Hemen zaude: Hasiera Blogak Joana Albret
Dokumentu Akzioak

Joana Albret

Azken bertsioko irakurgailuak ailegatzear daude. Erne.

Bai, bai elektronika etxe batzuk liburuak irakurtzeko gailu berriak merkatuan jatzen ari dira. Gaitasun berri askorekin, irakurgailua izateaz gain   ahalmena edukiko du interneten nabigatzeko, egunkariak irakurtzeko, argazkian ordenatzeko eta gordetzeko, bideoak ikusteko edo emailak bidaltzeko eta baita bideojokuetan ibiltzeko ere.

Oraindik hilabete batzuk iraun beharko dira Euskal Herrira ailegatzeko, baina zalantzarik gabe, laster ailegatuko da, abantail askorekin, orain arte txuri-beltz soilik ikusi ditugun pantailak kolore garbi eta distiratsuak izango dira. Kablerik gabeko gailu honek 700 gramo baino gehiago ez du pisuko, erraz erabiltzeko eta leku batetik bestera eramateko. Ez ditu edukiko teklarik, baina beste aldean edukiko ditu, baizik eta idatzi beharretan idazteko teklatua  pantailan agertuko da.

Espero genuena ailegatu zaigu, gailu batean integratu dituzte ordenagailuen eta liburuen irakurgailuen onura guztiak eta gainera salneurri egoki batean.

Gerardo Luzuriaga

Joana Albret 2010/01/30

Euskadiko Liburutegia Kolokan

Urriaren 26ko 11/2007 Legean, Euskadiko liburutegiei buruzkoan, laugarren xedapen gehigarriak adierazten du liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, 2009ko maiatzaren 19rako sortua eta arautua izan behar zuen legez.

 

Gerardo Luzuriaga (Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordeko kidea)

Larunbatean Gara egunkarian argitatatutako artikulua)

Badaramat bi urte baino gehiago gai honi buruz paperezko prentsan idatzi barik, eta ikustean Gobernu berriak ere ez daukala asmorik Euskal Liburutegia sortzeko, animatu naiz honen gainean lerro batzuk idaztera, nahiz eta ideia gehienak ez diren berriak, nik neuk azken urte hauetan behin baino gehiagotan plazaratu baititut.

Badakigu denok Eusko Alderdi Jeltzalea agintean izan den urteetan ez dela gai izan gainontzeko autonomia erkidegoetan aspaldi sortutako erakunde kultural hau sortzeko. 1990. urtean Liburutegi Nazionalaren Sistema arautu zuen, Euskal Kultura Ondareari buruzko legea indarrean jartzearekin batera. Gehienok espero genuen Euskal Liburutegi Nazionala ere abian jarriko zutela, baina ez zen horrela izan. 1997ko urriaren 2an sortu zen Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia, aldarrikapen jakin eta temati bat aurrera eramateko, Euskal Liburutegia sortzeko asmoarekin, hain zuzen ere. Kulturako arduradun politikoekin hamaika elkarrizketa eduki ondoren, eta komunikabideetara idatzi ugari bidali eta gero, azkenean, 2007. urtean Euskadiko Liburutegien gaineko Legea indarrean jartzea lortu genuen.

Lege honekin ere Joana Albreteko kideak kritiko samarrak izan ginen. Lege-proiektuari hamaika zuzenketa egin genizkion, arrakasta handirik eduki gabe. Baten bat aipatzearren, izenari dagokionez, egokiago iruditu zitzaigun Euskal Liburutegia, edo Euskal Liburutegi Nazionala, Euskadiko Liburutegia baino. Nafarroa eta Iparraldearekiko lotura ekonomiko, geografiko, sozial, eta kulturalak kontuan edukita, eta batik bat hizkuntza bera izanda, garrantzitsutzat jo genuen proiektu batzuk elkarrekin egin ahal izatea, eta hori legean espresuki jaso ez izana gogor kritikatu genuen.

Azken lau urte hauetan EAJ ibili da Euskadiko Liburutegia kokatu nahian. Hasieran Donostiako Tabakaleran 1.000 m2 utzi zuten erakunde horretarako. Ulergaitza egin zitzaigun 25 urte itxaron ostean, horrelako lardaskeriarekin ateratzea. Gero etorri zen Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmena. Ez batak ez besteak ez zeukan ez hankarik ez bururik. Lehenengoan langileak ere ez baitziren sartzen emandako leku eskasean, eta bigarrenean, besteak beste, ez zeukalako zentzurik gipuzkoar guztiak zerbitzurik gabe uztea, Koldo Mitxelena Kulturgunea Euskadiko Liburutegi bihurtzean.

Gauzak horrela, Gobernura PSE iritsi da, eta hara non, heldu bezain laster, Blanca Urgell Kulturako sailburuak adierazi duen, krisi ekonomikoa dela eta, legegintzaldi honetan ez dela azpiegitura berririk izango. Hilabete batzuk igaro ondoren antzerako zerbait adierazi zuen elkarrizketa batean sailburuordeak. Ondo hasi dira! Gureak egin du! Ez ditut errepikatuko Joana Albreteko taldekideok askotan Euskal Liburutegiaren alde prentsan beste artikulu batzuetan eman ditugun argudio teknikoak. Soilik esango dut alde batetik, aipatutako urriaren 26ko 11/2007 Legean, Euskadiko liburutegiei buruzkoan, laugarren xedapen gehigarriak adierazten duela liburutegien legea indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko dela Euskadiko Liburutegia. Hortaz, legez 2009ko maiatzaren 19an, dagoeneko duela 7 hilabete, sortua eta arautua izan behar zuen. Beste alde batetik, krisi ekonomiko batean sartuta gaudenez, proiektu kultural honen sorrerak milioi asko inbertitzeko eta lanpostu ugari sortzeko aukera emango digu, lehendabizi, eraikuntza egiteko, eta gero, langile finkoen lanpostuak sortzeko.

Azkenik, ikus ditzagun, zertzelada batean, zer-nolako eginkizunak beteko dituen Euskadiko Liburutegiak: liburutegi sistemaren buru izango da eta arduratuko da Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoiztutako lanaz; ahaleginak egingo ditu Euskadiko bibliografia-ondarea gordetzeko eta zabaltzeko; Autonomia Erkidegoko bibliografiarako eta ikerketarako zentroa izango da, baita euskal ondare digitalaren egoitza ere; nazioarteko bibliografia-arauak egokituko ditu; Euskadiko libururutegien eremuko erreferentzia izango da...

Euskadiko Liburutegiak betebehar hauek eta aipatu ez ditudan beste batzuk izango ditu Euskal Erkidegoko lurralde osoan. Eginbehar hauek duintasunez aurrera eramateko Administrazioak honako baldintza hauek derrigorrean bete behar ditu: lehenik, 11/2007 Legean datorren bezala (IV. titulua, 28. artikulua), Eusko Jaurlaritzako Erakunde Autonomoa sortzea. Bigarrenik, erakunde honen eskumen guztiak Eusko Jaurlaritzari atxikiak izan behar dira, biblioteka guztien buru eta koordinatzaile izan dadin. Hirugarrenik, Euskadiko Liburutegirako eraikuntza berria sortu behar da, beste arrazoi batzuen artean, euskal kultura komunitatearen ikurra eta erreferentzia izan dadin. Gainontzeko autonomia erkidegoetan aspaldi sortuta daude: Andaluzian 1994an (Granada), Aragoin 1990ean (Zaragoza), Errioxan 1988an (Logroño), Extremaduran 1995ean (Badajoz), Gaztela eta Leonen 1989an (Valladolid), Gaztela-Mantxan (Toledo), Kantabrian 1999an (Santander), Katalunian 1939an (Bartzelona), eta Madrilen 1989an (Madril). Laugarrenik, aurrekoa bezain garrantzitsua da azpiegitura egokia bermatzea, kasu honetan ere ez dago ezer asmatu beharrik, aldamenekoek dauzkaten baliabide materialak eta giza baliabideak begiratzea besterik ez baitaukagu. Adibidez, Nafarroan bukatzear dagoen Nafarroako Liburutegia, non honezkero 14.000.000 euro inguru inbertitu baitituzte, 24.000 m2 edukiko duen eraikuntza berrian. Bosgarrenik, lekua gutxienekoa izan arren, Liburutegi Sistemaren buru izango den erakunde honetarako lekurik aproposena Gasteiz dela uste dut; alde batetik, Gasteiz Euskadiko hiriburu administratiboa delako eta, bestetik, Gasteizen egoteak ahalbidetuko duelako Euskadiko biblioteken sareko irizpide estrategikoak, politikoak eta teknikoak gauzatzea.

