ("Digámoslo de una vez, la cuestión de la enseñanza es cuestión de poder: el que enseña domina."

Liburuaren altxorra ederresteko desenkusarik behar ez denez gero, aipagarri deritzot entziklopedia-moldeari datxekion  testu-egitura seinalatzeari, irakurle ez adituaren mesedetan burututako urraspideen adierazgarri.

Alegia, 380 orrialdetan, liburuak biltzen ditu bost aro historiko: Europa Erdi Aroan sartzen: Herrien migrazioak; Gure Erdi Aroa (IX-XV); Aro Modernoa (XVI-XVII); Argiak edo Ilustrazioa (XVIII); eta Aro Garaikidea (XIX). Bostak, 30 inguru atalburutan banatuak eta, euren baitan, 180 atal, errenkadan baina elkarren nahitaezko lotura hertsirik gabe. 

Hots, praktikan, 380 orrialdetan 180 kontakizun labur (ia bi orrialdeko kontakizun bat) desberdin eta autonomo samarren bilduma, guztiak ere bakoitza bere berariazko izenburutxo eta orrialde-zenbakiarekin aurkibidean, artez arte hautatu (180 sarreraren artean bada zer hauta) eta zuzenean irakurri ahal izateko moduan, ordenari lar erreparatzeke. 

Hau da, oraingo honetako Joxe Azurmendi ez da ohitututa gaituen saiakeragile zolia, entziklopediagile aintzindaria-edo (Joseba Intxaustik duela 35 urte urratutako bidetik)  baizik. Hartara,  liburuaren helburua ez da ikerketa "hutsala" mahai gainean jartzea,  esku arterako kontsulta-tresna baliagarria eskaintzea baino.  Eta xede honek baldintzatzen ditu, zentzurik egokien eta onuragarrienean, erredakzio-moldeak, testuen luzera zein oinarrizko diagramazioa. 

Belaunaldi  batez, barrena, ezinbesteko erreferentzia izango den liburua. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: