Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Zenbat entzule behar ditu gure banidadeak?

xme 2005/03/14 09:39

Joan den asteko larunbatean Idazleen Elkarteko urteroko batzarra izan genuen, Altsasun. Gure lana bakarkakoa delako, edo astebururako plan hobeak izaten ditugulako, kontua da idazle gutxi agertu ohi dela halako batzarretara, nahiz eta bileraren ondoren bazkaria izan denontzako zain.

Ez dut hango konturik aipatuko, baina bai idaztearen lanbide honetaz gogora etorri zaidana. Bitxia gure eginkizuna: filantropikoa da batetik, trukean ia irabazirik lortu gabe geure baitatik dugun onena ematen baitugu, besteen atseginerako; eta egolatria hutsezkoa bestetik, ia edozer erabiltzeko prest baikaude gure sorkarietarako, eta besteek egingo diguten jaramonari begira bizi baikara uneoro. Alderdi altruista eta berekoia bereizi ezinak izango dira, gainera, batzuengan bat eta besteengan bestea nagusitu arren, elkarri loturik baitaude biak, funtsean.

Euskal idazleez ari nintzen, baina nonahiko idazleentzat balio du esandakoak. Aurreko batean Julio Llamazares idazle espainiarrari egindako elkarrizketa bat ikusi nuen nonbait, eta idazleen bekatu nagusia zein zen galdetu ziotenean "banidadea" erantzun zuen berehala. Idazleentzat ez ezik beste edozein arte-motatan dabiltzanentzat ere bai. Disko-etxe bateko arduradun batekin ari nintzela, musika-talde baten kasua kontatu zidan, berriki: iritsi zen salmenten likidazioa egiteko unea, eta mila disko saldu zirela ikusi zuten. Eta kantariaren erreakzioa: "Espainian, berrogei milioi pertsona bizi izanda, mila pertsonak bakarrik erosi dutela nire diskoa esaten didazu? Mila pertsonak besterik ez?"

Gauzei beste modu batera begiratzea ere badago: mila pertsonak, banan-banan, musika hori non edo non entzun eta, hainbeste gustatu zaienez, erosteko erabakia hartu dute; joan dira disko-denda batera, pagatu dute diskoak balio duena, eta etxera eraman dute poz-pozik, berriro eta osorik entzuteko. Milioika entzule nahi zituenarentzat gutxitxo, baina hotzean pentsatuta ez dago batere txarto.

Eta izenburuko galdera egin behar dut orain: zein da gutako bakoitzak bere burutazioak idazten segitzeko behar duen gutxieneko kopurua? Seguru asko irakurleen kalitatea inportanteagoa da zenbaki hutsa baino. Animatzen, zirikatzen, zoriontzen, kritikatzen zaituzten bi edo hiru lagun akuilu hobea dira zenbait zerotako zifra hotza baino.

Beharbada horrexegatik daude boladan ordenagailuko txoko hauek. Nahiz eta jakin, kaierak eta bitakorak ugaldu ahala, beharbada gutxiago izango direla norberari kasu egin ahalko dioten irakurleak. Telebistaren hasiera garaian, por-art-aren aita Andy Warholek esan zuen etorkizunean denok izango dugula 15 segundoko edo 15 minutuko aintza-alditxo bat. Blogintzaren teoriko batek ironikoki iragarri omen du (Luis Fernandezek kontatu didanez) etorkizunean denok izango dugula gure web helbideari loturiko 15 harpidedun.

Josafateko suzedaneoa

xme 2005/03/11 08:00

Txikitan, dotrina katolikoan hezi gintuztenean, bizitzaren ostean epaitegi unibertsal bat zegoela jakin genuen, han ikusiko zirela gure zuzenak eta okerrak, eta horien arabera joango zirela batzuk zerura eta besteak infernura.

Aspaldi samar utzi zion gure gizarteak fededuna izateari, baina sinesmen zaharrek bere zama eta inertzia dute oraindik. Azken judizioaren eskemak berdin-berdin jarraitu du gure artean bertsio laiko batean: garai bateko bertsolariek "Josafateko zelaia" aipatzen zuten bezala, "Historiak juzgatuko nau" esaten da orain.

Historiak bere tokian uzten al du bakoitza benetan? Behin betiko kokalekua izango den aldetik, ez dago dudarik "bere tokia" izango duela hor bakoitzak, baina, bidezkoa al da beti historiaren epaia?

Orain dela gutxi, idazle batekin hizketan ari nintzela, komentatzen zidan berak ez ziela inoiz garrantzi handirik eman kritikari ustelen iritzi interesatuei, pentsatuz-eta denborak bere lekura eramango dituela gauzak, eta azkenean argi geratuko dela nor izan den idazle baliozkoa, nor bluff bat. "Baina orain konturatu naiz ezetz", esan zidan delako idazleak, "gaur bertan idazten ari diren gezurrak egia berdaderoa izango direla biharko jendearentzat, hori delako idatzita geratu dena".

Literaturaren historia bat zuen nire lagunak arrangura-iturri, nola bertan puntako idazleren bat bazterrera utzi duten, eta kaxkarrago batzuk maila kononikora altxatu. Baliteke hala izatea. Dena dela, pentsatzen jarriz gero, etorkizunarekiko kezka hori ere heziketa kristauaren ondoriotzat hartu beharko genuke, eta hil osteko ospea paradisuaren suzedaneotzat.

Asel Luzarraga: "Zientzia-fikzio eta thrillerraren artean dago 'Karonte', alde erotikoa ahaztu barik"

xme 2005/03/10 08:00

Idazle gazteentzako "Igartza" bekari esker idatzi du Asel Luzarragak (Bilbo, 1971) bere bigarren liburua den hau, "Karonte", Tokion eta Bilbon kokatutako abentura bizia, bere burua kanpotik kontrolatzen duten gazte baten ingurukoa. Obraz gehiago jakiteko, egilearengana joan gara galdezka.

Idazle gaztea izateko, eta gazte-beka baten irabazlea, obra sendoa atera zaizu "Karonte", orri kopuruari dagokionez...

Egia esan, 33 urte beteta, ilusioa egiten dit gaztea naizela entzuteak. Idazten hasi nintzenean, ez nuen uste hainbeste luzatuko zenik, eta idazterakoan ere ez nintzen jabetu hainbeste idazten ari nintzenik. Saria jaso eta buru-belarri sartu nintzen, horren kontzientziarik izan barik, eta oso labur egin zitzaidan. Baina irakurle moduan beti gustatu zaizkidanez eleberri luzeak, hau baino luzeagoak ere bai, gustura nagoela esan behar.

Hala ere, azkarra da erritmoz, abenturaz betea... Nola definituko zenuke zure nobela hau?

Beti kostatu zait idazten dudana definitzea. Lehenengo begi kolpean, zientzia-fikzio eta thrillerraren artean dagoela eman dezake, alde erotikoa ahaztu barik; hala ere, zerbait azpimarratzekotan, gaiak, bota nahi ditudan zalantzek, kezkek, istorioak berak eta pertsonaien psikologiak euren garrantzia izan arren, idazterakoan disfrutarazi didan nobela dela esango nuke, berez atera zaidana. Agian horretan datza erritmoarena.

Zure eraginak eta iturriak non bilatu behar dira: literaturan, zineman, komikian?

Hiruretan esango nuke. Literatura aldetik, esan behar dut hau idatzi aurretik oso gutxi nuela zientzia-fikizio generoan irakurrita. Aldous Huxleyren "Bai mundu berria" eta txikitan irensten nituen Isaac Asimovenak, baina azken hauek ez dut uste eragin handirik izan dutenik. Beraz, literatur iturriei dagokienez, esango nuke eragin handia izan dutela idazte prozesua disfrutatzeko momentutzat hartzeko orduan, narratzaileak erabiltzerakoan... Ez dakit gero igartzerik egongo den, baina Saizarbitoria, Yukio Mishima, Max Frisch, Amélie Nothomb, Bulgakov, Agota Kristof... miresten ditudan idazleetariko batzuk dira, eta oraingo euskal belaunaldiari begira Unai Elorriagaren "Van't Hoffen ilea" edo Julen Gabiriaren "Han goitik itsasoa ikusten da" azken boladan ezin gusturago irakurri ditudan liburuak dira. Zinemari begira, norbaitek txunditzen banau hori Tarantino da, batez ere narratzeko duen estiloagatik eta irudien indarragatik. Edonork pentsa dezake "Matrix" dela lan honetan eragin handiena izan duena, baina hori baino askoz maiteago dut "Blade Runner", esaterako. "Matrix"ek baino gehiago eragin dit japoniar komikiak: Ghost in the shell, Alita, Akira, Santuario... Haien estetika, narrazioa, indarra, bultzatzen dituzten hausnarketak, umore surrealista... liluratuta eduki naukate, batez ere unibertsitate garaian.

"Fikzioak badu benetako funtsa"

Lehenengo obra izango da euskaraz, egungo teknologiak eta informatika hainbeste agertzen direna...

Ez dakit, izan daiteke. Orain dela gutxi Fernando Morilloren "Gloria mundi" irakurri nuen, eta tira, honek ere badu alde hori, eta berak fisikaz nik informatikaz baino askoz gehiago daki, seguru.

Nolabait ere zientzia fikziozkoa izan arren, gaur egun gertatzen da istorioa...

Urtea ez dakit zehaztu dudan baina orain dela urte pare bat edo dago kokatuta, eta agertzen den fikziozko zientzia horrek badu benetako funtsa. Informatika eta genetika munduetatik ikertzen ari diren bideetan dago oinarrituta. Eta, nire ustez, nobelan garrantzi handiagoa dute gizakiak, pertsonaien sentimenduek, buruhausteek, zalantzek... alde teknikoak baino.

Dena dela, jendearen buruaren kontrola gai ezaguna da, lehendik ere...

Jakina. Gaia ez da berria eta asmoa ere ez da gai ukitu gabea jorratzea. Alde batetik zein bestetik aipatu ditudan "Bai mundu berria"k, "Matrix"ek, "Blade runner"ek euren ikuspuntua ematen dute kontrol horretaz. Gaia, azken finean, aitzakia bat da idazteari ekiteko eta beste behar batzuei bidea emateko. Baina ez dut ezkutatuko kezkatu egiten nauela.

Horrelako gertaerak posible ikusten dituzu ala...?

Zoritxarrez bai. Ez dakit epe ertainean, luzean... Ez dakit toki ezberdinetan egiten ari diren ikerketak ze puntutaraino dauden garatuta, ez ze helbururekin, baina giza klonazioaren aukera hor dago; kontzientziaren kopia informatikoa egitea lortu gura duten ikerlariak ere hor daude, eta inguratzen gaituzten gobernuei begira, ez nuke zalantzarik ipiniko oso tentagarria litzatekeela modu batean edo bestean gizartearen kontrol handiagoa bermatzea.

Gaia aldatuz, zergatik du Japoniak halako garrantzia obra honetan?

Seguruenik nigan ere garrantzi handia duelako. Mangaren mundua ezagutu nuenetik Japoniako gizarteak gero eta gehiago erakarri nau. Esan daiteke Son Goku izan zela lehen erruduna, Mazinger Z-ren garaian gazteegia nintzen eta. Japoniera ikasten hasi nintzen, japoniar lagunak egin, Japoniara joan uda batean... Izugarri erakartzen nau, eta uste dut Tokio oso egokia dela giro eta gertaera batzuetarako. Asiak, orokorrean, liluratu egiten nau, beste mundu bat da (eta sukaldaritza benetan aparta, neska ederrak ez aipatzeagatik...). Gainera, omenaldi txiki bat egin diot hango nire lagunik onenari, Mutsumiri. Liburuan den bezalakoa agertzen da, izen eta guzti, eta ez da omendu dudan lagun bakarra...

"Ez dut ulertzen idaztea maitasun eta sexu-kontuak agertu barik"

Beste puntu bat, nahitaez aipatu beharrekoa: maitasun-sentimenduak, eta sexua...

Bai, pisu handia du eleberrian. Teknologiak beste edo handiagoa. Momentuz ez dut ulertzen idaztea maitasun eta sexu kontuak handik edo hemendik agertu barik. Alde batetik oso sentimentala izateko joera izan dut, oso txarto pasatzeko maiteminak direla eta; eta, bestetik, gazte-gaztetatik apur bat obesexua izan naizela aitortu behar. Idazten dudanean, istorioak zinemara eroanda imajinatzen ditut maiz, eta agian orrietan irudikatzen ditudan neska zoragarri horiek gorputz hartuta ikusteko itxaropena ere badago. Hala ere, esan behar dut ahalegin handia egiten dudala harremanei pertsonaia femeninoen ikuspegitik begiratzeko. Niretzat haiek izaten dira benetako protagonistak eta piloa zaintzen saiatzen naiz. Txarto pasatzen dut haiek txarto pasatzen dutenean eta mimoz tratatzen ditut.

Gazteen arteko sexu-harremanak leku nabarmena zeukan zure lehenengo liburuan ere ("Hamaika ispilu ganbil"). Zer alde dago handik hona?

Alderik nabarmenena da harremanetan dagoen jokoa. Lehenengo hartan nagusiagoa eta maltzurra den gizonaren azpijokoa dago, nerabe bat bereganatzeko, azkenean bere amaraunean gura baino harrapatuago geratu arren bera ere. Sexua bera helburua da pertsonaia batentzat, moralik gabeko jolasaren barruan. Honetan, ordea, harremanak garbiagoak dira. Prozesu batzuk kontrakoak dira, gorputzaren bultzadari galga ipini nahia; eta beste batzuk espontaneoak, berez, ia pentsatu barik, sortutakoak. Ez nekien, idazten hasterakoan, pertsonaien arteko harremanak horrela korapilatuko zirenik, egia esan. Pertsonaiek eurek garatu dituztela esango nuke eta biziatu gabeak dira.

Musikaria ere bazara, jakin dugunez. Bi arlo guztiz bereizi dira musika eta literaturan, ala zure baitako sormen bakarraren bi alderdi?

Bueno, zehaztu behar dut talde batean abesten edo oihukatzen dudala, baina musikaria... Nik musikaz ez dakit piperrik ere! Musikariak nire taldekideak dira, haiek dira taldea, Punkamine. Nik han aurpegi punkia ipini eta modu bortitzagoan kanporatzen ditut sentimenduak. Terapia da, agian, eta nerabezarotik barruan geratu zaidan anarkista horri irteera emateko modua. Letrak bai, idazten ditut, baina asmoa guztiz ezberdina da: gustatzen ez zaizkidan gauza guztien gainean ironia erabiliz pozoia ateratzea. Beraz, bi arloak guztiz bereiziak direlakoan nago.

Eta amaitzeko, zure proiektuez hitz egiterik bai?

Oraintxe bertan, proiektu bi ditut esku artean. Eleberri bi. Lehena orain dela urtebete edo hasi nintzen pentsatzen, eta ideia nagusia, pertsonaia gehienak, eskema eta hasierako orrialde batzuk eta zati solteak eginda dauzkat. Baina momentuz zain dago. Udan, Malaysian nengoela, beste proiektu guztiz ezberdin bat etorri zitzaidan burura, eta bertan hasi nintzen orriak betetzen apunteekin. Etxera itzuli, eta urrian hasi nintzen bete-betean lanean. Ez dut gehiegi aurreratu gura, baina oso bestelakoa da, bai gaia, bai estiloa, egitura... Uste dut herena baino gehiago idatzi dudala, eta oso azkar doa, egin gura dudana oso definituta dudalako. Musika taldea ere aipatu duzunez, esango dut oraintxe bertan, martxoan, grabatzeko prozesuan gaudela, nahiz eta zer aterako den oso argi ez izan.

G puntua ere bai

xme 2005/03/09 09:51

Gaur Anjel Lertxundirena egitera jolastuko naiz, gure euskaltzainen pozerako.

Liburu aurkezpen baten berri eman behar nuen; ekitaldia Euskararen Etxean egitekotan gara, Bilboko San Inazio auzoan. Prentsarentzako oharra idazten hasi orduko, baina, zalantza sortu zait. Izan ere, santuen izendegian "Ignazio" behar zuela erabaki zuen gure akademia dontsuak.

Ez naiz ni besteren baratzean malmetituko, epelak entzun beharko ditut bestela, baina bitxia behintzat egin zitzaidan erabakia. Izen hori modu askotara entzun izan dut neure inguruan: Inazio, Inaxio, Iñazio, Iñaxio, Inizio, Inixio, Iñizio, Iñixio... Azentua ere lehen silaban nahiz bigarrenean jarrita aditu dut, azken -io silaba bakarrean edo bitan ahoskatuta, zetaren ordez esea egiten dutenak ere badira... Konbinazio posible guztiak zenbatuz gero hiru bat dozenako sorta behintzat ateratzen da, baina inoiz, sekula, behin ere ez dut entzun, euskaldun baten ahotan, izen hori /g/ eta guzti esaten.

G puntuak utzita, hizkuntzazko beste bitxikeria bat etorri zitzaidan aurrrekoan, ez begira baina belarrira. Hastekoa da 14. Korrika, bihar Orregatik abiatu eta 20an Bilbon amaituko dena. Horren iragarkia ikusi dut egunotan telebistan, Afrika Bibang abeslariaren hip hop alaiarekin, eta aurtengo leloa errepikatzen dute hainbat lagunek: "Ni ere bai". Hor ez da akatsik, noski, baina esan, hala esaten dute: "Ni, ere bai", geldialdi eta guzti.

Euskaraz normal samar egiten duen edonork badaki (oharkabean jakin) "ere" hori aurreko hitzari loturik ahoskatzen dela beti. "Ní'rebai" izango litzateke nire hizkeran, "Níbebai" bizkaitar batenean. Bideoa zuzendu duen publizistari ordea indargarria irudituko zitzaion tartean pausalditxo bat egitea, "yo, también" baieztapen kategorikoa gogoan akaso (oharkabean gogoan).

Angela Davis, hirurak bat

xme 2005/03/08 08:00

Ez ditut asko maite ezeren egun internazionalak. Ez dakit zergatik: kontzientzia txarra merke zuritzeko hipokrisia soziala sumatzen dudala izan liteke, edo zerbaitenganako ardura egunka zatitzeko ohitura xelebrea, edo komunikabideetan sumatzen den fribolitatea: gaur diabetikoen eguna da, bihar Antartidako pinguinoena, etzi prostituitzera behartutako haurrena, eta yupi-yupi denok pozik.

Hala ere, martxoaren 8 honetan, Angela Davis ekarri nahi dut neure txokora. Aitzakia, "Periferike" jardunaldiek ematen didate, udaberri honetan Davis Bilbora ekartzekotan direla esan dute-eta. Dena dela, pentsatzen jarrita, jende asko izango da Angela Davis izenak deus esaten ez diona. Nik neuk ere izena ezagutzen dut, ez besterik, baina mitoaren maila dauka nire gogoan.

Hirurogeiko hamarkadako Estatu Batuetako protesta-giroari buruzko lanetan beti aipatu ohi da Angela Davis, eta hiru ezaugarri hauek joan ohi dira bere izenari loturik: emakumezkoa, beltza, komunista. Beste datu batzuk ere atera daitezke, han-hemen begiratuz gero: Marcuseren ikaslea izan zela, bera ere filosofiako irakasle bihurtu zela Kaliforniako Unibertsitatean, borroka armatuarekin lotuta zegoelakoan epaitu zutela...

Oraintxe bertan ez dakit zer-nolako ideiak defendatuko dituen Davis andreak. Beltz eta emakume izaten segituko du seguruenik (ez da ohikoa bereizgarri horiek aldatzea) baina hirugarren ezaugarriari dagokionez, auskalo. Ezker erradikalaren beste ikono bat pasatu zen iaz Euskal Herrritik, Toni Negri, eta izandakoaren karikatura iruditu zitzaidan niri.

Nazioarteko egunak bezala, ez zait batere gustatzen "progresista" berba ere: gezur ugari ezkutatzeaz gain, benetan "aurrerapena" zer den ez dakidalako, eta horren arabera "aurrera" egin nahi dudan ere zalantzak ditudalako. Beraz, ez dut esango "progresistentzat", baina askatasunaren eta justiziaren sentimendu bat duenarentzat, hiru izango lirateke pertsonen arteko diskriminazioak sortzen dituzten gaitz sozial hedatuenak eta garaitu beharrekoak: arrazismoa, sexismoa eta klasismoa (Angela Davisek elkartzen zituenak).

Azkena, klasismoa alegia, aipatu ere ez da egiten ia gaur egun; badirudi proiektu sobietarraren gainbeherak modaz kanpo utzi duela sozialismoaren eskaria, baina, nolanahi dela, gizakien ustiaketak indarrean dirau gure munduan eta, horrenbestez, zilegi ez ezik beharrezkoa ere bada kapitalismoaren globalizazioak eskaintzen diguna baino gizarte bidezkoago bat eskatzea, denontzat. Amen.

Vera Drake: zuzenbide naturalezko auzi bat

xme 2005/03/07 09:25

Kino Pravda deitzen omen zioten errusiarrek (sobietarrek esatea litzateke beharbada egokiagoa) zinema-mugimendu bati: Egia Zinema esan nahi dute hitz horiek, eta italiarrek Cinema Verità bataiatu zutenaren antza izango zuen seguru asko.

Egiazko edo egiaren zinema hori etorri zitzaidan gogora "Vera Drake" filma ikustean. Iazko Donostiako Zinemaldian eman zuten, Zabaltegi sailean, aurretik Venezian film onenaren lehoia irabazi ondoren. Bere garaian ez nuen hartaz idatzi, baina orain ikusgai jarri dute gure pantailetan, eta hizpide izan da halaber Hollywood-eko Oskarretako bi hautagaitza lortu zituelako: film onenarena, eta emakumezko aktore onenarena, Imelda Stauntonentzat.

Filmak ni ez ninduen txoratu, ondo egina, hunkigarria eta pentsarazten duena izan arren. Mike Leigh-ek eman zion erritmo geldoak izan dezake zerikusia. Izan ere, pelikularen lehen erdia Vera Drake protagonistaren eguneroko bizitzaren erakuste xehe errealista bat da: emakume heldu bat, beti laguntzeko gertu dagoena eta, berarentzako ezer eskatu gabe, besteei emana bizi dena: bere etxekoei eta nahi gabe haurdun geratu diren andrazkoei.

Aipagarria da halaber jantzi, altzari, argiztatze eta abarretan egindako girotze lan bikaina, II. Mundu Gerraren osteko Londres hits eta pobre bat irudikatzeko. Ingelesak beti izan dira maisuak zinemaren bitartez azken 200 urteetako edozein garai historiko berreraikitzeko, eta film honek berretsi egiten du ospe hori.

Alderdirik interesgarria (zein gorrotagarria den izenondo hau, eta zein zaila bera erabili gabe idaztea) bigarren erdian hasten da, Vera (izena bera ere esanguratsua da) atxilotzen dutenean abortuak egiteagatik. Emakumeak ez du salaketa ukatzen, ez du ezkutatzen, berak laguntzearren eta altruismo hutsez egin baitu egindakoa; etxekoandre xume bat da, ordea, eta ez daki bere ekintza hitz ederrez janzten. Negar egiten du, eta negar horrek hunkitu egiten ditu bai ikusleak bai Vera zigortu beharra duten poliziak. Benetako drama, baina, etxean sortzen da, Veraren semeak ama gaitzetsi eta egindakoa aurpegiratzen dionean, garrazki.

Zuzenbide naturaleko auzi zahar eta giltzarri bat planteatzen zaigu hemen: Zer egin estatuaren legea eta gure kontzientziarena bat ez datozenean? Ez erantzun azkarregi, galdera ez da horren sinplea eta. Adibidez, imajina dezakegu lege bat, gizarte gehienak argi eta garbi bidegabetzat ikusten duena, nahiz eta batzuk bakarrik ausartu kontra egitera. Abortuaren kasua izan liteke zenbait toki eta garaitan, edo euskalgintzaren kontrako jazarpena Espainiako agintarien eskutik. Baina zer gertatzen da, estatuaren legea ez ezik, gizartearen gehiengoa ere jokabide baten kontra baldin badago, eta pertsona jakin batek, berriz, bidezkotzat jo eta horixe egiten badu? Esate baterako, Vera Drake bere semearen begitan, edo borroka armatuan dabilena bere herritarren (ez soilik bere gogaideen) aurrean.

Erokeriaren monumentua

xme 2005/03/05 09:31

(Aurrekoan jarri nuenaren ordez, artikulu hauxe da aste honetan Goierriko Hitza-n aterako dudana)

Lehenago ere arrazoiak sobran genituen Abiadura Handiko Trenaren kontra egoteko: txikizio izugarriak egingo ditu aurretik ere nahiko hondatua dagoen gure bailaran eta beste askotan; egundoko gastua dauka, denok ordaindu beharko duguna, gutxi batzuen mesederako; ez du lurralde osoaren garapenik ez ongizaterik ekarriko, hiriburuetan bakarrik erabiliko denez gero.

