Roberto Arlt Euskal Herrian (II)
Roberto Arltek literaturaz eta liburuez idatzitako hainbat aguafuerte irakurtzean, pentsatu nuen Río de la Plata eta Volga ez daudela geografiak betidanik marraztu izan duen bezain urrun, bien urak, behin nahastu eta gero, ondo konpontzen direla, eta koktel gozo-gozoa atera daitekeela, probetxuzkoa. Horregatik duzue hemen euskaraturik Roberto Arltek liburuei buruz idatzitako artikulua 1930ko otsailaren 26an:
(Argazkia: Buenos Aires 1930eko hamarkadan)
LIBURUEN ALFERRAZIrakurle batek idatzi dit:
"Asko interesatuko litzaidake idatziko bazenu artikuluren bat gazteek irakurri behar dituzten liburuei buruz, gazteek beraiek ikas dezaten eta existentziaren kontzeptu argi eta zabala eraiki (ez kanpoan utziz, jakina, bizitzaren esperientzia propioa)".
EZ DIOZU EZER ESKATZEN GORPUTZARI...
Ez diozu ezer eskatzen gorputzari, irakurle maite hori. Baina, non bizi zara? Uste duzu zuk, minutu batez, liburuek irakatsiko dizutela "existentziaren kontzeptu argi eta zabala" eraikitzen? Oker zabiltza, lagun hori; oker aski da esan arte. Liburuek hondatu egiten dute gizona. Irakurtzen duen gizon zoriontsurik ez dut ezagutzen. Eta adin guztietako lagunak ditut. Ezagutu ditudan pertsona existentzia gutxi gorabehera konplikatukoek irakurtzen zuten. Asko irakurri, tamalez.
Liburu bat egongo balitz, adi egon, liburu bat egongo balitz existentziaren kontzeptu argi eta zabala eraikitzen irakatsiko duenik, liburu hori esku guztietan egongo zen, eskola guztietan, unibertsitate guztietan, ez zen etxerik egongo eskatzen duzun liburu hori ohorezko apalean izango ez zuenik. Konturatzen zara?
Ez zara oraindik konturatu jendeak irakurtzen duela liburuetan egia aurkitzea espero duelako. Eta liburu batean aurkitu ahal den gehiena da egilearen egia, ez gizon guztien egia. Eta egia hori erlatiboa da... egia hori hain da txikitxoa.... ezen beharrezkoa dela liburu asko irakurtzea liburuak mesprezatzen ikasteko.
LIBURUAK ETA EGIA
Kalkula ezazu, Alemanian urtero 10.000 liburu gutxi gorabehera argitaratzen da, espekulazio literarioaren mota guztietakoak; Parisen gauza bera gertatzen da; Londresen, idem; New Yorken, berdin.
Pentsa ezazu hau:
Liburu bakoitzak egia bat izango balu, lurreko azalaren gainean egia berri bakar bat, gizonek eskuratutako zibilizazio moralaren maila kalkulaezina izango litzateke. Ez al da horrela? Baina pentsa ezazu Alemania, Ingalaterra, Frantzia eta nazio kultu horietako gizonak ari direla orain eztabaidatzen armen murrizketa (ez nahastu armen ezabatzearekin). Izan zaitez zentzuzkoa une batez orain. Zertarako balio du herriko hamar mila liburuko kultura horrek, urtero lurralde horietako biztanleen buru gainera isuria? Zertarako balio du kultura horrek, 1930ean, 1914ko gerra hondamenezkoaren ondoren, izua sortu beharko zuen arazoa eztabaidatzen bada?
Zertarako balio izan dute liburu horiek, esango didazu? Nik, bene-benetan, adierazten dizut ez dakidala zertarako balio duten liburuek. Ez dakidala zertarako balio duen Ricardo Rojas jaunaren lanak, Leopoldo Lugones jaunarenak, Capdevila jaunarenak, herri honetaz bakarrik hitz egiteagatik.
IDAZLEA LANGILE MODUAN
Ezagutuko bazenu literaturaren azpia konturatuko zinateke idazlea dela idazteko lanbidea duen gizona, beste gizon batek etxeak egitekoa izan ahal duen bezala. Ezer ez gehiago. Etxegilearekin dagoen desberdintasun bakarra da liburuak ez direla etxeak bezain baliagarriak eta gero, gero etxegilea ez dela idazlea bezain handiustea.
Gure garaietan, idazleak uste du bere burua dela munduaren zilborra. Nahi duena egiten du. Iritzi publikoa engainatzen du, modu kontzientean edo inkontzientean. Ez ditu bere iritziak berraztertzen. Uste du idatzi zuena egia dela berak idatzi zuelako bakarrik. Bera da munduaren zilborra. Familiari idazteko ere zailtasunak dituen jendeak uste du idazlearen mentalitatea bere lagun hurkoena baino hobea dela eta liburu eta egileei buruzko iritzi okerrak ditu. Guk guztiok, idatzi eta sinatzen dugunok, ogia irabazi beharra daukagu. Ezer ez gehiago. Eta ogia irabazteko, ez gara beldur zuria beltza dela esan behar badugu edo alderantziz. Eta, gainera, batzuetan barre egiteko zinismoa dugu edo jenioak garela sinesten dugu.
DESORIENTATZAILEAK
Idazten dugun gehienok iritzi publikoa desorientatzen dugu. Jendea egiaren bila dabil eta guk egia okertuak ematen dizkiogu. Beltzaren ordez zuria. Aitortzea mingarria da, baina horrelakoa da. Idatzi egin behar da. Europan egileek haien publikoa dute: publiko horri liburu bat urteko ematen diote. Zuk uste duzu, fede onez, urtebetean egiak izango dituen liburu bat idazten dela? Ez, jauna. Ez da posible. Liburu bat urteko idazteko ergelkerietan ibili behar da. Gauzak leundu. Orrialdeak esaldiz bete.
Lanbidea da, "le métier". Jendeak produktua jaso eta uste du kalitate ona duela esku artean, baina faltsifikazioetan inspiratutako beste faltsifikazio batzuen faltsifikazio txarra baino ez du.
KONTZEPTU ARGIA
Existentziaren "kontzeptu argi bat" eraiki nahi baduzu, bizi zaitez. Pentsa ezazu. Aritu. Ez engaina zure burua, aitzitik, ikas eta azter ezazu. Zure burua ezin hobe ezagutuko duzun egunean gogora ekarri esaten dizudana: liburuetan ez duzu harrituko zaituenik ezer aurkituko. Zuretzat dena zaharra izango da. Kuriositatez liburuak eta liburuak irakurriko dituzu eta iritsiko zara beti bukaerako hitz saihestezin honetara: "Baina hau banuen nik jadanik pentsatuta". Eta ez da zuri zerbait irakasteko libururik egongo.
Azken gerra honetaz idatzi direnak salbu. Dokumentu tragiko horiek ezagutzea merezi du. Gainerakoa papera da...
Bistan da, eta oso ezaguna, guk orain Lehen Mundu Gerra deitzen duguna eragin oso handia izan zuela jendearengan. 14ko Gerran edo Gerra Handian, horrela deitzen zuten haiek, egondako sarraskiak jende asko beldurtu zuen. Pentsatzen zen basakeriaren goien gradora iritsia zela gizartea. Zelako inozoak, ez? Gero Bigarren Mundu Gerra heldu zen, Gerra Hotza, eta orain XXI. mendearen hasieran dugun mundu gozo hau. Liburu asko idatzi ziren Gerra Handiaz, gerran bertan, gerra bukatzean, Alemanian eta Austrian batez ere, baina baita ere Ingalaterran edo Frantzian. Hona ekarri nahi dut (hiperesteken bidez bakarrik bada ere) Wilfred Owen ingelesaren poemak, agian Benjamin Britten musikariaren lan bikain baten bitartez ezagutu nituelako, The War Requiem ospetsua. Brittenek Bigarren Gerra bukatzean konposatu zuen lana, baina testuak aukeratzerakoan Owenen poemetara jo zuen, 14ko Gerran idatziak. Owen gerra bukatu baino aste bete lehenago hil zen. 30 hamarkadan jendea pesimista zen, argiegi ikusten zen zetorrena ez zela gozoa izango. Roberto Arlt ere pesimista zen, eszeptikoa. Gaur egun liburu eta zutabe askok errepikatzen digute gizon-emakumeak funtsean on-onak