Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aresti, Iparragirreren alde

Aresti, Iparragirreren alde

Amatiño 2020/03/22 00:55
Segurutik gutako inork ez du zalantzan jartzen Iparragirre Gernikako Arbola kantaren egilea izan zenik, baina, harrigarri bada ere, 1970eko hamarkada bazen, Bizkaian batez ere, Iparragirreren musika-autoretza ukatzen zuenik eta meritua Juan Mari Altuna durangarrari opa nahi zionik. Besteak beste, Inocencio Ledesma ikertzailea zenak. Eta Iparragirren alde, berriz, Gabriel Aresti.
Aresti, Iparragirreren alde

Iparragirre

Juan Maria Blas de Altuna y Mascarua Durangon jaio zen 1828an eta Lekeition hil, 1868an. Organoa jotzen ikasi zuen jaioterrian bertan. Gero, Madrila joan eta Hilarión Eslava, musikari nafar ospetsuaren ardurapean, gehiago lantzeko aukera izan zuen. Handik Lekeitiora itzuli eta luzaro bertako organo-jotzailea izan zen. Hala ere, lantzean behin, Madrila abiatu ohi zen eta joan-etorri haietako batean Iparragirrerekin tope egin eta, hain zuzen ere, elkarrekin jo zuten estreinako “Gernikako Argola”, 1853an, San Luis kafean; urretxuarrak kantatu eta durangarrak pianoz lagundu.

Esan beharrik ez, Gernikako Arbola kantak bi parte bereziak eta bereiziak dituela: letra eta musika. Behar bada Ledesma musikariak garrantzi gehiago ematen zion musikari eta Aresti poetak, aldiz, letrari. Gabriel Arestiren* ustez, eztabaidatik kanpo gelditzen da letraren egiletza, Iparragirre bertsolaria baitzen (“malo, pero bersolari” dio) eta Altunak, aldiz, ez omen zekien “cuántas sílabas debe tener cada punto”... nahiz Lekeition koru bat sortu eta edozenbat eliza-kanta burutu, zenbait sonata eta motete tarteko. 

Ledesmaren datuen arabera, kantaren jatorrizko musika-eskuizkribua Altunak eman omen zion Juan Delmas kazetari bilbotarrari, nahiz gero, ezusteko sutean erre. Arestik erantzungo dio, berriz, arte eta parte izaki, Altunaren hitzak ez duela batere baliorik, areago froga bakarra suteren batean –kasualitatez nonbait!— erre zenez gero.

Baina Aresti haratago joango da eta esan, letra ez ezik musika ere, Iparragirrerena dela, eta ez Altunarena. Horretarako, arrazoi bi azalduko ditu. Lehena, doinua ez dela inondik ere ona, zehatz eskasa baizik: “una de las más ramplona y rateante de las tonadas que el romanticismo haya escrito para Vasconia”. Alegia, hain erdipurdiko doinua burutzeko ez zela musikari lar ona izan beharrik. Bigarrena, Iparragirre musikari ere bazela, ez ona, baina musikaria. Horretarako, Xenpelarren bertsorik ezagunenetakoa azalduko du frogatzat:

Iparragirre abilla dela, askori diot aditzen.

Eskola ona eta musika, ori oiekin zerbitzen.

Ni ez nazu ibiltzen komeriante moduan,

Debalde besta preparatzen det, gogoa dedan orduan.

Eskola ona eta musika, bertsolaria gainera.

Gu ere zerbait izango gera, orla ornitzen bagera.

Atoz gure kalera, baserritar legera, musika oiek utzita,

Errenterian bizi naiz eta egin zaidazu bisita.

Segurutik argudio onak Arestik erabili zituenak baina, Iparragirren alde egin beharraren beharrez, nago ez ote zuen jo eta pasa egin. Arestiri jaramonik egingo badiogu, lirudike Iparragirrek bat-batean bota zituela bertsoak, harako San Luis kafean. Baina, horratik, inork ez du ukatzen gau hartan Madrilen zeuden euskaldun asko bertara hurreratu zirenik, Iparragirrek zerbait berezirik kantatuko zuelakoan; eta are ahazten, Altuna izan zuenik laguntzaile pianoan.

Edozein modutan, Arestiren iritziz, "Gernika Arbola" ereserkiaren benetako balioa ez datza doinuaren edo bertsoen kalitatean, darion espirituan  baizik: "el espíritu que se desprende de ella y ha hecho que todo vasco se sienta prendido en los pobres puntos de sus zortzikos menores <...> para hacer de una tonada más que vulgar y de unos versos mal improvisados, el mas grande canto a la libertad y a la paz que el mundo ha conocido"...

Eskerrak, gero, Aresti abertzale ez zena!

 

*Acerca de la legitimidad de Iparraguirre sobre el himno vasco Gernikako Arbola. TXISTULARI aldizkaria, datarik gabe.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: