Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / G puntua ere bai

G puntua ere bai

xme 2005/03/09 09:51

Gaur Anjel Lertxundirena egitera jolastuko naiz, gure euskaltzainen pozerako.

Liburu aurkezpen baten berri eman behar nuen; ekitaldia Euskararen Etxean egitekotan gara, Bilboko San Inazio auzoan. Prentsarentzako oharra idazten hasi orduko, baina, zalantza sortu zait. Izan ere, santuen izendegian "Ignazio" behar zuela erabaki zuen gure akademia dontsuak.

Ez naiz ni besteren baratzean malmetituko, epelak entzun beharko ditut bestela, baina bitxia behintzat egin zitzaidan erabakia. Izen hori modu askotara entzun izan dut neure inguruan: Inazio, Inaxio, Iñazio, Iñaxio, Inizio, Inixio, Iñizio, Iñixio... Azentua ere lehen silaban nahiz bigarrenean jarrita aditu dut, azken -io silaba bakarrean edo bitan ahoskatuta, zetaren ordez esea egiten dutenak ere badira... Konbinazio posible guztiak zenbatuz gero hiru bat dozenako sorta behintzat ateratzen da, baina inoiz, sekula, behin ere ez dut entzun, euskaldun baten ahotan, izen hori /g/ eta guzti esaten.

G puntuak utzita, hizkuntzazko beste bitxikeria bat etorri zitzaidan aurrrekoan, ez begira baina belarrira. Hastekoa da 14. Korrika, bihar Orregatik abiatu eta 20an Bilbon amaituko dena. Horren iragarkia ikusi dut egunotan telebistan, Afrika Bibang abeslariaren hip hop alaiarekin, eta aurtengo leloa errepikatzen dute hainbat lagunek: "Ni ere bai". Hor ez da akatsik, noski, baina esan, hala esaten dute: "Ni, ere bai", geldialdi eta guzti.

Euskaraz normal samar egiten duen edonork badaki (oharkabean jakin) "ere" hori aurreko hitzari loturik ahoskatzen dela beti. "Ní'rebai" izango litzateke nire hizkeran, "Níbebai" bizkaitar batenean. Bideoa zuzendu duen publizistari ordea indargarria irudituko zitzaion tartean pausalditxo bat egitea, "yo, también" baieztapen kategorikoa gogoan akaso (oharkabean gogoan).

etiketak: Saski Naski
Jozulin
Jozulin dio:
2005/03/09 14:16

Otsailaren 5ean Santa Ageda, Santageda, Agate Deuna, Deunagate eta abar ospatzen genuela uste nuen nik, baina CLP-Euskadiko Kutxako egutegian, aurten eta iaz ere bai, hona hemen zer ospatzen dugun otsailaren 5ean: Santa Agata.

Petrus
Petrus dio:
2005/03/13 00:28

Eskerrak, Xabier... kantua entzun eta bideoa ikusi nuenean burutapen berbera etorri zitzaidan burura baina bertan behera laga nuen, lagunek beti esaten baitidate martziano xamarra naizela gauza hauetarako. Baina gutxienez bagara bi martziano Euskal Herrian. :-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.