Segitzea era baneukan, baina hortxe utziko dut zerrenda. Orain, ordea, kontra egoteko arrazoi berri bat eman digute, lehenaz gainera: berehala hasi nahi omen ditu obrak Eusko Jaurlaritzak, nondik eta Goierritik, Itsasondo eta Ordizia bitarteko zatia eginez, finantzamendua ziurtatu gabe oraindik.

Ederki, mutilak! Ondo ari zarete! Zuek imajinatu, momentu batez, gauzak okertu egiten direla: politiko gehienak AHT zoro horren kontra jartzen direla, edo bidearen nondik norakoa aldatu nahi dutela, edo trenbideetako teknologia aldatzen dela, edo azkenean ez Madrilen ez Europan ez dutela dirurik jarri nahi.

Ez dakit halakorik gertatuko den baina posible da, izan. Zer gertatuko litzateke orduan? Ba, Ordizia eta Itsasondo artean sekulako obratzarrak, tunelak, zubiak, lur-mugimenduak, zabortegiak eta abar egingo zirela, alfer-alferrik. Nori eskatuko dizkiogu kontuak orduan? Alvaro Amann sailburuari? Nik ez nekien, ez nuen uste... esango liguke.

Ondo pentsatzen jarrita, hori ere Goierriren promoziorako erabil genezake. Turismo-gidetan idatziko genuke: "Zatozte denak erokeriaren monumentua ikustera". Eta txu-txu tankerako tranbia koxkor bat jarriko genuke, Itsasondoko lurpean arbel meategiek utzitako zuloetatik abiatu eta San Juan inguruan argira aterata Txindoki alderako bistak edukiko lituzkeena.

Pena eta guzti emango digu orduan trenak aurrerago jarraitu ezinak.

Monsinorea eta pilotaria

xme 2005/03/03 08:00

Iruñeko artzapezpiku Fernando Sebastian ezaguna da gure artean bere adierazpen atzerakoiengatik eta euskal gauzekiko maitasun urriagatik. Nik ez dut ezagutzen eta ez nuke epairik eman nahi (hori ere agindu ebangelikoa da), baina batzuetan gizonak esaten dituen txorakeriak ezin dira isilik pasatzen utzi, irribarre bat behinik egin gabe.

Aurreko batean Iñigo Lamarka Euskal Komunitate Autonomoko arartekoa maiseatu nuen hemen, bullying-aren inguruak esandakoak zirela-eta. Lamarka homosexualen eskubideen aldeko jardunagatik egin da batik bat ezaguna, eta Sebastian monsinoreak homosexualitatearen gainean bota du markatik fuerako ergelkeria.

Homosexualen arteko ezkontzen kontra egotea edo adopziorako eskubidea murriztu nahi izatea ideien mailan uler liteke, norbere uste eta sentiberatasunen arabera. Sebastianek iritzi horiek izatea ez da beraz harrigarria; baina ondoren bota zuen, horrela segituz gero, "homosexualitate-izurri bat" gerta daitekeela gure gizartean.

Baieztapen horrek pentsarazten du, hasteko, Sebastiani berari gizonezkoak gustatzen zaizkiola, eta eutsi beharra daukala akolito gaztetxoei ez erasotzeko; txantxak alde batera utzita, ordea, elizaren dotrina guztia ukatzen du: zeren, naturak (Jainkoak) egin bagaitu heterosexual eta hori baldin bada "normala", nondik nora da posible izurria? Biologia bera behartu al dezake modak?

Nire lagun batek kontatu ohi du bere herriko pilotari ezagun batek semeari esan ohi ziona: "Hi, larru kontuetan, ahal den guztia saia hadi. Baina gizonezkoekin, ezta probatu ere. Probatzen duten guztiei gustatu egiten zaiek eta". Horra, monsinorearen irizkide bat.

Dolarea: herriarena, herriarentzat

xme 2005/03/02 08:00

(Asteburu honetan, Goierriko Hitza-n argitaratzeko iritzi-artikulua)

Ez da Beasain arkitektura-balio handiko monumentuak dituzten herri horietakoa, ez. Gure apurrari zukua ateratzen saiatzen gara ordea, Igartza inguruan egin den bezala: jauregia, zubia, errota, ola zaharra, Dolarea... turismo-gidetan agertzen dira behintzat, eta bisitan datozen kanpotarrentzat badugu zer erakutsi.

Ezagutzen ez duenarentzat, Dolarea Igartzaren parean baina zubiaz bestalde dagoen etxe karratu handi hori da, lau isuriko teilatuduna. Etxe sendo eta dotorea, urtetan baserri soil izana eta gaur udalak erosia.

Udalak erostea ondo dago, gisakoa baita gure toki seinalatuenetakoa guztiona izatea eta guztion arduraz zaintzea; herriaren jabetza bihurtzea ez da nahikoa halere, asmatu egin behar da zer egin gero ondasun horrekin. Nik entzun dudanez, eta nahiago nuke oker banengo, Beasaingo udalak egina omen du Dolarearentzako plana. Zein? Etxea hotel bihurtzea.

Xoxei begiratzen dien jestorearentzat, plan biribila: etxearen mantenimenduan txakur txikirik gastatu beharrik ez, kontzesioagatik dirutxo bat lortzeko bide polita, eta gainera, hotela leku berezian kokatua dagoenez, herria promozionatzeko aukera aparta. Marmarrak dioenez, Realeko jokalari batzuekin hitz egin omen dute dagoeneko, inbertsore izan nahi ote duten ikusteko.

Nire ustez, berriz, egundoko hanka sartzea litzateke: herri honen ondare historiko eta artistikoari emandako hamaikagarren aizkorakada, jauntxokeri kutsu dexentekoa daukana. Beste nonbait ere esan nuenez, gutxi izango dira Beasainek adina bizilagun eduki, eskualde-burua izan, eta horren azpiegitura kultural eskasak dituzten herriak.

Gero ere arlotekerian txapeldun jarraituko dugu, dauzkagun etxe publiko bakanak behar bezalako kultur etxe bat egiteko erabili ordez negozio-gizonei alfonbra gorria jartzeko uzten baditugu.

Euskaldunak, bi munduren erdigune

xme 2005/03/01 08:00

Jon Mirandek maite zuen kantua, nonbait, eta maite zuen gustuko kantuak euskaraz moldatzea. Horren froga ezagunena, "Kattalin" deritzan abestia dugu, gerora Oskorri taldeak grabatua. Hona kantu horren hitzak, Miranderen gaiztakeria parerik gabeaz onduak:

"Etxe txiki txukun baten / Zure aitetamekin / Zinan bizi, zintzo bizi / Ene maite Kattalin. // Ene maite, ene maite / Ene maite Kattalin / Sekulako ta betiko / Galdu zaitut Kattalin. // Bainan eder zinan zinez / Zine izar bat bezin / Ile gorri (baita zorri) / Zu bazenun, Kattalin. // Ibaiera zinan joaten / Zure ahate beltzekin / Boiz batean, bat-batean / Ito zinan Kattalin. // Lehertu arte zenun edan / sabel bete ur zikin / Nik bai minez, min saminez / Negar egin Kattalin. // Hilerrian bada lore / Euzki-lili krabelin / Zu zaituzte badut uste / Ongarritzat Kattalin."

Kantu horren jatorria anglosaxoia da nik dakidanez, "Oh my darling Clementine" delako abestia. Oskorrik, berriz, ideia biribil bat eduki zuen: "Kattalin" izenaren soinuak erakarrita, nonbait, kantu hori errusiarren "Kalinka" ezagunarekin uztartu zuten, gerra hotza garaitzeko keinu gisa edo.

Berriki, Oier Gorosabel igurtzilari eibartarrak kontatu zigun, Eslovakian barrena egindako bidaian, gure "Kattalin" horixe zela afalosteetan arrakastarik handiena lortzen zuen kantua. Clementineri ostutako doinua ez omen zuten ezagutzen eslovakiarrek, pozik entzun arren, baina Kalinka-ren txanda iristen zenean, orro batean ekiten omen zioten denek. Hartz sovietarraren atzaparra gainetik kenduta ere, kolonizazio kulturalak erro sakonak uzten dituen seinale.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.