Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Amets baten historia ilustratua

Amets baten historia ilustratua

Amatiño 2011/08/18 23:00
Irailaren 11ra arte Donostiako Kutxa Boulevard aretoan ikusgai dago Olaeta ballet-taldearen “Amets baten koreografia” deitu erakusketa, Olaeta familiak laurogei urtez bildutako argazkiak, bideoak, kartelak, jantziak, musika-tresnak, partiturak, esku-programak, gutunak, zirriborroak eta beste hainbat oroigarri.

Makina bat urte joan dira Segundo Olaetak 1927an “Elai Alai” dantza taldea sortu zuenetik Gernikan, eta dezente asko gero 1948an Euskal Ballet eta Dantza Klasikoen lehen akademia ireki zuenetik Bilbon.

Sartu-irtenen bat merezi duen erakusketa da segurutik, bai euskal dantzak zein momentu eskasetan lortu zuen mailarik gorenaz jabetzeko, eta baita inoren laguntzarik gabe familia baten ahalegin kementsuak zein lan eskerga eragin dezakeen konturatzeko ere.

Hirurogei urte luzez Olaeta Balleta izan zen --Parisen, Londresen zein New Yorken zehar--  euskal dantzaren nazioarteko ordezkaririk nagusiena. Humprey Bogart eta Lauren Bacall izan zituen inoiz aurkezle eta West Side Story taldeko dantzariak lagun. Euskal barrutian,  berriz, Guridi, Arambarri, Aita Donostia, Sorozabal eta Olaizola musikagileekin zein Uzelai, Gezala eta Ramos Uranga pintoreekin izan zuten harreman esturik.

Nik indarrean ezagutu nuen Bilboko dantza-eskola 1960ko hamarkadan. Ordurako Segundok makilaz ziharduen eta Bittor zein Lide seme-alabak aitaren jarraitzaile sutsu ari. Akademia 2007an itxi zen, Victor Olaetaren heriotza ostean,  eta 2008an familiak Bizkaiko Aldundiaren esku utzi zuen koreografia-altxor guztia.  Boulevardekoa hamarren bat besterik ez omen da.

Bittor Olaeta

Victor Olaeta

Olaeta Balleta

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: