Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Autore-eskubideak: Irlandako tradizio zaharretik Vesuvioko funikularreraino

Autore-eskubideak: Irlandako tradizio zaharretik Vesuvioko funikularreraino

Amatiño 2024/03/14 11:00
Euskadiko Orkestrak aurreko asteburuan interpretatu zuen Richard Straussen “Aus Italien” sinfonia, non, laugarren mugimendua, hasi eta buka, mutikotan abestu ohi genuen “Funiculì, funiculà” kanta ezaguna baino ez den. Orduan, guk ez genekien abesti haren autoretza auzitan ibilia zena sekula historian izandako aurrenetako eskubide-epaiketan.

Autore-eskubideak ez dira bart gaueko kontuak. Irlandako herri-tradizioak zera zioen orain ia hamabost mende: “Behi bakoitzari bere kumea dagokio, eta liburu bakoitzari bere alea" (1). Geroztik, historia luzea bezain geldoa izan da autore-eskubideen legezko aitorpena.

Izan ere, autore-eskubideok ez zuten defentsa handirik behar izan ondoko mila urteetan, barrena, zeharo zailago eta garestiago suertatzen baitzen kopia bakarra egitea, merkatuan erakar zitzakeen onurak baino. Oreka aldatzen hasi zen, ostera, lehen irarkolak (Gutenberg, 1450) gailentzearekin batera.

Jira eta buelta, bai baina ez, eskubide pribatu eta publikoean arteko balantzak ia beste lau mende iraun zuen zinbili-zanbuluan, liberalismo ingelesa eta Frantziako zein Ipar Ameriketako iraultzak tarteko. Esaterako, Herriaren faboretan, Frantziako Errepublikak “domeinu publikotzat” jo zituen antzezlanak eta nornahik jendaurrean eszenaratzeko erraztasunak eman edo... ez ikusi egin.

Giro hartan, Charles Dickens eta Edgar Allan Poe elkarrekin bildu ziren 1842 urtean, nazioarteko legeriaren premiaz eztabaidatzeko. Dickens ikaragarri kexu eta haserre zen, garaiko idazlerik irakurriena izan arren ez zuelako batere sosik ikusten. Jakineko dataren bat zehaztekotan, egoera trakets hura 1886an hasi zen nolabait bideratzen, Bernako Hitzarmena (2) sinatu zenean, Victor Hugok 1878an sortutako Association Littéraire et Artistique Internationale elkartearen eraginez.

“Funiculì, funiculà”, 1880

Sei urte lehenago, Vesuvio sumendiko funikularraren inaugurazioa zela-ta, Luigi Denza musikagile napolitarrak “Funiculì, funiculà" (3) kanta konposatu zuen, Europa guztian zehar sekulako arrakastaz erruz zabaldu zena.

Aldi berean, Richard Strauss (4) konpositore alemanak Italian zehar ziharduen herri-kanta bila, edozein bazterretan behin eta berriz entzuten zuen doinua jatorriz Sorrentokotzat-edo jo, eta bere laugarren sinfonian sartu zuen, ezelango plagiotan pentsatzeke, antza.

“Aus italien” 1887an aurkeztu zen Munichen. Denza musikariak entzun bezain laster auzitara eraman zuen, baita irabazi zen. Epaiak ez zuen batere isunik jarri, baina bai, ordea, sinfoniaren eskubide orokorren bizkar, kopururen bat autoreari ordaindu beharra ezarri.

Mario Lanza (5) opera-kantari ospetsuaren  errepertorioko doinurik ezagunenetakoa izan zen “Funiculí funiculá” (6). Singlea grabatu zuen 1959an, eta Eibarren, behintzat, edozein “rantxera” bezain sarri entzuten zen asteburutako afaloste eta taberna-zuloetan.

Beinke, opera-zaletasun handiko hamarkada izan zen hura Eibarren,  1954 urtean ez zen-eta alferrik joan  Jose Ramon Orozko herriko semea Italiara, non "Il Trovatore" kantatu zuen  Erromako Eliseo Antzokian, lehenik, eta Florentzian, Sienan, Pisan zein Venezian, gero. Uste baino lehenago itzuli zen Italiatik. Nonbait ez zuen lar arrakastarik izan. Eibarren kristoren ona zena ez, itxuraz, hain ona, Italiako mailan. Ni mutikoa baino ez nintzen eta, inguruko jardunetan entzuten nuenez, ahotsez nabarmen ona izan arren, antzezpen-kontuan hutsaren hurrengoa omen, lotsatiegia, "euskaldunegia"...

Artean, Enrico Carusoren mitoak (7) bizirik zirauen eta Maria Callas "bel kantuko" munduaren andregaia (8) izatera iritsi zen... ispiluari jaramon larregi egiteagatik 36 kilo (eta ahotsa)  galdu eta  urregorrizko Aristoteles Onassisen (garaiko aberatsena)  ezkontzaz ahaztutako be(rt)soetan noraezean akabatu arte. Baina hau beste historia (9) bat da. 

  ---ooOoo---

1) Tá a laogh féin ag gach bó; agus tá a eagrán féin ag gach leabhar

2) Bernako Lehen Hitzarmena, 1886.

3 ) Euskarazko letra eta guzti. Nork daki zergatik, euskaraz ez den, nonbait, "funiculí, funiculá", "funikulir funikular" baino. 

4) Gaur egun, haren ereslanik ezagunenetakoa "Horrela hitz egin zuen Zarathustrak" olerki sinfonikoa da,  Friedrich Nietzsche filosofoaren izen bereko liburuan oinarritua, eta Stanley Kubrick zine-zuzendariaren "2001, Espazioaren Odisea" deitu filmak hasieran dakarrena.

5) Wikipediak ez dakar, ordea, Mario Lanzaren sarrerarik euskaraz. Eibartarren batek horrenbeste zor dio.

6) Mario Lanzaren kanta hau Spotiy musika-zerbitzu digitalak eskaintzen du baina, harrigarri bada ere, azaltzen duen izena "Finiculi, Funicula" da. Azentuak ahaztea, gaitzerdi, baina "Funiculì"ren ordez "Finiculi" jartzea... sinestezina.

7) Bere garaiko kantaririk ospetsuena izan zen, mundu osoan eta diziplina ororen artean. Aitzindaria lehen audio eta film-grabaziotan. Mende luze geroago, bada ordukorik entzuterik, "Una furtiva lacrima" (L´Elisir d´amore", 1911) lekuko.

8) Niri, oraindik ere, igande goizetan, pijama kendu aurretik pare bat kafe beltz hartzea -- Maria Callasen dozena erdi aria entzuten-- asteko plazerrik handienetakoa iruditzen zait. 

9) Diva "la Divina" eta ehiztari paleolitikoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: