Basque Country
Jakina da Marca España delakoak ez duena unerik gozoena bizi, Jose Manuel García-Margallo Kanpo-arazoetako ministroak berak aitortu izan duenez. Hain zuzen ere, Basque Country leloari elkartasunik eza leporatu beharrean, norbaitek pentsatu beharko luke euskal erakundeak asmakizunetan arituko ote liratekeen Euskal Autonomia Erkidegoa alemaniar länderretakoa balitz.
Ez da ekonomia, industria, azpiegitura, zerbitzu edo turismo kontua soilik. Bada sakonean arazo oinarrizkoagorik. Gaur bertan Jorge Arévalo Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketarako sailburuordeak esan duenez, Muskizko FP Uda Ikastaroetan, eskola-porrota %24 bestekoa da Espainian, Autonomia Erkidegoan %11,5 den artean. Eta Espainiak behingoz etxeko lanak egingo balitu eta bere buruarekiko elkartasuna landu? Badu Wert ministroak zereginik franko, on samar diharduten larrainetan sartzeke.
Ez du balio esatea –bart gauean norbaitek irratian adierazi bezala-- borroka armatuaren garaietan espainiar marka beti portatu izan zela ondo euskal ezaugarriekin. Ez, euskal kirolaririk ospetsuenak beti espainiarrak ziren bitartean, terroristak “vascoak” ziren, Basque Country-koak alegia.
Basque Country leloaren zein egitarauaren aurkezpena, Donostian
Europako biztanle arruntarentzat, España da eguzkia, toreroak, manolak, gitarrak, paellak, ijito dantzariak, adore gutxiko langileak, “pescaítos eta fino”, eta hainbat topiko tipikoa...
Jakina, espainol guztiek ez dute merezi esportatu den karikatura iraingarri hori; euren artean badago langile fin eta arduratsu bai eta pentsalari edo asmatzaile handirik ere.
Baina, azken bolada honetan, estatuari darion kirats nardagarriak gaiztotu du, gehiago ahal bada, arestian aipatutako karikatura iraingarria. Beraz, txalotzekoa da “Basque country” marka, eta bere barruan biltzen duen guztia, ezen Españaren eragin kaltegarritik kanpo bereiziko gaituen langa egokia izango baita!