Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Henrike Knörr, gizon ona

Henrike Knörr, gizon ona

Amatiño 2008/05/02 01:19
Bakana zen gero Henrike Knörr. Nekez definitu daitezkeen horietakoa. Jakintsua, eruditoa, ideologiaz liberala, iritzitan tolerantea baina datu-xehetasunetan zehatz zorrotza. "Vasconia" zuen maite eta, zer gerta ere, herri-konpromisoaren jabe eta adiskide leial. Gizon ona.

Tarragonan jaioa eta umetatik Gasteizen hazia, euskaldun ezagutu nuen nik 1968an edo, berak hogei urte baino ez zituela. Branka argitalpenean (euskaldun sozialista aldizkaria) idazteko egin zidan pare bat aldiz gonbite, eta baita nik erantzun ere, Miel Otxin izengoitiz sinatuz. Sekula ez zidan ordea alerik igorri eta ez nuke orain asmatzerik ere izango zertaz idatzi ote nuen.

Gauza sakonik ezin izan, 22 urte baino ez nituenez gero eta, Zeruko Argia astekariaren Eibarko berri-emaile soila izateaz gainera, soka hartakoa ere ez nintzen-eta. Brankaren pare bat ale ditut etxean eta ez dut behintzat nere burua identifikatua sentitzen. Batere ez gero orain, baina ezta orduan ere. Pentsatzekoa da, ordea, Henrikek berak hurbil samartzat jotzen zuen argitalpena zela, Txillardegik ETA utzi eta Branka aldizkariaren hildotik edo sortu baitzen geroxeago ESB (Euskal Sozialista Batzarra. Arantzazu, 1976), Eduardo Artamendi eta Alberto Zuazua nere txikitako lagun eibartarrak  tarteko, eta Henrike Knörr bera 1977ko hauteskundeetan Arabako zerrendakide.

Ez dagokit neri, are gutxiago gaur eta hemen, Henrike adiskidearen nondik norako zertzelada politikoak zehazten hastea, baina behar bada berak ere bere buruari leporatu ziezaiokeen Massimo Carloto ultraezkertiar italiarrak egindako aitorpena:  “La meva generació ha tingut una relació romàntic-rebel amb el crim” (Avui, 2006.02.12).

Baloredun gizakumea. Familia, seme-alaben heziketa, adiskidetasuna, leialtasuna, lagundu beharra, entzuten jakitea, lasaitasuna eta denborarik galdu nahi eza uztartzeko gauza zen luzerako korrikalari bakezalea.

Jakintsua, eruditoa eta 1977tik euskaltzain osoa zenik ezin ahaztu. Ezta, eginahalak egin arren, euskaldunberri izateari ezin izan zionik sekula utzi ere.

Arabako Foru Diputazioak eratutako "Becerro de Bengoa" saiakera-lehiaketa irabazi nuen 1996an, Intelektualak, telebista eta multimedia idazlana tarteko eta, besteak beste, Henrike bera epai-mahaiko. Zenbait astebete geroago Durangoko Liburu Azokan elkar ikusi genuen eta, zoriontzeaz gainera, esan zidan: "Sariok primeran etorri ohi dira Macintosh on bat erosteko".

Odon Apraiz arabar patriarka zenaren ikasle, lagun zintzo eta jagole maitakor,  Henrikek betidanik erakutsi izan zuen kultura, herri-memoria eta zaharrekiko begirunea. Tamalez ez du berak bere zahartzarorik bizitzeko betarik izango baina guk, berriz, gomuta izango ditugu beti bere lasaitasuna eta inori adi-adi entzuteko patxada.

Bakean bego.

  Henrike Knörr

Gaur iluntzean, Gasteizen, mila inguru lagun bildu gara hileta-elizkizunetan. Ez gero nolanahiko elizkizuna. Hogei apaiz... koru bi... behingoz taxuz eta zentzuzko homilia... hainbat hizlari euskaraz, gaztelaniaz zein katalanez... semearen eskerrona... aurreskularia... Agur Jaunak, "Agur Jesusen Ama", Michel Labéguerie-ren "Aurtxo aurtxoa"... Araba, zazpigarren alaba!

Garikoitz Knörr
Garikoitz Knörr dio:
2008/05/05 20:32

Garikoitz naiz, Henrikeren bigarren semea. Mezu honen bitartez, eskerrak eman nahi dizkizut, familia osoaren partez, gure aitari eskaini diozun artikulu eder eta hunkigarriagatik.

Besarkada bat,

GK

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: