Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Euskaldunak, bi munduren erdigune

Euskaldunak, bi munduren erdigune

xme 2005/03/01 08:00

Jon Mirandek maite zuen kantua, nonbait, eta maite zuen gustuko kantuak euskaraz moldatzea. Horren froga ezagunena, "Kattalin" deritzan abestia dugu, gerora Oskorri taldeak grabatua. Hona kantu horren hitzak, Miranderen gaiztakeria parerik gabeaz onduak:

"Etxe txiki txukun baten / Zure aitetamekin / Zinan bizi, zintzo bizi / Ene maite Kattalin. // Ene maite, ene maite / Ene maite Kattalin / Sekulako ta betiko / Galdu zaitut Kattalin. // Bainan eder zinan zinez / Zine izar bat bezin / Ile gorri (baita zorri) / Zu bazenun, Kattalin. // Ibaiera zinan joaten / Zure ahate beltzekin / Boiz batean, bat-batean / Ito zinan Kattalin. // Lehertu arte zenun edan / sabel bete ur zikin / Nik bai minez, min saminez / Negar egin Kattalin. // Hilerrian bada lore / Euzki-lili krabelin / Zu zaituzte badut uste / Ongarritzat Kattalin."

Kantu horren jatorria anglosaxoia da nik dakidanez, "Oh my darling Clementine" delako abestia. Oskorrik, berriz, ideia biribil bat eduki zuen: "Kattalin" izenaren soinuak erakarrita, nonbait, kantu hori errusiarren "Kalinka" ezagunarekin uztartu zuten, gerra hotza garaitzeko keinu gisa edo.

Berriki, Oier Gorosabel igurtzilari eibartarrak kontatu zigun, Eslovakian barrena egindako bidaian, gure "Kattalin" horixe zela afalosteetan arrakastarik handiena lortzen zuen kantua. Clementineri ostutako doinua ez omen zuten ezagutzen eslovakiarrek, pozik entzun arren, baina Kalinka-ren txanda iristen zenean, orro batean ekiten omen zioten denek. Hartz sovietarraren atzaparra gainetik kenduta ere, kolonizazio kulturalak erro sakonak uzten dituen seinale.

etiketak: Saski Naski
Jozulin
Jozulin dio:
2005/03/01 18:40

Duela urte gehiegi jada, (1987an, joooosaus!) Cuban izan ginen eta tabako, ron eta kanelazko goizaldeetan "Katalintxu lora ederra" maite zuten gehien gure lagun kubatarrek. Haiek "lora de guerra" esaten zioten, baina.

Urtzi
Urtzi dio:
2005/03/01 04:30

Duela hamar bat urte Ipar Irlandan geu ere ibili ginen antzeko esperimentutan, euren "Rebel song"-en ostean (bide batez, ia denak dira ingelesez) , euskal borroka kantekin: Lepoan hartu, Batasuna, Txikia, Itziarren semea... baina gaueko parranda giroan benetan maite zutena, "Kalian gora kalian behera" ibiltzea zen, Kalinkaren antzera, geroz eta erritmo biziagoz pubeko aulkietan gora eta behera, garagardo pintak eskutan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.