Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Vera Drake: zuzenbide naturalezko auzi bat

Vera Drake: zuzenbide naturalezko auzi bat

xme 2005/03/07 09:25

Kino Pravda deitzen omen zioten errusiarrek (sobietarrek esatea litzateke beharbada egokiagoa) zinema-mugimendu bati: Egia Zinema esan nahi dute hitz horiek, eta italiarrek Cinema Verità bataiatu zutenaren antza izango zuen seguru asko.

Egiazko edo egiaren zinema hori etorri zitzaidan gogora "Vera Drake" filma ikustean. Iazko Donostiako Zinemaldian eman zuten, Zabaltegi sailean, aurretik Venezian film onenaren lehoia irabazi ondoren. Bere garaian ez nuen hartaz idatzi, baina orain ikusgai jarri dute gure pantailetan, eta hizpide izan da halaber Hollywood-eko Oskarretako bi hautagaitza lortu zituelako: film onenarena, eta emakumezko aktore onenarena, Imelda Stauntonentzat.

Filmak ni ez ninduen txoratu, ondo egina, hunkigarria eta pentsarazten duena izan arren. Mike Leigh-ek eman zion erritmo geldoak izan dezake zerikusia. Izan ere, pelikularen lehen erdia Vera Drake protagonistaren eguneroko bizitzaren erakuste xehe errealista bat da: emakume heldu bat, beti laguntzeko gertu dagoena eta, berarentzako ezer eskatu gabe, besteei emana bizi dena: bere etxekoei eta nahi gabe haurdun geratu diren andrazkoei.

Aipagarria da halaber jantzi, altzari, argiztatze eta abarretan egindako girotze lan bikaina, II. Mundu Gerraren osteko Londres hits eta pobre bat irudikatzeko. Ingelesak beti izan dira maisuak zinemaren bitartez azken 200 urteetako edozein garai historiko berreraikitzeko, eta film honek berretsi egiten du ospe hori.

Alderdirik interesgarria (zein gorrotagarria den izenondo hau, eta zein zaila bera erabili gabe idaztea) bigarren erdian hasten da, Vera (izena bera ere esanguratsua da) atxilotzen dutenean abortuak egiteagatik. Emakumeak ez du salaketa ukatzen, ez du ezkutatzen, berak laguntzearren eta altruismo hutsez egin baitu egindakoa; etxekoandre xume bat da, ordea, eta ez daki bere ekintza hitz ederrez janzten. Negar egiten du, eta negar horrek hunkitu egiten ditu bai ikusleak bai Vera zigortu beharra duten poliziak. Benetako drama, baina, etxean sortzen da, Veraren semeak ama gaitzetsi eta egindakoa aurpegiratzen dionean, garrazki.

Zuzenbide naturaleko auzi zahar eta giltzarri bat planteatzen zaigu hemen: Zer egin estatuaren legea eta gure kontzientziarena bat ez datozenean? Ez erantzun azkarregi, galdera ez da horren sinplea eta. Adibidez, imajina dezakegu lege bat, gizarte gehienak argi eta garbi bidegabetzat ikusten duena, nahiz eta batzuk bakarrik ausartu kontra egitera. Abortuaren kasua izan liteke zenbait toki eta garaitan, edo euskalgintzaren kontrako jazarpena Espainiako agintarien eskutik. Baina zer gertatzen da, estatuaren legea ez ezik, gizartearen gehiengoa ere jokabide baten kontra baldin badago, eta pertsona jakin batek, berriz, bidezkotzat jo eta horixe egiten badu? Esate baterako, Vera Drake bere semearen begitan, edo borroka armatuan dabilena bere herritarren (ez soilik bere gogaideen) aurrean.

etiketak: zinema
Patxi
Patxi dio:
2005/03/10 21:33

Norbaitek bere burua arriskuan jartzea, kartzelarekin edo bere biziarekin, zilegi ikusten duen zerbait defendatzeko, zerbait ondo ez dagoen seinale da. Urratzen diren eskubide batzuk, edo sufrimentua darion egoera bat.

Gehiengoak, gutxiengoak... Indarra erabiltzen duen gutxiengo hoien arrazoiak, nun oinarritzen dira? Eztabaidagarriak dira, ala disparate hutsa? Lau zororen kontua bakarrik? Ala jende askori dagokion arazo bat, “jende asko” guztiaren ehuneko txiki bat izan arren?

Haundiak entzuten jakin beharko luke, txikiaren tokian ipintzen. Zoritxarrez, haundiak txikia zanpatzen du, eta zenbat eta alde haundiagoa bien artean, orduan eta aukera gehiago, haundiak txikia zanpatzeko.

__________

Zergaitik ote zaio Xabierri “interesgarri” izenondoa gorrotagarri? Bera ondo interesgarria da ba...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.