Joana Albret 2009/12/28

Unibertso digitalaren doakotasuna

Jakinen 173. aleak liburu elektronikoen inguruko hausnarketa interesgarri ugari (aldaketak, abantailak, izena, garapena, egile-eskubideak…)  dakartza, nire iritziz interesgarrienetariko bat doakotasunari buruzkoa da, ikuspuntu berria bezain funtsezkoa.  Joan Marik argi adierazten du doakotasunak kontsumitzaileen mendekotasuna eta askatasun eza ekar dezakeela, baizik eta erabiltzaileak  telekomunikazioko operatzaileen eskuetan harrapatuta gera daitezke. 

  Izan ere, orain arte artikulu ugari argitaratu ditugu gaur-gaurko egoera salatzeko, bada agintarien alferkeriei esker etorkizunean errentagarriak izango diren proiektu digitalak esku pribatuetan (Google, Microsoft, Amazonas…) gelditzen ari dira. Behin baino gehiagotan, adierazi dugu aurrerantzean, erremediorik izango ez denean, denok ordainduko dugula oraingo batzuen erruak. Etorkizunean orain doain diren zerbitzuak garesti ordaindu behar baitugu.

 Liburutegietako ikuspuntutik, horrela gertatzeak ez dauka ez hankarik ez bururik, liburutegi publikoek aspalditik gorde dute ekoizpen bibliografiko historikoa erabiltzaileen eskuetan jartzeko asmoz, doain gainera. Salbuespena digitalizazioarekin etorri da, orain arte inori ez zaio bururatu Liburutegi Nazional pribatua antolatzea, sortzea eta kudeatzea. Ez da izango, proiektu honetan  negoziorik ez  zegoela, eta orain berriz, ekoizpen digitala kudeatzea erraza izateaz gain pagotxa delako?  Teknika aldetik erraz egin daiteke, baita pertsonal aldetik ere, eta horren ondorioz hor dago diru pribatua sartuta erakunde publikoek egin behar dutena egiteko, gero etekinak haien poltsikoetan sartzeko.  

 Torrealdaik  doakotasunari buruz dioena egokitzat jotzen dut, beste kontu batzuen artean, nazioarteko digitalizazioaren norabidea aldatzeko abiapuntua izan daitekeelako, modernidadearen izenean orain arte izandako zerbitzu publikoak enpresa pribatuen eskuetan uzten ari baikara.

 

Gerardo Luzuriaga

 

Joana Albret 2009/12/10

Liburua unibertso digitalean

Uztaila eta abuztuko 173 zenbakian, Jakin aldizkarian Joan Mari Torrealdaik eta Andoni Sagarnak  liburu elektronikoaren gaineko artikulu bana argitaratu dituzte. Benetan badaukagu lan hauen gaienean zer hausnartu. Ideiak orijinalak, sakonak eta interesgarriak  agertzen baitira.

 Ikus dezagun Torrealdairen “Liburua uniberso digitalean. Liburu elektronikoa” izeneko artikuluan zer aurkitzen dugun.

 Lehendabiziko orrialdeetan apokaliptikoen –liburu elektronikoa paperezko liburuaren mehatxutzat hartzen dutenak- eta integratuen –teknologiaren miresle akritikoak direnak- aurreikuspen okerrak edo desegokiak agerian utzi dizkigu, lan sakona egiten du paperezko eta liburuen elektronikoen bertuteak azalduz, gaur egungo errealitateari erreparatuz. Ikus dezagun zer paragrafokin bukatzen duen Joan Marik atal hau: “paperen eta digidalaren artean bide dagoen oreka hori noiz puskatuko den ez dakit, ez du zertan iraun horrela, baina badirudi joerek gaur-gaurkoz bide beretik jarraituko dutela: zientzia digitalean argitaratuko da; eta literatura papelean”.

 Integratu taldean ez aurkitu arren, susmoa daukat paperezko liburuak denboraren poderioz salbuespen izango direla. Zaila egiten baitzait merkatu berean argitaratzeko bi era hain desberdin irautea. Egun, belaunaldi berriak prestatuta daude digitalizazioari dagozkion aldaketetan murgiltzeko, eta zer esanik ez etorkizunean jaioko diren gizaldiak. Hori bai, esan beharra daukat, nik ere Joan Marik bezala oraingo joera noiz puskatuko den ere ez dakidala, bestetik  liburu elektronikoak ez badute gainditzen merkatua ez nintzatekeela batere tristatuko, bada daukadan adinagatik, paperezko liburuak elektronikoak baino askoz gehiago maite baititut.

(Gerardo Luzuriaga)

Joana Albret 2009/12/09

Miren Azkarateri eskaintza

Igande honetan Deia egunkarian Miren Azkaratek Liburutegi Nazionalaren beharrik
ba ote? izeneko artikulua argitaratu ondoren Joana Albret Bibliotekonomia
Mintegiko partaidea izatea eskaintzea beste erremediorik ez daukagu.

http://www.deia.com/2009/11/29/opinion/tribuna-abierta/liburutegi-nazionalaren-beharrik-ba-ote


Bat nator artikulu horretan esaten duen guztiarekin, pena da orain konturatu
izana, eta ez pittin bat lehenago.

Ea denon artean EUSKAL LIBURUTEGIARI bultzada ematen diogun, eta ahalik eta
azkarren dagokion eraikuntza sortzen dugun Euskal Herriko ikur kulturala izan daitezen.

Gerardo Luzuriaga

Joana Albret 2009/12/02

Euskal Biblioteka

Torrealdaik Euskaltzaindiaren sarrera-hitzaldian EUSKAL BIBLIOTEKA aldarrikatu zuen joan zen larunbatean. Espero dugu Joan Mariren bultzada lagungarri izatea Euskal Biblioteka ahalik eta azkarren sortzeko.

Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa izeneko hitzaldia eman zuen Joan Mari Torrealdaik larunbatean bere herrian, Foruan. Hitzaldia jendez gainezka zegoen. Pasarte hau nahi dut nabarmendu, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiari buruzkoa, hain zuzen ere:  Ahoan bilorik gabe mintzatuz, Biblioteka Nazionalaren planteamenduan aitzindari izan da Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia. Euskal Herri osoko bibliotekari eta dokumentalista andana batek sortu zuen mintegia 1997an, bai biblioteketan eta bai dokumentazio guneetan euskararen erabileraren normalizazioaren egoera tamalgarria konpondu nahian.

Hainbat lan eta proposamen egin izan diete erakundeei, arrakasta handirik gabe, antza denez. Kanpotik begiratuta ezagunenak Biblioteka Nazionalari buruzkoak dira. Behin eta berriz atera dute gaia plaza publikora, bai partaideek indibidualki eta bai kolektiboki. 1998ko bi agiritan ongi islatzen da mintegiaren jarrera.

Lehena adierazpen bat da, 1998ko ekainekoa, Uztaritzen ezagutzera emana:

d) Bereziki, euskarak pairatzen duen bazterkeriari konponbidea emateak lehentasun osoa behar luke izan. Euskal Agentzia Katalografiko bat eskatzen dugu alor honetako arazoak bideratzeko.

Eite honetako biblioteka baten garrantzia hil ala bizikoa da Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariarentzat. Hona bere hitzak: Euskal kulturaren ikuspuntutik, biblioteka nazional bat hil ala biziko arazoa dela esango nuke... Biblioteka Nazionalaren gaia sakon eta askotan aiputan hartu dute Mintegiko beste kide batzuek ere, Gerardo Luzuriaga batek, Agurtzane Juanenak.Pero en los países desarrollados esta función de identidad, de representación cultural, se produce no sólo desde los materiales almacenados, desde unas colecciones de obras muchas veces únicas, que son, sin duda, las mejores del país. A esto lo podríamos llamar "señas de identidad a través de los contenidos"; la cuestión va más allá, va a las "señas de identidad a través del ontendedor".

Joana Albret Mintegiko partaide den Agurtzane Juanenak behin eta berriz azpimarratu du eraikinaren beraren ikur balioa; Juan José Fuentesen zenbait aipu esanguratsu bildu zituen:

Es decir, los documentos son importantes, pero no lo es menos el edificio, que así pasa a ser nuevo y otro "documento"; paralelo al valor de las colecciones es el valor del edificio que las contiene, que pasa a ser así, a su vez, otra muestra de la identidad cultural de la nación. Tan cierto es que la biblioteca nacional, y sus instalaciones, representan unas señas de identidad cultural...  

(Gerardo Luzuriaga)

 

Joana Albret 2009/11/09

Nafarroako profesionalen elkargo berri bat

Nafarroako Liburuzainen Elkarteak (ASNABI) TK aldizkariaren 20 zenbakia argitaratu du. Artikulu ugari dakar, hona hemen Liburuzainen, dokumentalisten eta artxibozainen profesionalen elkargoa sortzeko proposamenaren laburpena.

 Betiko moduan artikuluak ezin interesgarriak dira. Kasu honetan gai ugari ikusi ditu. Oraingoz bat baino ez dut aipatuko, “Alba Bohigas Rossellek, Maria Luisa Garces Alvarezek idatzitakoa: “Futuro del profesional de la información en Navarra: propuesta de creación de un colegio profesional de bibliotecarios, documentalistas y archiveros de Navarra”.

http://www.asnabi.com/revista-tk

Hona hemen artikuluaren laburpena.

Artikulu honetan egileek azpimarratzen dute Profesionalen Elkargoa sortu behar dela lege baten bidez.

Zergatik da beharrezkoa ahalik eta azkarren sortzea?

Eremu horretan arauak ez daudelako, eta beraz, sarbideko bideak  eta laneko eginkizunen arauak ez daude.

Profesionalen elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa izanda, legea ezar dezake.

Abentaiak:

Profesionalen  interesak babestea eta ordezkatzea.

Lanbidearen eginkizunak ordenatzea.

Lanbidearen balio etikoak indartzea, eta bidenabar Informazio gizartean liburuzainen, dokumentalisten eta artxibozainen prestigioaren alde borrokatzea.

 Profesionalak lege aldetik ordezkatuta eta babestuta izatea.

 Profesionalen lan-baldintzak eta merkatuaren sarbideak hobetzea.

 Oharra edo proposamena: Kontuan hartuta, Euskadin ere eremu horretan Kolegio profesionalik ez dagoela, zergatik ez gara saialen euskal bi komunitaterako kolegio profesional komuna sortzea? Ezbairik gabe, biak euskal komunitateak izanda abantailak baino ez ditugu aurkituko. Ea beste batzuek ere honen alde agertzen diren, eta lanean hasten garen.

Gerardo Luzuriaga

Joana Albret 2009/09/29

Liburu elektronikoen etorkizuna

Liburuen eremuan ibiltzen garenoi teknologia eta liburu elektronikoen onurei erreparatzen hastea komeni zaigu, belaunaldi berriei bideak errazteko

Garai aldakorrean bizi gara, aurkikuntza iraultzaileak bata bestearen atzetik datoz. Orain txanda liburu elektronikoei etorri zaie. Lehenik eta behin aurkikuntza guztiak garrantzitsuak izan arren; denak ez direla berdinak azpimarratu nahi dut; izan ere, irakurgailu digitala beste asmakari batzuekin alderatuz puntako asmakizunik ez dela izango onartu behar dut; behintzat, nekazaritza eremuan traktorea edo uzta biltzeko modukoak ez direla izango agerian dago.

Egia da liburua sortu zenez geroztik, irakurketa ohiturek ez dutela funtsean aldaketa handirik izan, euskarria harria, buztina, egurra, papiroa, pergaminoa edo papera izan, irakurtzeko erak berdinak izan direla aurreko mende askotan zehar, eta horrek irakurzaleengan eragin handia izan du. Paperaren erabilera hedatu zenetik, batez ere Guttenbergek XV. mendean inprenta asmatu zuenetik, paperaren ukitze fisikoa, orriak banan-banan behatzez pasatzea, kapituluak bukatzea, orrietan atzera egitea, paper berriaren usain gozoa hautematea, azalen koloreak bereiztea, azal berak ikutzea... irakurketaren balio erantsitzat hartu dugu, eskuan liburua edukitzea, orrikatzea, irudiak mirestea... jakin-mina eta plazer bihurtu da, harik eta irakurleek balio horiek bereganatu arte.

Liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak ailegatu zaizkigunetik, liburu tamainako gailu batean liburu digital asko eta bestelako informazio osagarria gorde daitekeen aparailua merkatura heldu zenetik, abantaila ugari ekarri ditu: irakurtzeko erraztasunak, liburuak edonon eskura uztea, prezioa... harik eta liburu tradizionalen etorkizuna kolokan jarri arte.

Liburuaren egoerari helduz, literaturari buruzko paperezko liburuek sasoi luze batean liburu elektronikoekin batera merkatua partekatuko omen dute. Baina ziur nago urteak aurrera joan ahala, egun idiak soroetan salbuespen bihurtu diren moduan, paperezko liburuen presentzia ere denbora kontua dela, eta etorkizunean desagertu egingo dela.

Egun irakurketak sorrarazten dituen sentsazio gozoak usadio kontua baino ez dira, eta ezbairik gabe, ziur nago irakurketa elektronikoak orain ezagutzen ez ditugun plazerrak irakurri ahala sorraraziko dituela. Gakoa edukian baitago, liburuen edukian, hizkietan eta esaldietan hain zuzen ere, eta ez euskarrian; euskarriak sortutako gustuak, azken finean, ohiturarekin sortzen diren ezaugarri berezia direnez; belaunaldi berriek liburu tradizionalen irakurtzean nabarituko ez dituzten sentsazioak baino ez dira izango, eta, berriz, liburu elektronikoak eta irakurgailu elektronikoak bere bide naturala eginez gero, irakurzaleengan zirrara berriak eta ikaragarriak ekarriko ditu. Areago ziur naiz laster liburu elektronikoen xarmei buruz arituko garela.

Aurrekoak ez du esan nahi gustuko ditudanik liburu elektronikoak, edo paperezko liburuen desagertzearen alde nagoela, nigatik izango balitz, aizkora motozerra edo aitzurra kultibadorea baino nahiago dudan bezala, nahiago ditut liburu tradizionalak liburu elektronikoak baino. Baina idealismoa amets politak izateko oso ondo dago, baina errealitatea gordina da, motozerraren zarata jasanezina izan arren, beharrezkoa bezain lagungarria da basoak garbitzeko eta zuhaitz batzuk botatzeko, eta egun inori ez zaio bururatzen soroetako lanak aitzurraz egitea.

Dena den, paperezko liburuak desagertuko ote direneko eztabaida hau ere antzua da; borroka honetan, beste arlo batzuetan bezala merkatuak markatuko du bidea, merkatuak alde batera joz gero, jai baitaukagu irakurzale tradizionalen baloreak defenditzen, binilozko diskoen entzule amorratuei duela urte gutxi gertatu zitzaien bezala. Oker izan naiteke (oker banintz poz handia hartuko nuke) baina susmoa dut jarrera nabaria dela liburu elektronikoen alde, hasierako bidean izan bagara ere.

Beraz, liburuen eremuan ibiltzen garenoi teknologia eta liburu elektronikoen onurei erreparatzen hastea komeni zaigu, belaunaldi berriei bideak errazteko. Egun, belaunaldi berriak prestatuta daude digitalizazioari dagozkion aldaketetan murgiltzeko, eta zer esanik ez etorkizunean jaioko diren gizaldiak. Ikus ditzagun liburu digitalen eta irakurgailu elektronikoen aldeko abantailaren batzuk: paperezko argitalpenekin alderatuz, prezioa izugarri jaits daiteke, printzipioz papera askoz gutxiago kontsumituz gero, basoak hobeto zaindu daitezke, ez dugu izango ekoizpen bibliografikoa gordetzeko orain ditugun espazio arazoak, paperezko liburuak gordetzeko sekulako lekua behar dugulako...

Gerardo Luzuriaga

Joana Albret 2009/07/30

Liburutegi Digitalei buruzko lehenengo egunaren kronika.

Oso giro onean igaro dugu lehendabiziko eguna, partaide artean ibilbide desberdineko profesionalak somatu ditugu, baita adin desberdinekoak ere. Ikastaroaren balorazioa oso positiboa izan da ez soilik partaiden kopuruen aldetik...

Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren antolatu du ikastaro hau, lehenengo eguneko kronikaren laburpen bat egingo dut.

 Oso giro onean igaro dugu lehendabiziko egunean,  partaide artean ibilbide desberdineko profesionalak somatu genituen, baita adin desberdinekoak ere.

 Karmele Artetxek eta Gerardo Luzuriagak eman diote hasiera  ikastaroari. Markatutako denboratik hogei minutu pasatu badira ere, ulergarria bezain komenigarria izan dira eskupeko ordu erdi hori, bada adierazitako liburutegi digitalen informazio orokorra lagungarria izan  baita  egun osoan landu izan ditugun gaiak barneratzeko.

 Karmelek liburutegi digitalen definizioak, oinarrizko elementuak deskribatu dizkigu. Halaber  objetuen identifikatzaile standarrik zabalduenaz aritu da, PURL (persistent URL), DOI (Digital Object Identifier); liburutegi digitalen erronkekin amaitzeko, hala nola  Interoperabilitatea, egile eskubideen kudeaketa, eta dokumentuen kontserbazioa eta zaintza.

 Gerardok Euskal Liburutegi Digitalen panoramika aztertu du. Nafarroako egoera eta Euskadiko egoera deskribatu ditu, Euskal Liburutegi Digitala sortzeko arazo teknikorik ez dagoela, ezta arazo legalik ere, eta ez dela arazo politikorik ere izan behar azpimarratu du. 2009.ko urtean sortutako egitasmo batzuk aipatu ditu, izan ere, euskal proiektu digitalen erronka batzuk, hala nola web orrien edukien aipamen eta erreferentzia eza, proiektu publikoen aldameneko adierazpena, plangintza eza… aipatu ondoren bukatutzat eman dio bere hitzaldiari.

 Teresa Agirreazaldegik Europeanaren sormena landu du, agerian utzi du  Frantziak egindako ekimenei esker  eta Europako Liburutegi Nazionalei esker sortu dela Europako Liburutegi Digitala.  Jarraian Estatuan sortutako egitasmo batzuei errepasoa eman dizkio, Guttenber, Miguel de Cervantes, Biblioteca Hispanica, esate baterako. Halaber sektore honen ezagaurri hauek nabarmendu ditu:  dinamismoa, digitalizazio masiboak hastear daudela, partaidetzaren egiaztapena, aintzindarien ekimenak erraz zabaltzen direla eta errepikatzen direla…

 Fernando Juarezek, Euskal Herritik kanpo hain ezaguna den Muskizeko Udal Liburutegia hurbildu zaigu. Hamaika hitzaldi eman duelako estatuan, 7.000 biztanle daukan herri horren udal liburutegiaren berrikuntzak azaltzen.  Hausnarketako ikurra asko bota dizkigu, Muskizen egindakoa beste liburutegietan posiblea al da egitea? Lekukoa.  Agerian utzi digu  nola herri txiki batean ere  liburutegia teknologiari eta tresna berriei esker produktuak eta baita lan egiteko era ere erabat  aldarazi dietela. Hona hemen liburutegi aintzindari horren lanabesak: RSS, Del.icio.us, Flirck, Netvibes, Firefox…

 Arratsaldean mahai-inguruan Mikel Elorzak  armiarma egitasmoa aurkeztu digu, Uxune Martinezek Inguma datu-basea, eta Buruxka liburutegi digitalaren gainean ibili zen, Ricardo Gomezek Google booksen materialen bildumari buruzko hitzalditxoa bota zuen. Interesgarriak hirukoak. Mikelek beste gauza batzuen artean astero literatura lan bat sarean jarraituko dutela igotzen adierazi digu, Ricardok azaldu digu nola lortu duen sortzea era erraz batean euskararen gaineko liburu bilduma garrantzitsua, esfortzurik gabe eta baliabide gutxirekin. Uxunek azpimarratu digu inguma basu-datutik zuzenean lan asko testu osoan lor dezakegula, baita ahozko lanak ere.

 Arratsaldeko hitzaldiak eta gero, mahai-inguruan ibili gara, ikastaroko partaideen aldetik oso jarrera aktiboa izan da.

 (Gerardo Luzuriaga)

Joana Albret 2009/07/14

Liburutegi digitalei buruzko UEUko ikastaroa

Eibarren Uztailaren 13 eta 14an UEUk liburutegi digitalei buruzko ikastaroa antolatu du.

Liburutegi digitalei buruz UEUren Udako Ikastaroetan bi egunetako ikastaroa antolatu dute Iñaki Alegriak  eta Karmele Artetxek. Lehenengo egunean liburuzain eta dokumentalistek hitz egingo dute, bigarrenean berriz informatikariak. Egitaraua hementxe kontsulta daiteke:

 

http://ikastaroak.ueu.org/component/ikastaroak/ikastaro/50.html

Zure interesekoa izango delakoan,

Ondo izan eta laster arte.

Gerardo Luzuriaga

Joana Albret 2009/06/01