"Amigos españoles:"
Ezustean aurreko igandean Aketegira igo ostean, atzo, igandez, Aizkorrirantz abiatu nintzen, berriro, benetako negua heldu aurretik. Auskalo noiz egon ote nintzen atzenengo bider bertan. Berrogeita hamarren bat urte-edo, ezkondu eta gero ez behintzat.
Ikusi nuena ez zitzaidan batere gustatu. Bista ederrak, bai, berriketabakoak, baina, ingurua, ez horrenbeste. Are gutxiago bertako Santa Kurutz ermita eta aldameneko aterpetxea. Nekez bazter narrasagorik hain tontor maitatu eta mitikoan.
Astakiloa izan behar da gero --eta errotik zikina--, Aizkorri puntaraino joan eta ermita barruan txiza egiteko, edo enbatak joko balu norberak abaro gisa erabili lezakeen tokia kiratsa dariola lagatzeko.
Tamalgarria, berriz, Zegamako Udalak, Euskal Mendi Federakuntzak eta beste hainbatek, asmorik onenaz eta elkarlanean, mendigoizaleentzat apropos eraikitako aterpetxea hain narras, zabar, baldar eta zikin utzi izana.
Frantzialdeko Pirinioetan lantzean behin ibili ohi garenok badakigu zein txukun zaindu izaten dituzten han-hemenkako aterpetxeak. Petretxema barreneko lepoan bada babes-borda bat non, sarreran, frantsesez eta espainieraz, oharra dagoen jarrita bazterrak garbi zaintzeko eskari eginez. Testua berbertsua da hizkuntza batez zein bestez, baina alde txiker batez: frantsesez ez du jentiliziorik erabiltzen eta gaztelaniaz, aldiz, honela hasten da, batere premiarik gabe, nabarmen asko: Amigos españoles...
Nago, Aizkorrin ere, horrelako zerbait jarri beharko luketela: “Amigos españoles”, hain zuzen. Segurutik horixe litzateke modu bakarra, euren burua super-supertzat dutenak, apurtxo bat baino ez bada ere, ernatu zitezen.
Aizkorri gaineko Santa Kurutz ermita (1760) eta mendi-aterpetxea
Gero, pixkanaka-pixkanaka zabaldu genuen gure ibiltzeko eremua: Durango aldera, Aizkorri mendikatera, Aralarrera eta abar. Gizondu eta ezkondu ondoren Pirinioetara eta Europa aldera joateko kanpin denda bat eroaten genuen eta lekuz aldatu baino lehen, etxeko dama eta biok, txukun-txukun uzten genituen inguruak. Gaur egun, aldiz, oso bestelakoa da giroa. Orain dela hamabost bat urte, edo gehiago, Pirinioetako Elurretako Ama Birjinaren ondoan aterpe gisa prestatu zen eraikuntzako zurajeak erre egin zituzten sua egiteko. Hantxe bertan ere, “domingueroek” botatako plastikoek behi litxarrero batzuen heriotza ekarri zuten.
Lehen, tontor altu eta piko batzuk igotzeko motxilak usten genituen beheko partean eta pentsaezina zen norbaitek gure motxilak lapurtzea. Gaur kateaz lotuta ere…
Mendizaletasunaren giroa aldatu (andeatu?) egin da, zorionez(?) adinak eta batez ere bihotzeko ebakuntza batek oztopatzen didate, azken bost urteotan, lehen bezalako ibilaldi luzeak egitea mendiz mendi, bestela sekulako amorrazioa sentituko nuke Santa Kurutz ermita eta bere aldameneko aterpearen egoera penagarria ikusiko ba nu.