Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / ETBk “changes the world”

ETBk “changes the world”

Amatiño 2022/06/11 09:00
Golkokoa (1990) izan zen sekula telebistaz eta zuzenean munduak ikusi zuen lehen gerra. Sidney Pike CNNren nazioarteko programaburuak esan zuenez: “we changed the world”. ETBk ere irudi haiek zuzenean eskaini zituen, Jasone Aretxabaletak audioa ingelesez jaso ahala euskal itzulpena egiten zuen bitartean. Geroztik, nago CNNen eredua baino, ETBrena ez ote den mundua aldatzen diharduena.
ETBk “changes the world”

Mikel Reparaz

ETB gogotik aldatu da azken 40 urteotan. Aldaketak hainbat eremutan izan dira baina, egunero ikusiagatik ohikotzat edo normaltzat jo arren, nazioarteko informazioa da, segurutik, aldaketarik nabarmenenak izan dituen arloa.

Golkoko Gerraren garaian ETBk ez zeukan nazioartean tokian tokiko berriemailerik. Informazioa, bideo fisikotan trinkotua, Visnews agentziak bidali izaten zuen, Londresetik hegazkinez; eta Bruselatik lanari ekin zion lehen kazetariak ez zekien euskaraz.

Hainbat hamarkada geroago, ETBren albistegiak gero eta hobeak dira eta, duela zenbait urte euskal telebistak pairatu zuen “gaztetxo”-andana koskortzeaz gainera, ondoren loratu den belaunaldi berria benetan trebea eta trebatua da. Berriketarik gabekoa.

Arlo guztietan gertatzen ari den gorantzako garapen hau biziki nabaria da nazioarteko informazioan, eta azken bolada honetan jaso diren gertakariek –nazioarteko pandemia eta Ukrainako gerra adibide zoliak kasu— aurretik zetorren hobekuntza azpimarratzeko aukera aproposa baino ez dute eskaini.

Mikel Reparazen ardurapean, Mikel Ayestaran, Oskar Epelde, Ane Irazabal, Arantxi Padilla, Nerea Reparaz, Ane Roteta, Olatz Simon, Amaia Uribe eta Olatz Urkia kazetariek osatu izan duten saila ez da, soilik, ETBn inoiz izan den nazioarteko talderik onena, baita hainbat telebista handizkikoenekin nasai asko erkatzeko modukoa ere.

Golkoko Gerraren zuzeneko emanaldiak mundua aldatu omen zuen, lau ideia nagusi antenaratu zituelakoan: 1) Satelite-seinaleen pribatizazioa, ordu arteko EEBBetako armadaren monopolioa hautsiz. 2) Munduko ikusentzuleria batu, 1.500 milioi lagun aldi berean elkartaraziz. 3) Ingeles hizkuntzaren nazioarteko sasi-ofizialtasuna finkatu, eta 4) Mendebaldeko zibilizazioaren nagusitasuna aldarrikatu. Horrek guztiak eman zion, antza, Sidney Pike zuzendariari “we changed the world” harro asko oihukatzeko aitzakia.

Hogeita hamar urte luze geroago, "the world keeps changing",  munduak aldatzen darrai. Eta ez, behar bada, Sidney Pikek nahi lukeen ildotik. Izan ere, auskalo 1990eko sateliteen oligopolio-ereduak balio ote duen telebista-albisteak WhatsAppez bidali daitezkeen garaietan; gero eta ikus-entzule gehiago aldi berean biltzeko joera kolektiboa maldan behera doa; eta, ingelesaren nagusitasunak indarrean dirauen arren, ez dirudi ekialdeko zibilizazioak amore emateko gertu daudenik.

ETBk "changes the world".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: