Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Barne-ausardia frogatu ezinik

Barne-ausardia frogatu ezinik

Amatiño 2010/07/06 17:04
“Guretzako, eta belaun berriekiko bereziki, 1936ko gertaerak urrun daude, oso urrun. Egia samina zaio hau askori, badakigu, eta ulertzen dugu. Baina barne-ausardia eskatu behar zaigu abertzale guzioi. Eta 1936ko gizonei guk, bihotzez maite duten herri horren izenean, egia den bezala eta beharrak agertzen diren bezalakoak ikusteko barne-ausardia eskatzen diegu” (BRANKA, 1971eko otsaila).

Halaxe zioen, hitzez hitz, Jean Louis Davantek zuzentzen zuen BRANKA. Euskaldun Sozialista Aldizkariak, ia duela berrogei urteko hamalaugarren alean. Zortzi hilabete lehenago EAJk Euskadiko Jaurlaritzan sartzeko gonbitea egina zien sortu berri ziren talde abertzale berriei (ETA, ELA-Berri, EGI-Batasuna, Enbata…), eta ezezko erantzunaren argudioetan barrena emandako azalpenetako bat zen hori.

Erantzule anonimoak gogorarazten zion EAJri denbora ez dela alferrik pasatzen eta, hain zuzen ere, 1936tik 1971ra 35 urte pasatuak zirela eta aldatzeko ordua zela: 1896tik 1931 arte eta 1936tik 1971 arte, denbora tarte berbera dago. Zer zen ordea 1896ko urtea 1931ko gizonentzako? Gonbarazio honek agian gaurko egoera konpreni-arazten lagun dezake. Are gehiago, bestelako ideologia-arrazoietan sartu aurretik, erantzuleak adin-kontua ere leporatu nahi izan zien “aspaldiko kontuak” gogotan zituzten jeltzaleei: 1936an 21 urte zituztenak, gaur 56 urte dituzte.

Bai, segurutik 35 urtean gauzak dezente aldatu izaten dira eta 1971an 56 urte zituzten gudariak aguretzat jotzeko hainbat arrazoi izango zukeen BRANKAko gure euskaldun sozialista ezezagunak. Gertatzen da, ordea, 1959an  ETA sortu zenetik hona, 35 urte ezezik 51 pasatu direla eta 1959an 21 urte zituztenek 72 urte dituztela gaur egun.

Onartezinezko hastapenez gainera, gogoratu beharko 1959an 21 urteko gazteria ordezkatzen omen zuen ETAk 60 urte bete zituela Lizarrako itunari muzin egin zionean; 68 urte, berriz, Loiolako aukera pasatzen utzi zuenean eta, honez gero, 72 urte, bihotzez maite (omen) duten herri horren izenean, egia den bezala eta beharrak agertzen diren bezalakoak ikusteko barne-ausardiarik frogatu ezinik dirauten honetan.

Zein erraza den gero 20 urterekin 50eko lagun hurkoa zahartzat baztertu nahi izatea eta zein zaila, ostera, 70ekin nork bere burua trabatik kentzea.

Eta behingoz, isil-isilik, jubilatuko balira?

                     Branka

Ezin gero zehatz esan baina, oso oker ez banago, "Branka" aldizkaria 1968an edo sortu zen. Ezin ere mehatz esan zein lerrotakoa zen. Sozialista eta abertzalea bai, baina ez nintzateke orain jakineko siglarik ezartzen ausartuko. Henrike Knörren bitartez jakin nuen haren berri, baita adiskideaz fidatu eta beronen eskabidez pare bat artikulu bidali ere. Lehen hamahiru aleak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz argitaratu ziren. Hamalaugarrenetik aurrera, aldiz, euskara hutsean. Guztiak ere Angelun argitaratu ziren antza denez.

 

Lux
Lux dio:
2010/07/09 15:48

1959koa den honen memoriak ez badu akatsik, Branka aldizkaria Txillardegiren ildokoa zen. Hain zuzen Txillardegi ETAtik kanporatua izan zenean, hasieran, bera eta bere jarraitzaileak Branka ingurukotzat jo ziren . Noski,nik ez nuen adinik hori zuzenean ezagutzeko

jaime
jaime dio:
2010/07/08 14:57

Koskabilorik izan behar ETA potatik hartzera edo antzarrak ferratzera (leunago) bidaltzeko. Abertzale izan arren, sarritan, gure herrietako udalbatzetan aritzen diren PSOE edota PPko morroiak miresten ditut, zeren eta koskabilo galantak baitituzte. Erakundearekin bat ez datorren multzo handiarentzat eredu jarraigarri benetan. Izan untsa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: