Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Behartsuak aurrekontuetan sartzen ez direnean

Behartsuak aurrekontuetan sartzen ez direnean

Amatiño 2011/01/08 00:10
“Ezer esaten ez duen film larregi dago” salatu zuen Itziar Bollain zuzendariak bere azken pelikula honen nolabaiteko karga arintzeko edo. Baina 'También la lluvia' delakoak ez du inondik ere ezelango aitzakiarik behar. Berriketabako filma da, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz, teknikaz, interpretazioz zein mezuz, benetan sendoa. Zine-aditu amorratua nahiz zale xumea izan, denetariko jendeak gustura ikusiko duena. Ikusi beharrekoa.

           

                                                                     Juan Carlos Aduviri

Espainiako legenda beltza izan genuen atzo aipagai, Holanda eta Flandriako Urrezko Aroaren pintura-erakusketa dela-eta. Baina, behar bada, 1600 urte inguruan Herbeheretan espainiarrek egindako sarraskiak lore-jokoak baino ez ziren izan ehun urte lehenago Ameriketan egindakoekin alderatuz gero. Kontu izan, txarrenean ere, flandriarren bekatua “protestanteak” izatea baino ez zela. Hego Ameriketako indiarrak, berriz, txikiak, zatarrak eta ezjakinak izateaz gainera, kristauak ere ez ziren.

Sei-zazpi lerrotan nolabait laburbiltzekotan, Itziar Bollain madrildarraren También la lluvia filmak erakusten digu zein garrantzitsua den “aurrekontuetan sartu beharra” mendebaldeko zibilizazioaren logika –eta etika--  ulertzeko. Segurutik mundu honen arazorik larrienak egun batetik bestera konponduko lirateke guztion energia-kontsumoa Afrikako beltzenenaren parekoa balitz. Edota, alderantziz, mundua bihar bertan ahituko litzateke, guztiok estatubatuarrek besteko energia xahutuko bagenu. Den-dena aurrekontu-arazoa besterik ez da. Eta indiarrak, txiroak, gizajoak eta gainerako paria guztiak ez dira gure aurrekontuetan sartzen. Ez duela bostehun urte eta, antza denez, ezta orain ere.

Agian sekula espainiar zinegintzak Hego Ameriketako konkistaz egindako kritikarik latzenetakoa. Eta, bide batez, inperio guztien, mendebalde osoaren eta gutako bakoitzaren kritika latza.

Maisu gero Karra Elejalde Colonenak egiten edo Colonenak egiten dituen aktorearenak interpretatzen. Zoragarria, berriz, Alberto Iglesiasen musika.

Nork esan du konpromisua, salaketa eta ekoizpen komertziala beti ere erronka kontrajarriak direna?

           

                                                                           Itziar Bollain

 

Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2011/01/08 15:45

Erabat ados. Sekulako filma dok, pelikula haundi horretarikua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: