Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Albisterik ez frontean

Albisterik ez frontean

Amatiño 2023/03/18 20:00
Europar Batasunak adostua du 2050 urterako zero karbono-isuriak lortzeko erronka. Zer ez dugun nahi ba omen dakigu, zer nahi ote dugun… ez horrenbeste. Zer izango dugun, ezin ordea erabat asmatu. Izan ere, inork jakin al dezake, hogeita zazpi urte lehenago, zein izango ote den 2050eko energia berria?

Europar Batasunaren (1) Estatuak bat datoz 2050 urterako karbono-isuriekin amaitu beharraz. Erabateko adostasunik ez dago, ostera, helburu hori lortzeko metodoaz. Indar nuklearrak sortzen duen eztabaida baztertuz gero (2), eta laburtu beharraren beharrez, bi dira, oro har, mahai gainean dauden bide ezberdinak.

Batetik dira, bete-betean argindarra (3) eta energia berriztagarriak baino gogoan ez dituztenak, nahiz nork bere kolkora esan eta ahopeka jakinekotzat jo, siderurgia, garraio astunak, hegazkinak edo itsasontziak nekez jardungo direla argindar eta berriztagarri soilez. Eta, hala ere, bestelako aukerak eragozteko eta debekatzeko gertu daudenak.

Bestetik, berriz, argindar berdea eta energia berriztagarrien etorkizuna ukatzeke, teknologiak eskaini ditzakeen proposamen berrietan zeharo sinetsi eta “neutralitate teknologikoa” (4) aldarrikatzen dutenak. Alegia, jarri ditzagun jarri beharreko helburuak, baina ez teknologiarik mugatu, ez aldez aurretik agindu lortu beharreko xedeak zein teknologiaz erditsi. Hots, utzi teknologiek euren gisara bidea egin dezaten, euren artean lehia daitezen. Ez dago alternatibak elkarren lehian jartzerik baino hoberik, irtenbiderik onena atera dadin.

Teknologiak gero eta lasterrago ari

Orain 27 urte benetan jende gutxik zekien posta elektronikoa zer arraio izan ote zitekeen, eta gutako inork ez zeukan smartphonik. Gaur egun, ostera, edozein eskola-umek darama bat soinean, eta ez beti merkeena.

Mesopotamiako asiriar gerlariak (K.a. 2.500) eta lau mila urte geroagoko tropa karlistak (1833-1876) abiadura berean mugitu izan ziren, zaldiarenean, bizkorren. Ehun urte geroago baino ez, Lehen Mundu Gerran (1914-1916), tankeak eta hegazkinak elkarren aurka aritu ziren. Eta mendea amaitu aurretik, Golkoko Gerra (1990) ETBn ikusi ahal izan genuen zuzen-zuzenean (5). Gure aita (1908-2000) zenak biak ezagutu zituen, Lehen Mundu Gerra eta Golkokoa.  Eta aitonak (1843-1931), berriz, azken Karlistadaren zalditeriak eta Lehen Mundu Gerrako hegazkin-andanak. Teknologia lasterren miraria.

Etorkizuna egin egiten da

Lehen Mundu Gerra aipatu dugunez, adierazgarri gero, nazioarteko onenaren Oscar saria jaso duen “Albisterik ez mendebaldeko frontean” filmean, bi militar alemaniarren arteko solasaldia:

 Zer asmo duzu gerraosterako?

 Nire familiak zaltoki-tailerra du-eta, bertan lan egin.

 Zaltokiak?

 Bai, zaldi-gainean ibiltzeko jarlekuak.

 Tira, negozio polita… eta etorkizun handikoa!

Zaltokien etorkizuna... sekulakoa nonbait. Garai berean edo, Antzuolatik Zumarragarako mendi-bidea elurretan gurutzatu ahal izateko, bazen Antzuolan behi-gurdiak alokatzen zituen baserririk, orduko autoak Deskargan zehar narrasean eramateko. Aldundiak porlanezko errepidea egin zuenean, baserritarrak zera esan omen zuen: “zertarako baina? Horrela lanpostuak gutxitzea baino ez da-eta lortuko”. Baina, antza, errepide kaxkarrak ezusteko lanpostuak sortarazi zituen, ondotik ordainpeko autobidea etorri baita.

Etorkizuna asmatzea ez da, itxuraz, erraza. Inor ausartzen al da, benetan, 27 barru ohikoak izango diren erregai-mota berriak iragartzen? Eta “Dena edonon aldi berean" balitz?

Bitartean, albisterik ez mendebaldeko frontean… oraindik.

---oo0oo---

1) Munduko biztanlegoaren %5,6.

2) Askotxo baztertzea bada ere.

3) Ziklo konbinatuetan gasez lortutako argindarra ez, behintzat. 

4) “Neutralitate” kontzeptua ez ezik, “inklusibitate” adiera ere hasia da erabiltzen teknologia nahiz energia arloetan.

5) Soinuaren abiadura gainditu eta ilargira iritsi ondoren.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: