Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Gernikako Arbola”, mokofinaren eta komediantearen arteko doinua

“Gernikako Arbola”, mokofinaren eta komediantearen arteko doinua

Amatiño 2020/05/15 22:40
Altuna musikagile, organo-jotzaile eta hainbat eresi-sortzaile “mokofinari” kristoren pena emango zion, segurutik, berak landu, moldatu eta eskutan erabilitako pentagramarekiko lankidetza inoiz inork ez kontuan hartzeak; eta Iparragirre kantari eta “komeriante” samarra, ordea, sekula ez zen askorik arduratuko, auskalo noiz eta nola bururatu ote zitzaion doinu haren nondik norakoaz.
“Gernikako Arbola”, mokofinaren eta komediantearen arteko doinua

Iparragirre

Juan E. Delmas
Delmas
“Aresti, Iparragirreren alde” idatzi nuen aurreko batean, Txistulari aldizkarian (1970?) azaldutako Gabriel Aresti eta Inocencio Ledesmaren arteko eztabaidaz: Iparragirre ala Altuna, bietako nor izan ote zen  Gernikako Arbola ereserkiaren musikagilea?

Eztabaidak ez du sekula joko handirik eman Gipuzkoan, garrantzitsuena letraren autoretza delakoan-edo, baina ez zen inondik ere berria Bizkaian, non Juan B. Delmas kazetariak “Irurac-bat” (1854) aldizkarian aldarrikatu zuen Altunaren autoretza, ondoren Antonio Manuel Arginzoniz historialariak, “Unión Basco-Navarra” aldizkarian (1890-12-14/21), eta geroxeago, Delmasek berak, ostera ere, bere Biografia Universal de Claros Varones de Vizcaya* (1892) bilduman, Juan Maria Altunari dagokion sarreran.

Aresti buru-belarri sartu izan ez balitz, Gernikako Arbolaren letraren zein musikaren autoretza Iparragirreri atxikiz, eztabaidak ez luke jarraipenik izango, Gipuzkoan nekez aurkitu baitaiteke musikaren erabateko egiletza Iparragirreri seguru-seguru leporatzen dionik, eta Bizkaian, berriz, ez dago Altunari letra egozten dionik. Baina Arestik bien egiletza opa izan zizkion Iparragirreri, eta horretarako behar izan zuen Altunaren musika-maila gutxietsi eta Iparragirrerena aupatu.

Arrillaga txikia
Arrillaga

Hala ere, Iparragirrek Altunari musika-trebetasunik ukatu arren, jakinekoa da durangoarra Lekeitioko Eliza Nagusiko organo-jotzailea izan zela, bertako abesbatzaren sortzaile eta zuzendari, eliza-giroko edozenbat sonata, 'nocturno' eta moteteren egile, eta herri-giroko hainbat polka, mazurka, bals eta zortzikoren sortzaile. Baita, aldi berean, Liszt, Chopin, Haydn, Weber, Beethoven eta Mendelssohn maisuen interprete ere. Egia da, Arestiri jaramonik eginez gero, Altuna ez omen zela puntu bakoitzaren silabak kontatzeko gauza ere, baina Aresti… Aresti zen, areago elizgizon-kontuetan.

Delmasi irakurriz gero, ostera, “sus zortzikos (Altunarenak) eran tan bellos, tiernos y característicos, que se los arrancaban de las manos y andan todavía dispersos y atribuidos a autores diferentes, del mismo modo como anduvo el popularísimo himno Guernicako arbola, que compuso en 1853, engañosamente atribuido a Iparraguirre, porque lo cantó éste y divulgó en sus correrías por Europa y América, sin que jamás declarase el nombre del autor”.

Nonbait Dalmasek ez du zalantza izpirik doinua Altunarena zenaz, “porque se lo oí cantar al mismo Altuna en mi casa y me regaló el original manuscrito que pereció en el incendio de mi biblioteca”. Baina, gehienbat, amorrua ematen diona zera da, Iparragirrek ez zuela sekula, inon, Altunarik aipatu.

Altunaren partaidetza, zehaztu ezina

Jakinekoa, gero, Iparragirrek eta Altunak elkarrekin aurkeztu zutena estreinako Gernikako Arbola Madrilgo San Luis kafean, 1853 urtean. Baina ez dut uste gaur egun dagoenik, bertsoak Iparragirrek asmatu izana ukatzen duen inor. Eta, alderantziz, ia 150 urte geroago, ez dirudi inor dagoenik doinua nork asmatu ote zuen froga dezakeenik.

Arrillagarena

Nahiz Salvat (1945) eta Espasa (1970) entziklopediek iruzkin laburretan adierazi, Iparragirre izan zela letraren zein musikaren egilea, Antonio Arrillaga mediku elgoibartar ospetsuak jasotako 650 orrialdeko bilduman (Lo que se ha dicho de Iparraguirre / Iparragirre'ren-gan esan diranak. Elgoibar, 1953), ez da hain argi geratzen. Zer esanik ez, bigarren argitaraldia  Bizkaian atera zenez gero (Bilbo, 1967).

Zenbait kasu gutxitan bati zein besteri egokitzen zaien arren egiletza, sarrien aipatzen den azalpena bien “lankidetza” da. Bada zalantzan jartzen duenik Iparragirre gai izan zitekeenik ere 5X8 eta 6X8 konpasak bere kasa bereizteko; bada segurtatzen duenik “konponketak” edo “armonizazioak” Altunak baino ezin izan zituela egin; eta Jose Manterola donostiarrak (lehen euskal kantutegiaren biltzailea eta XIX. mendearen amaieran euskal kultura zein literatura-mugimenduaren sustatzailerik nagusienetakoa) esan zuen, 1898 aldera: “Según parece, fue puesta en música (o quizá arreglada bajo la inspiración del autor de la letra) por un modesto pero estimable compositor, don Juan José Altuna”. Zentzu berean edo, Angel Cruz de Jaka historialari zumarragatarrak dio Altuna konposatzaileak “Iparragirreren inprobisazioak pentagramaratu” zituela (Iparragirre. Bere heriotzaren mendeurrenean. Donostia, 1982).

Laburbilduz, eta hau nire sasi-susmoa besterik ez da, segurutik Altuna musikagile, organo-jotzaile eta hainbat eresi-sortzaile “mokofinari” kristoren pena emango zion berak hain maitekiro landu, moldatu eta eskutan erabilitako pentagramarekiko lankidetza inoiz inork ez kontuan hartzeak; eta Iparragirre kantari eta “komeriante” samarra, ordea, sekula ez zen askorik arduratuko, auskalo noiz eta nola bururatu ote zitzaion doinu haren nondik norakoaz.

                                     Sinadura

**Biografía Universal de Claros Varones de Vizcaya (1892)" liburuak daraman tituluak dioena dioen arren, zerrendako lehen bizkaitar ospetsua María Josefa de Aedo (1766-1805) ermuarra da, eta ez da emakume bakarra, zinez, benetan, urri badira ere. Gipuzkoarrik ere bada, Javier María Munibe e Idiaquez azkoitiarra kasu, arbasoak bizkaitarrak izaki, Markinan ehortzia izan zelako, Xemeingo Andre Mariaren elizan. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: