Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Antzerki-kazetaritza: esentzia ona pote txikian

Antzerki-kazetaritza: esentzia ona pote txikian

Amatiño 2024/03/11 09:55
Eibarko Antzerki Jardunaldien barruan eta Emakume Egunaren bezperan, Loraldiak ekoizpen-taldeak “Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan” antzerki dokumentala eskaini zuen Coliseoan. Ordubete baino ez, baina nekez gero probetxu hobeko ordubeterik. Esentzia ona, pote txikian.

Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853-1943) gaur egun ezagutzen dugun lehen euskal emakume argazkilaria izan zen. Haren lanak hiru bereizketa nabarmen izan zituen: teknika ona, feminismo-zentzua eta argi naturala. Teknikaz, esposizio bikoitza edo anitza landu zuen (fotograma berean argazki bat baino gehiago) eta “collageak” moldatu. Feminismoaz, bere garaiko emakumeak hartu zituen erreferentzia eta protagonistatzat. Eta argi naturalaz, berriz, kanpoko argazkilaritza lehenetsi zuen, argazkiak etxe-barruko estudioetan atera ohi ziren garaietan.

 Patxo Telleriaren haritik eta Getari Etxegarairen zuzendaritzaz, Maria Urcelay (aktorea) eta Lide Hernando (musika eta kantua) bikoteak [eskuineko argazkian] laburbiltzen du ikuskizun adierazgarri bezain atsegin eta samurra, non, Aristotelestik hasita, argazkilaritzaren nondik norakoa azaltzen den, Eulalia Abaituaren zaletasunaren berri eman eta mende erdi luzean zehar, Begoña barrenean, lau seme-alabaren amak burutu zuen argazki-sortarik jorienetakoa jaso.

“Mira hadi” saioak frogatzen du, besteak beste, oinarrizko material (1) ona denean  eta argi dagoenean  zein mezu (2) agertarazi, ez dela askorik (ez  luzerik) behar izaten ikuskari  deigarririk burutzeko, artez arte, buruz buru eta bertatik bertara.

Eulalia Abaitua zenak ez zukeen sekula uste izango bere argazki-bilduma taula gainean eszeneratu ahal izango zenik noizbait, baina Loraldiak Produkzioak asmatu du haren guraria biltzen, sena islatzen eta emaitza zabaltzen, Abaituarena argazki-kazetaritza izan bazen, Loraldiak taldearena antzerki-kazetaritza da… eta ez dago batere, batere gero, txarto. Alderantziz baino.

1) Ikuspegi artistikoari dagokionez, ikuskari honek musika, teatroa eta arte bisualak uztartzen ditu, Abaituaren argazkiak erakutsiz.

2) Oinarrian, transmisioa, memoria eta sormena daude lan honetan, Eta hamaika balore lantzen dira zeharka: emakume protagonista, genero ikuspegia, gure memoria, giza konpromisoa, ikuspegi garaikidea eta aintzindaria…

Diruaz eta gelaz gainera, argazki-estudioa ere eduki zuen emakume bilbotarra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: