Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Han goitik itsasoa ikusten da: kritika saioa

Han goitik itsasoa ikusten da: kritika saioa

Angel Erro 2005/04/19 11:30
Julen Gabiriaren "Han goitik itsasoa ikusten da" bigarren nobelaren kritika-saiakera logiko-filosofikoa dugu hau, non frogatzera saiatuko baita liburu hau aldi berean ona, hobea eta ez-nahikoa dela, non zinema italiarraz eta Troiako gerraz arituko baita, non literatura jakin bat ahogozatuko baita errepika itsaskor baten medioz, non azkenean denok dextrostix bat egiten baitiogu elkarri, eta non azkenean kritikaria ez baitago batere ziur esandakoaz, baina horra bihoa.

 

HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA. KRITIKA SAIOA

  1. “Han goitik itsasoa ikusten da” liburu ona da.
  2. 1. Liburu hau ondo eramana dago.
  3. 11. Arkitektura lan polita egin da, piezak elkarlotzean.
  4. 12. Oso irakurketa esker onekoa du, erraz jarraitzen da, orrialde batek hurrengora eramaten zaitu oharkabean bezala.
  5. 13. Eszena asko bere gain irakurtzen ahal dira, denbora jauzi ondo lortuak daude. Horrek liburuaren batasunari ezer kentzen ez diolarik. Baina obra estatikoago bihurtzen du, dudarik ez.
  6. 131. Liburuari egin zaizkion kritika batzuetan, beldur dira irakurlea galduko ote den. Bai, benetan?
  7. 132. Plazera da, gaur egun, liburu bat eskutan hartzea, egileari ordu asko galarazi dizkiona.
  8. 1321. Neke hori estrukturan ez ezik perpaus mailan ere hauteman daiteke. Benetako harribitxiak daude espresiobidean.
  9. 2. Liburu hau literarioa da.
  10. 3. Bigarren parteko pertsonaia guztiek bere liburua merezi lukete.
  11. Liburu hau hobea da.
  12. 1. Euskal Herrian ekoizten den gehiengoa baino.
  13. 2. “Connemara gure bihotzetan” baino. Progesio ikaragarria hautematen dut.
  14. 21. Gogoan dut “Connemara gure bihotzetan”-eko eszena bat, non protagonista itsasoaren ondoan esertzen zen eta inmentsitateari edo horrelako zerbaiti buruz hausnartzen zuen. Baina nobelista ez zegoen oso zaildua, hitzak ez zitzaizkion heltzen, eta ez zuen helarazten –iruditzen zait– protagonistaren sentsazioa. Nobela honetan, berriz, egilea hoberendu da hagitz –iruditzen zait–, gai da pertsonaia bat mendira igoarazteko eta itsasoa ikusi duela sinestarazteko, eta pertsonaiak sentitu uste dituen sentsazioen olatuak irakurlearengana helarazteko. Hori ongi dago. Maisutasunaren bortak dira.
  15. Liburu hau ez da bikaina.
  16. 1. Nire iritziz. Beti ere (ez dut lehenago argitu?) nire iritziz dihardut, balio duen gutxitxoan.
  17. 2. Bi gauzak oztopatzen dute larregi.
  18. 21. Pertsonaiek ez dute nahikoa sakonera.
  19. 22. Estilo nire gusturako mengelegian idatzia dago.
  20. Pertsonaien sakoneraz.
  21. 1. Ahalegina sumatzen da pertsonaiek sakonera izan dezaten. Aita-semearen arteko harremana zailduz, familia gerrak hautsietan oinarrituz (Liviarena eta Romanena), bere iragan ameslariari bizkar ematen dion zaharra aurkeztuz (Signora Maria). Baina ez dut uste lortua denik.
  22. 11. Benetan ez dakit zerk eramaten nauen pentsatzera sakonera ez dagoela lortua. Ahalegin hori egon arren, ez dakit zerk dituen lau jarraiarazten.
  23. 2. Pertsonaia guztiak onak dira.
  24. 3. Gaiztoak, atorra beltzak, ez dira pertsonaiak. Edo pertsonaia bakar bat, korala da. Ñabardurarik gabe.
  25. Sugar literature.
  26. 1. Susmoa dut hedatzen ari den joera baten aitzinean gaudela. Unai Elorriagak hasiera eman zion gurean haur literaturan ohikoagoa zitzaigun estilo batez hornitutako helduentzako literaturari.
  27. 11. “Han goitik itsasoa ikusten da”-k asko zor die Elorriagaren bi nobelei, eta sari nazionaldunak darabilen surrealismo poetikoari.
  28. 111. Eta genero berean aritzen direnez, hizkuntza berean idazten eta denboraren segidan bata bestearen atzean (ondo-ondotxoan bada ere) datorrenez, bada Gabiria Elorriagaren epigonotzat jo dezakeen gaiztorik.
  29. 1111. Nobela honetan ere bada atso bat bere etxean hogei bat urteko gazte bat hartzen duena horretarako motibo nabarmenik gabe. Atso hau ere nahikoa txotxolo amaitzen da, hori ere batere oinarritu gabe.
  30. 1112. Atso horretan, Signora Mariaren baitan, itxaro handiak jarrita nengoen. Erantzun sarkastikoak zituen, esne txar puntu eskergarri bat.
  31. 112. Eta beldurra eman dezake eta oharkabekeria iruditzen ahal du hainbesteko antza hartzeak, sarinazionaldun batena, gainera duela hain gutxi izan bada eta irakurlego berean arrakastatsua izan bada.
  32. 113. Epigonoak izan ziren Troia menperatzen saiatu eta lortu ez zutenen semeak. Epigonoek bai lortu zuten Troiara sartzea. Haiei buruz Iliada idatzi zen.
  33. 1131. Persevera per severa, per se vera (eutsi, beraz, gogorra, benetan gogorra izan arren).
  34. 12. “Han goitik itsasoa ikusten da”-ri Benigniren “La vita è bella”-rekin lotura bat baino gehiago ikusten diot.
  35. 121. Gerra edulkoratu zaigu bietan, gaiztoak estereotipoak dira bietan (honetan ez dute izenik ere, multzo bat da), heltzear dagoen askapena bietan. Begirada xamur bat horren guztiaren gainean. Mundu guztia (gaiztoak izan ezik) ona delako sentipenekin bukatzen duzu.
  36. 2. Gerta daiteke hau izatea gure txikitasunetik literatura unibertsalari egiten ahal diogun aportazioa. Literatura light, lau bat. Mundua begiratzeko era laño, errugabe, plastidecor bat.
  37. 21. Eta ulertzekoa da, Euskal Herrian asko sufritu baita. Eta zer egin dezake idazleak horren guztiaren aurrean? Konpromisoa démodé dago, ez du fruiturik eman eta beti da alde bakarrekoa. Irakurlea ere nardatu da euskaraz beti betikoaz irakurri behar izateaz. Goazen, bada, mundu poetiko, surrealista, benefikoetara.
  38. 211. Just a spoonful of sugar helps the medicine go down.
  39. 22. Iruditzen ahal du ironiko izaten ari naizela, eta ez naiz izaten ari. Baina uste dut gauza berari ekiteko modu eraginkorragoak daudela.
  40. 221. Ez naiz errealismoaren alde ekiten ari.
  41. 2211. Eleberri honek berak hizpidera dakarren adibide bat para dezagun. Pasoliniren “Ucellaci e ucellini”. Assisiko Frantziskoaren manuz, belatzak eta txolarreak ebanjelizatzeko txorien lengoaia ikasten duen fraide bat agertzen da, egiatan, eta lortu egiten du, baina hala ere belatz kristautuak jarraitzen du txolarrea hiltzen.
  42. 22111. Surrealismo eta poetikotasuna à la Buñuel, à la Brecht, à la Chaplin, nahiago bada. Zentzuduna. Zentzu hura ezerk ez duela zentzurik bada ere. Izan ere, aipatutako filma honako esaldiarekin hasten da, “Dove va l’umanità? Boh!”
  43. 23. “Han goitik itsasoa ikusten da” eleberriak tesia badu. Irakurlearengana azkenean iristen dena. Guztiak, txikienak ere, garrantzia du. Hutsalari, inork erreparatzen ez dionari erreparatu behar zaio, altxor handiak topa daitezke-eta gutxien espero duzunean.
  44. 231. Hori erakusteak nobela bat merezi du.
  45. 3. Ustezko mengelkeria honek akaso bere diktadura ezartzen du, pertsonaietan sakontzea utzi gabe (berrik. 4.11).
  46. 4. Hipergluzemiaren arriskupean irakurtzera ohitu behar.
  47. Idoia nire lagunari biziki gustatu zaio Julen Gabiriaren bigarren nobela.
  48. 1. Idoiaren iritzia oso kontuan hartzen dut.
  49. Nik nobela bat idatzi artean, hobea dut isiltzea.
etiketak: Kritikak
Patxitrapero
Patxitrapero dio:
2005/04/30 18:38

Kritika egiten duenak, bere buruaz hitzaurre txiki bat egin beharko du ba.

Euskal literaturak hartu duen joeraz ezin eztabaidatuko det, apenas irakurri baitet literaturarik euskeraz.

Euskeraz gutxi irakurtzen duenari, kostatu egiten zaio irakurtzea. Honek eta nere pazientzia exkaxak egiten du ulergarri, euskeraz irakurtzeko duela gutxirarte nuen zailtasuna. Zorionez, irakurtzearen poderioan bat trebatu egiten da, eta horrela, adibide bat aipatzearren, Xabier Mendigurenen bloga, kostata irensten nuen harria zan, duela urtebete. Orain berriz, gozatu ederra hartzen det bere bloga irakurtzean.

Gogoeta hau egiten det puntu honetan:

Gaur egungo euskaldun gehienei kosta egiten zaie irakurtzea. Arrazoiak nabarmenak dira. Beraz, literaturak arrakasta izate aldera, hasiera esplosiboa duten liburuak egin beharko lirateke? Irakurlearen atentzioa lehenbailehen irabaztea ezaugarri ezinbesteko luketenak?

Liburu honek neri, gauza bat transmititu dit. Oso salgarria ez dana gaurko garaietarako:

Lasaitasuna. Kristorena. Liburu honek duen gauzarik onenetakoa.

Zeren truke, lasaitasun sentsazio hau? Liburu honek ez du trama korapilatsurik, gorabehera haundirik. Lineala da. Bukaeraren egarririk ez zait sortu neri. Ezustekorik ez det hartu...

Istorio asko, nahikoa luzapen ez dutenak. Zera sentitu det nik: Ez direla iristen istorio hauek gutxieneko sakontasun bat izatera. Pena da.

Ez det esaten bukatuak beharko luketenik, inola ere. Istorio bat ez bukatzeak edo erdizka uztea oso gauza ederra da. Alde horretatik, Angel, ez nator bat zurekin Signora Mariari buruz esaten dezunarekin. Signora Maria gehiago ez ezagutzeko penatan geratu naiz. Motibuak mutikoa hartzeko berriz, eta bukaera, neri gustatu zaizkit. Bietan egin det nik nere istorio propioa.

Eta liburu bati eskatzen diodan hiru gauza. Emozionatu egin nau: parre egin det, negar egin ez baina hortxe hortxe (umeak nere debilidadea dira), eta betirako gordeko ditudan “argazki” batzuk oparitu dizkit.

Julenek idazterakoan sortzen duen musika, garbitasuna eta zertzelada harrigarriak, ezagunak dira.

Liburu hau ederra da. Oso ondo eraikia dago, eta ez dago ezer, “hau ez”, “hemen kale” pentsatzera eraman nauenik.

Hartu dituen aukerak berriz... Kontsumitzailarean gustoaren araberakoak iruditzen zaizkit. Batzuei gustatu, eta beste batzuei ez.

Garraztasun gehiago beharko lukeela liburu honek? Sarkasmoa? Gaiztotasun gehiago?

Beste liburu bat litzateke.

Neri hau asko gustatu zait.

Josean Bueno
Josean Bueno dio:
2005/05/04 16:41

Nahiko ados nago eginiko kritikarekin. Gustora irakurtzen den LITERATURA DA. Letra handietan, LITERATURA, ez nobela bat.

Azken urteetan publikatutako onenen artean dut.

Bigarren zatia (Italiakoa) hasierakoa baino hobea da: pertsonaiak, giroa, ... Lehenengo zatiak gabezia handiagoak dituelakoan nago: ekintzaren garapena eta planteamenduak, bigarrenarekiko loturak, ...

Agian euskal filologoon akats atabikoagatik (gramatikakeria), batzuetan esaldien ordena traketsa iruditu zait.

Pertsonaien diseinua (ez oso sakona, bazter asko osatu gabe uzten duena) bere baloreetako bat dela uste dut, ikuspegi korala ematen duelako, herrixkaren giza paisaia erakargarria lortzen du. Gauza gehiegi ez gertatzeak estatikotasun inpresio hau areagotzen du.

Iraultzaren inguruko mezua (gauza txikien balioa, egunerotasuna) oso freskoa da. Izan ere, Euskal Herrian, historia errotik aldatzeko urtero lau edo bost une historiko erabakior bizitzen ditugu, eta nekagarri samarra da hamarkadaz hamarkada horrela bizitzea.

Primerako nobela, gustura irakurtzekoa, gomendagarria.

Bixente Serrano Izko
Bixente Serrano Izko dio:
2005/08/06 20:19

GERRA, MAITAGARRIEN MUNDU BATEAN.

Bai, literatura onekoa dugu nobela hau, Connemarakoa baino hobeagoa nire ustez, ados nago horretan Angel Errorekin. Niri, baina, ez zaizkit inporta Errok salatzen dizkion pertsonaiaren inguruko akatsak. Ez baitut uste estilo honetako nobeletan garrantzirik duenik horrek. Ez eta pertsonaia guztiak onak izatea, koroko bertze horiek, Atorra Beltzak alegia, izan ezik. Hain zuzen ere, bere ukitu surrealista, poetiko, magiko, zinematografikoak eta guzti, Julen Gabiriak halako fabula bat lortu duelakoan nago, Hemingwayren "Agurea eta itsasoa" edo Steinbeck-en "Perla" edo bertze hainbertzeren ildotik. Irakurtzeko erraza, atsegina, mezu garbikoa... Baina fabula-genero horretatik bereizten da, bertzalde, korapilatsuagoa delako hari narratiboa, lehen planoan aurkezten dizkigun hainbat eta hainbat pertsonaiarekin, bitxiak guztiak, estilizatuak, samurtasunarekin ikusiak... Dena dela, Gabiriak zer gai aukeratu duen kontuan harturik, kirrinka-karranka heldu zait etengabe narrazioaren ibilgailua, bere haur erregistroan –bere estilo haurturikoan, erranen nuke hobe, argi eta garbi dagoelako nobela ez dagoela haurrei zuzendurik, helduei, eta ongi helduei ere, baizik–. “Mengelkeriaz” hitz egin du Errok. Ez dut nik hori erranen, ematen duen arren Munduko II Gerra bezalako gai batek ezin dituela jasan nobela honetako tonu eta erregistroa: umorearena, komikotasunarena, ironiarena, sarkasmoarena, are zinismoarena ere, dramarena, tragediarena, lirikotasunarena, epikotasunarena, errealismo lau edo magiko batena..., tonu asko eta asko izan daitezke egokiak gerra itzel eta irakurlearengandik hurbil baterako, egileen dohainen arabera. Baina horrela sorginduriko ipuinetako mundu magikoan sartu nahi izatea gerra horrena... Ze gerra polita, ze gerra poetikoa, ze gerra samurra, eztia, haurren ametsetakoa izanen bailitzan!... Honetan egin duelakoan kale nago ni, ariketa literario estilistiko bikain izateaz gainera, nobela bikain izateko: gerra garaietako haurren ametsak, haien jolasei erreparatzen badiegu, ez ohi dira batere goxoak, gerra-jolasak egin ohi dituzte haurrek, batere samurrak ez direnak euren jardunean, nahiz eta sarri helduen begiradetan sortzen dituzten kezkak tristeziaren kutsuko samurtasunez beteak islatzen diren. Aitortu behar dut hain atsegina den nobela hau halako ezinegonean irakurri dudala, haren erregistro literarioa bat ez doalakoan gaiarekin. Beharbada, Gabiriaren lanaren efikazia mota baten seinale.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44