Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aranberrineko hirutasun mexikarra

Aranberrineko hirutasun mexikarra

Amatiño 2020/07/01 23:05
Euskal Herrian batere eraginik ez izan arren, hiru dira Aramberri izenak Mexikon sortarazten dituen oihartzunak: Aramberri jenerala, Aramberri kaleko krimena eta Aramberriko munstroa. Nork esango, gero; horra aranberritarren hirutasun mexikarra.

Orain hurrengo, Sanjuanetan egon naiz Okondogoienan, nire bilobei Lanbarri baserria erakuste aldera, bertan jaio zen-eta, 1576 urtean, Juanes de Arambarri, gaur egun Euskal Herrian (Gipuzkoan, batez ere) bizi diren Aranbarri edo Aranberri gehien-gehienen lehen aitona zaharra.

Lanbarrineko egungo bizilagunek aipatu zidatenez, jende asko hurreratu izan omen da bertara azken urteotan, duela hamabost urte interneten agertu zenetik hona. Asko eta asko Ameriketatik etorriak eta, gehienak, Mexikotik.

Nik ez dut kontrakorik esango, baina nago Aranberri ez dela, inon, jende larregirik mugiarazteko besteko abizen ugaria, eta mexikarren agerraldi sarriak ez direla, agian, Aranberri abizendunen artean aurkitu behar, Aramberri deiturak berak Mexikon duen oihartzun mediatikoan baizik.

Izan ere, Euskal Herrian batere eraginik ez izan arren, hiru dira Aramberri izenak Mexikon sortarazten dituen gizarte-leloak: Aramberri jenerala, Aramberri kaleko krimena eta Aramberriko munstroa.

Aramberri jeneralaren zintzotasuna

Lehen eta behingoz, Aramberri da Nuevo León estatuko herri koxkor bat, non jaio zen José Silvestre Aramberri jenerala (1816-1864), Benito Juárez presidente ospetsuaren laguntzailerik leialenetakoa.

José Silvestre Aramberri
Aramberri jenerala

Benito Juárez, zapoteka indiarra, Mexikoko nazioaren eta errepublikaren buruzagi historikorik garrantzitsuenetakoa da eta Aramberri jeneral liberala, berriz, beti haren defentsa-lanetan aritu izan zen militar zintzoa.

Hain zuzen ere, Aramberri jenerala jaio zenean, bere sorterriaren izena bestelakoa zen. Eta bertako seme onetsiaren izena jarri zioten udalerriari, haren omenez eta esker onez. Horrelako kasurik gutxi, gero, munduaren historian. Horra, mexikarren artean, Aramberri izenaren lehen balio erantsia.

Aramberri kaleko krimenaren espiritua

Nuevo León estatutik atera gabe, Monterrey da kapitala, eta bertako Aramberri kalean gertatu zen, 1933an, mexikarren herri-memorian sekula bilbatu den krimenik entzutetsuena. Ama-alabak lepo egin eta, euren hainbat senide ezagunen artean, erail zituzten, gerta zitekeen modurik latz eta gordinenean.

Herri-legendak dioenez, amak horrenbeste aldiz erregutu omen zuen eze,  “no me mates Gabriel, no me mates”, bertan zegoen loro berritsuak esaldi berbera ikasi eta errepikatu zuela behin eta berriz poliziaren aurrean, eta, ondorioz, ezustean,  Gabriel izeneko senidea atxilotzeko arrasto baliotsua eskaini.

Hain zirraragarria izan zen krimena, erailketa gertatu eta hilabetera baino ez, ”El crimen de la calle Aramberri” liburua argitaratu zela, kazetari-kronika eta nobela beltzaren artekoa. Eta oraintsu, 2016an, kaleratu berri da bigarren argitaraldia, kontakizunik klasikoenetakoa bailitzan.

Urteak joan eta urteak etorri, memoria aldatuz joan da, hasieran inork, inon, aipatu ez zituen datuak, zertzeladak eta ikuspegi espiritistak ezarriz, eta, bizpahiru belaunaldi geroago, etxearen ateak eta leihoek itxita jarraitzen omen dute, inork gogoratu nahi ez dituen mamuok eta malurrok bertan tinko iraungo balute bezala.

Aramberriko benetako munstroa

Eskoziarren Ness antzirako munstroaren pareko, mexikarrek ere badute eurena. Alde nabarmen batez, hala ere. Txantxak eta adar-jotzeak alde batera lagata, inork ez du uste Ness antziran inoiz munstrorik bizi izan denik, baina Aramberriko munstroa bene-benetakoa izan zela ez du, ostera, zientziak zalantzan jartzen.

Aramberriko munstroaren fosilak 1984an agertu ziren lehen aldiz, dinosauroren baten aztarrenak izan zitezkeelakoan. Gaur egun segurutzat jotzen da, ordea, duela 150 milioi urte inguru, Goi Jurasikoan, bizi izan zen itsas-narrasti erraldoi bat dela, hogei metro samarrekoa-edo.

Aramberriko munstroa protagonista ezaguna da honezkero Mexiko guztian zehar, eta ez museotan eta eskola-liburutan  soilik, baita edozenbat ipuin, parke tematiko eta olgetatan ere.

Aramberriko munstroa
Aramberriko munstroa
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: