Atxuritarrak, ostera ere, ibaian gora ikusteko itxaropenetan
ETBk inoiz kanpotik eskainitako lehen zuzeneko (2) emanaldia 1984eko maiatzaren 7an. izan zen. Egun gogoangarria, benetan, Athletic Clubarentzat zein bere jarraitzaileentzat, baina baita Euskal Telebistaren historian (3) azpimarratu beharrekoa ere.
Ez da inoiz orduan besteko jenderik bildu Nerbioi ibarretan zehar. Hainbat hedabidetan adierazi zenez, miloi bat lagun elkartu omen ziren Athletic-en garaipen bikoitza (liga eta errege-kopa) ospatzeko. Hala ere, milioi bat lartxo, bizkaitar guzti-guztiak ez ziren-eta askoz ere gehiago. Baina, seguru, ETBk zuzenean emateko izan zuen abagune hark balio izan zuela hasi berria zen telebista euskal gizartean barrena zabaltzeko.
Are gogoan izanik, urtebete lehenago (1983.05.03) gertatua zela gabarraren lehen agerraldia eta, hainbat eskari izan arren, ETBk ezin izan zuela lehen “igoera” zuzenean emititu, lau hilabete (1983.01.01) lehenago kaleratua baitzen estreinako eta, artean, ez zuelako behar besteko baliabide teknikorik (4).
Hain zuzen, Athletic-en gabarrak "igo" egiten du ibaian gora, uretan gora. Baina kanta zaharrak, ostera, “jaitsi” dio, ur behera, ubera: Por el rio Nervión, bajaba una gabarra, runba-la-rumba-la, con once requetés de boina colorada... (5). Kontua da, 1983an., Cecilio Gerrikabetia (Barakaldo, 1938) Bilboko Koralaren lehendakaria izateaz gainera, Athletic-en zuzendaritzakoa ere bazela, eta berari otu zitzaizkiola gabarraren eredua (6) eta kantaren egokipena: Por el rio Nervión subía una gabarra, rumba-la rumba-la, con once jugadores del club atxuritarra…
Zalantzarik ez, gero, ETBri ikaragarri gustatuko litzaiokela 1984eko emanaldia berriro errepikatzea, orduan baino dezente kamera eta baliabide askoz ere gehiagoz; baina, zoritxarrez, erabakia ez dago bere eskuetan, larunbatean gorri-zuriz Sevillan zelairatuko diren hamaika “atxuritarren” oinetan baizik.
1) Izatez, lehen-lehen zuzeneko emanaldia pilota-partida izan zen, Gasteiztik, 1983ko apirilaren 28an, San Prudentzio jaiegunez, Beristain-Tolosa eta Ladutxe-Nalda II. bikoteen artekoa, eta Jose Mari Iriondo esatari. Lehen emanaldi haren helburua froga egitea baino ez zen izan, urte hartako finala aldez aurretik prestatzeko ariketa gisa. Gainera, Gasteizko hura pilotalekutik izan zen, barruti itxitik alegia, eta Getxotik Bilborainoko ibai-jira, ostera, hainbat kilometroko eremu irekia, irekirik bada.
2) Nazioarteko zuzeneko lehen emanaldia, berriz, hurrengo udazkenean. Lendl vs McEnroe tenis partida (1984-09-10), New Yorkeko Flushing Meadow openaren finala.
3) Estreinako zuzenekoa ETBrentzat, baina baita egun eta ordu hartan kontrol-gelan geundenontzat ere. Bilbotik Artxandan eta Oizen zehar gabarraren irudia zuzenean Iurretan jaso, eta Oizen barrena berriro irudia Artxanda, Jaizkibel eta Zaldiarandik herriz herri barreiatu ahal izatea miraria iruditu zitzaigun hainbati.
4) Hala ere, ezin teknikarik ezari erru osoa leporatu. Egia ere bada ez zitzaigula burutik pasatu ere. Baliabiderik ezak ez zien agian burmuinei amain eman, baina ezta garunek teknikari ezer erregutu ere. Ez zen, antza, unerik aproposena. Esaera zaharrak (eta sexistak) dioen bezala: "Otu ez egiok ohean andreari, ez uretan zaldiari".
5) Bilboren inguruan Eusko Gudarosteak jarritako Burdin Hesia hautsi eta gainditu ostean, Francoren aldeko Erreketeak Bilbon sartu ziren 1937ko ekainaren 19an. eta garaipen haren omenetan burututako kanta da.
6) Ideiak ehun urteko aurrekaria du. 1922-23 denboraldian, Olabeagako Acero Club futbol-taldeak B Saileko Kopa irabazi zuen Sevillan, Osasunaren aurka. Bilboko Areatzan egin zioten ongi-etorria eta, zelan etxeratu erabakitzeko orduan, Sotatarren enpresak ontzioletan erabili ohi zen gabarra arrunta eskaini zuen, Areatzatik Olabeaga auzora abiatzeko, ibaiz, kalez kale joan beharrean.