garela, bizitza polit-polita dela eta abar. Volgako Batelariok behin baino gehiagotan aritu gara arazo horretaz. Ezagun batzuek buenismoa deitzen diote euskal literaturan, eta beste literatura askotan, nagusitzen ari den joera honi. Gezurra dirudi, zeren XX. mendeak ondo erakutsi baitigu gizon-emakumeok gai garela gure arbasoen basakeria maila erraz gainditzeko. Baina idazle batzuek gauza horiek ahantzi dituzte, eta esaten digute gu guztiok ardiak bezain bakezale eta bihotz oneko garela (Bush eta udalak bidaltzen duen giza laguntzaile pare bat kenduta). Roberto Arlt ez zen hain inozoa, berarentzako jende gaiztoa ere bazen; are gehiago, jende neutroa ere bazela esaten digu 1929ko abuztuaren 11an argitaratu zuen artikulu batean. Ez dakit Arltek arrazoia izango duen ala ez, baina gustatzen zaidana da behintzat saiatzen dela arazoa zerbait argitzen eta ez diola ihes egiten etika, edo morala (nahi baduzue, eta beldurtzen ez bazarete hitzarekin) zehazteari. Hemen dago artikulua:
ZERBAITENGATIK GARA MESFIDATIAKNola sentitu behar du gizonak engainatua ez izateko? Zer nolako arauek zuzendu behar dute jendearen bizitza igoezinak diren egoeretara ez jaisteko?
Nire buruari egin dizkiot galdera horiek eta uste dut irakurle askori interesatuko zaizkio, zeren atzo gertaera bitxi baten lekuko izan bainintzen. Lagun batek deskubritu zuen haren fede osoa zuen pertsona batek engainatzen zuela aspaldidanik.
Aurreko egunetan ere bai, beste lagun batek kontatu zidan fidatzeagatik pairatu zuen desleialtasuna. Eta horrela, gauzak ikusten diren neurrian, gure ilusioak zapuzten dituzten gertaerak baino ez daude gure inguruan. Eta orain dela ez asko entzun nion pertsona bati, eskuak lokietan eta etsita:
-Baina, orduan, norengan sinetsi ahal da?
Bai galdera eder eta tristea galdera hori! Norengan sinetsi ahal da?
Nik, ziniko moduan agertzearen arriskua harturik, ezin dela inorengan sinetsi esango dut.
Basoa
Herrietako bizitza sinplea zen eta konplikazio handirik gabekoa. Hiria, ordea, harrizko basoa bezalakoa da, non kobazulo bakoitzean basapiztia izkutatzen baita harrapakinaren zelatan.
Gizon-emakume gehienak nobleziarik gabe bizi dira, duintasunaren zentzurik gabe, idealik gabe. Zentzumenen menpe bakar-bakarrik bizi dira, eta zentzumenek arrastaka eramaten dituzte haizeek hodei arinak bezala. Gaur norabide bat, bihar beste bat. Errukirik gabe bizi izaten da.
Behin idatzi nuen, egun hauetan, guri, gizonei tokatu zaigula errukitasunaren ilunabarra ikustea. Egia da hori. Basapiztiek beraiek duten baino basakeria gehiagorekin bizi da, gupidagabeki, zinikoki. Mendearen gaitza? Ergelkeriak! Nik uste hau dela esaldien mendea. Egia esan, arima sentikor guztiek dute aurrez aurre nahitaez arazo bakar hau: Norengan sinetsi ahal da? Norengan sinetsiko da?
Eta egia dena da ezin dela inorengan sinistu. Idazten ari naiz eta entzuten ditudan aitorpenak buruan ditut, hain dira larriak ezen, ahal izango banu, erabiliko nituela guztien interesa izango zuten artikuluak osatzeko.
Guri guztioi dagokigun gaiak zutik dirau: Norengan sinetsi ahal da?
Ezagupenaz
Uste dut eskoletan beharrezkoak ez diren gauza azaleko asko irakasten direla; eta, era berean, uste dut arazo larri baten aurrean dauden ia guztiek ahaztu dituztela bizimodu zehatz batzuk.
Pertsona argi asko aurkitzen du batek; baina pertsona argi horiek guztiek ez dute behaketaren dohainik. Ez dute analizatzen, ez pentsatzen. Egia absolututzat hartzen dutena da gauza bati buruz eratu duten ideia baten ohitura. Horrela, batek askotan entzuten dio jendeari esaten:
"Oso ona da Urlia, bai!" Esaten da Urlia oso ona dela lapurtzen ez duelako, hiltzen ez duelako eta, antza, zentzutik kanpo bizi ez delako. Baina hasi zaitez "Urlia oso ona" aztertzen; har itzazu kontuan haren ideien nolakotasuna, eta ideia horien oinarria, antzemateko xehetasun guztiak, eta bat-batean ikusiko duzu nola Urlia suntsitzen den arin-arin, egiaztatuko duzu harriturik nola desegiten den ontzat hartzen zenuen nortasuna, eta ontasun horren ordez agertuko dira arinkeria, axalkeria, iritzien sendotasunik eza; eta orduan, sinetsi, pertsona hori ez da ona.
Eta ez da ona zeren harengan ez baitago gaizkiari aurre egin ahal izateko inolako osagairik. Hau da, orduan, izpiritu gaiztoak daudela, neutroak (edozein unetan gaizto bilaka daitezkeela, alegia) eta onak; azken horiek dira gaitzesgarri denari dikea eraiki diotenak.
Orain gertatzen dena da gizon gehienek izpiritu neutroak dituztela. Edozein haizeren menpe daude. Erortzen ez badira, kasualitatez da, edo beldurrez.
Ez dut sinesten
Oscar Wildek zioen, Sir Douglas-i idatzitako gutunean, ezagutzen zuen biziorik handiena arinkeria zela. Eta ez zegoela bizio arinik.
Idazle espetxeratuaren esaldia irakurri nuen lehen aldiz oso ederra zela esan nuen. Beranduago bakarrik ulertu dut egia gehiegi duela esaldiak eta, egiatan, ez dagoela bizio arinik; ez dela sutea beharrezkoa bolborategia eztanda egiteko, nahikoa dela txinparta bakar bat; eta bizitzan izpiritua balioetsiko lituzketen aparteko gauzak horrelakoak direla eta gizona ondo epaitu ahal dela bakarrik haren arintasun txikia kontuan hartzen bada. Eta azaleko gauza bati buruz emandako iritzia benetakoa zela, horixe bera aitortzeak min ematen badigu ere. Horregatik ni prest nago aldarrikatzeko ez garela inolaz ere fidatu behar haren ideiekin bat datorren bizitza sendotasunik erakusten ez duen gizakiaz. Aldakorkeria, edozein iritzitan alderdikeria, norberekeria, edo "niri bost axola" erakutsi digunaren aurrean gaudenean hobe dugu mesfidati izatea. Geroko ekintzek gure ondorioak ezeztatu ahal dituzte, baina gure bizitzan funtsezkoa den unea iristen da eta, bat-batean, bizitzak kale egiten du. Orduan kexatzen gara eta esaten dugu: Bihotzak esaten zidan
Nola bizi orduan? Uste dut orain dela urte batzuk beste era batera bizitzea posible zela. Gaur egun bizi zaitez beti adi-adi, aiduru. Ibil zaitez mundutik zure lagun hurkoak espektakulu bezala behatzen, ikusiko duzu zenbat berritasun zahar deskubritzen duzun. Ez al da hotza eta desatsegina horrela bizitzea? Horrela plazer garbiena garrazten dela? Egia da; baina gogoan izan giza natura horrelakoa dela, ez dago indarrik aldatu ahal duenik. Horregatik bizi izan diren gizon-emakumeengan irribarre triste, etsitu, eszeptiko hori aurkitzen dugu. Urteek irakatsi diete ezer ez sinesten, izugarria; baina horrelakoa da.
Gaur egun gai hutsalei buruzko hainbat zutabe hutsal irakurtzen dugula harrigarri egingo zaio askori beharbada hori guztia baina Arltek zioen bezala: nik ez dut errurik.
Oharra: hurrengo kapituluan Roberto Arlt Euskal Herrira iritsi eta Euskal Herriaz mintzatuko da. Zin dagit.