Angela Davis, hirurak bat
Ez ditut asko maite ezeren egun internazionalak. Ez dakit zergatik: kontzientzia txarra merke zuritzeko hipokrisia soziala sumatzen dudala izan liteke, edo zerbaitenganako ardura egunka zatitzeko ohitura xelebrea, edo komunikabideetan sumatzen den fribolitatea: gaur diabetikoen eguna da, bihar Antartidako pinguinoena, etzi prostituitzera behartutako haurrena, eta yupi-yupi denok pozik.
Hala ere, martxoaren 8 honetan, Angela Davis ekarri nahi dut neure txokora. Aitzakia, "Periferike" jardunaldiek ematen didate, udaberri honetan Davis Bilbora ekartzekotan direla esan dute-eta. Dena dela, pentsatzen jarrita, jende asko izango da Angela Davis izenak deus esaten ez diona. Nik neuk ere izena ezagutzen dut, ez besterik, baina mitoaren maila dauka nire gogoan.
Hirurogeiko hamarkadako Estatu Batuetako protesta-giroari buruzko lanetan beti aipatu ohi da Angela Davis, eta hiru ezaugarri hauek joan ohi dira bere izenari loturik: emakumezkoa, beltza, komunista. Beste datu batzuk ere atera daitezke, han-hemen begiratuz gero: Marcuseren ikaslea izan zela, bera ere filosofiako irakasle bihurtu zela Kaliforniako Unibertsitatean, borroka armatuarekin lotuta zegoelakoan epaitu zutela...
Oraintxe bertan ez dakit zer-nolako ideiak defendatuko dituen Davis andreak. Beltz eta emakume izaten segituko du seguruenik (ez da ohikoa bereizgarri horiek aldatzea) baina hirugarren ezaugarriari dagokionez, auskalo. Ezker erradikalaren beste ikono bat pasatu zen iaz Euskal Herrritik, Toni Negri, eta izandakoaren karikatura iruditu zitzaidan niri.
Nazioarteko egunak bezala, ez zait batere gustatzen "progresista" berba ere: gezur ugari ezkutatzeaz gain, benetan "aurrerapena" zer den ez dakidalako, eta horren arabera "aurrera" egin nahi dudan ere zalantzak ditudalako. Beraz, ez dut esango "progresistentzat", baina askatasunaren eta justiziaren sentimendu bat duenarentzat, hiru izango lirateke pertsonen arteko diskriminazioak sortzen dituzten gaitz sozial hedatuenak eta garaitu beharrekoak: arrazismoa, sexismoa eta klasismoa (Angela Davisek elkartzen zituenak).
Azkena, klasismoa alegia, aipatu ere ez da egiten ia gaur egun; badirudi proiektu sobietarraren gainbeherak modaz kanpo utzi duela sozialismoaren eskaria, baina, nolanahi dela, gizakien ustiaketak indarrean dirau gure munduan eta, horrenbestez, zilegi ez ezik beharrezkoa ere bada kapitalismoaren globalizazioak eskaintzen diguna baino gizarte bidezkoago bat eskatzea, denontzat. Amen.
Gaur egunean klase-borroka iraganeko gauza dela behin eta berriro errepikatzen dute usteko "progresista" eta ezkertiarrek.
Orain dela gutxi mezu hau zabaldu zuen emakume idazle batek Espainiako hedabideetan:
Zergatik, " mal menor" bat bezela, kapitalismoa onartu behar du gauregungo "Ezkerrak"? Zergatik orain ezkerreko pentsamendu "Ofizialaen" ez da kuestionatzen pobreen eta aberatsen arteko gizarte banaketa?
Martxoaren zortzia: Nazioarteko beste egun bat,jakina, baina mundua aldatzeko egun polita ere.
Honen harira gomendio xume bat: Merezi du irakurtzeak Estatu Batuetako ezkerreko emakume poeta feminista borrokalaria (ufff, zenbat adjetibo...): Adrienne Rich