Arrosa gorriak
Amatiñoneko Ciriaco aittitta zena lorezale amorratua genuen; hortentsiak, kalak, tulipak, krabelinak, larrosak eta, gogotik maite zituen. Haren ildotik umetan ikasi genuen hortentsiak urdintzeko burdina-txatarra bota behar zela, inguruko lurra uhertu zedin. Hari esker genekien kala zuriek gutxi irauten zutena eta krabelinak ia bere kasa edozein bazterretan sortzen zirena. Berak irakatsi zigun tulipen erraboilak egunkari-paperetan biltzen hurrengo urte arte gordetzeko, baita larrosa igokariak eta zutikorrak bereizten ere.
Antzuolako amama Segunda hainbat ilobarekin, 1953an. Aurrean, kopeta-ileduna, ni neu. Atzekaldean, horman zehar, aittittaren arrosa igokaria
Geroztik ia berrogeita hamar urte joan dira eta, mende erdiren bueltan, berriro ere loretan, lorezain, loreei so eta loreei mintzo. Izan ere, bistan da gero Aste Santuan landatutako adaxkak eta biok egunero izan dugun elkarrizketa onuragarria izan dela.
Igandean gorritu zen aurrenengo larrosa-pipila eta egun bitan, gaurko lanbroarekin batera, erabat loratu da.
Eta, harrigarri bada ere, gaur bertan jakin dut, estreinako, aittittak sekula jakin ez zuena: larrosak arrosak direna. Den-denak gero, nahiz gorriak izan. Nahiz Lazarragaren "larrosachoa" izan.
Hiru hilabetetan laurogei zentimetro hazi. Bai hazi ere!
Igandean pipila zena, bart zeharo loratu da