Iraultza abertzale eta burgesaren pintura
"Geografoa". Jan Vermeer van Delft, 1669
XVI. mendean (1566), kalbindarren eta katolikoen arteko tirabirak tarteko eta Orangeko Gilenen gidaritzapean, Herbehereetako iparraldeak muzin egin zion espainiar erregetzaren agintea derrigorrez onartzeari eta Felipe II.ak Albako Dukea bidali zuen “bakeak” egitera.
Indarraren indarrez, Espainiako legenda beltzik zorrotzenaren ildotik, Fernando Álvarez de Toledo dukeak ez zuen inondik ere girorik baretu, behin betirako matxinada areagotu baizik. Hamabost urte eskas geroago (1581), espainiar armada ahaltsuari aurre egin eta Felipe II.ari agur esan ondoren, probintzia asaldatzaileek euren burujabetza aldarrikatu zuten.
Ondorioz, hurrengo urteetan zehar, bi mundu kontrajarri gorpuztu ziren egungo Holanda eta Belgikaren arteko bi mugaldeetan. Hegoaldean, Habsburgo dinastia katolikoaren eta espainiar inperioaren menpeko sistema feudal eta tradizionala. Iparraldean, berriz, burgesia kalbindar eta eragile berria, ahalik eta azkarren mundu-merkatuaz jabetu eta aberastu nahian. Hegoaldean jota eta etsita, espainiarren menpekotasuna astindu ezinik, eta iparraldean, aldiz, zeharo suspertuta, nortasun berri bila.
Beste aukerarik ezean, hegoaldeko erdipurdiko artistek eliza katolikoetako santugintzan jarraitu behar izan zuten eta ontxoenek, ostera, iparralderantz ihesi. Eta han, iparraldeko Herbehereetan, Holandako eta Flandriako pinturaren Urrezko Aroaren miraria loratu zen.
Giro eraberritu hartan, artistek aristokraziaz ahaztu eta burgesia berriaren eskabideak hartu zituzten gogoko. Herbehereetako bertako lautadak margotzeari ekin, tokian tokiko herri ezagunak marraztu eta bertako eraikin nabarmenak irudikatu. Baita herri-ohitura jatorrak bildu, orduko intelektual eta lanbide berriak erretratatu eta erbestetik ekarritako produktu arrotzak erakusteko “bodegoiak” asmatu ere.
Hau guztia, urtarrilaren 23ra arte, Guggenheim Museoan.
Merezi du. Aurreko asteazkenean behintzat, Errege bezperan, ikaragarri jende asko bertaratu zen. Bat edo beste, Athletic-en elastiko eta guzti.
Flandriako euskal pikak eta lantzak
Ez. Velazquezen hau ez dagokio Holandako Urrezko Aroari, Espainiako Urrezko Mendeari baino. "Lantzak" edo Bredaren errendizioa (1624) irudikatzen du eta eskuineko pika garaileak, ziur-ziurrenik Debarroan eginak, euskal interesak zein alderditan ziren ez ahazteko baino ez bada ere.
Irudiaren eraldaketa
Errenazimendutik hona, nabarmena gero mendez mende irudiaren nondik norakoak izan duen etenik gabeko garapena eta eraldaketa.
Kamera beltza, moldiztegia (XV), ikuspegi konikoa, irudia fikziotu nahia (XVI), irudia ikasbidetzat (XVII), optika, litografia (XVIII), agazkiaren hastapenak, zinemagintza (XIX), serigrafia, telebista, bideoa (XX), irudi digitala eta interneta (XXI)