Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Bide guztiek naramate Elgetara

Mikel Iturria 2007/05/07 06:00

Esandakoa ez nuen bete eta ostegunean ez nintzen hurbildu Joseba Gabilondok Koldo Mitxelena Kulturunean eskaini behar zuen hitzaldira. Bruesa Gipuzkoa Basket saskibaloi taldearen partida ikustera igo nintzen Illunbera. Estreinakoz.

Ostiralean, aldiz, txintxo portatu eta Elgetako Espaloiara igo nintzen. Roberto Giobbi mago suitzarraren showa ikusteko parada izan nuen bertan. Gutxitan ikusi ditut zuzenean magoak. Hemen, Euskal Herrian, haurrei begirako saioak dira nagusiki ikusi ditudanak.

Bertako hotel batean hartu genuen ostatu. Berezi samarra, hori bai. Izan ere, goizeko 10:00etan jaiki, jatetxera jaitsi eta ez zegoen inor bertan. Beste taberna batera joan behar gosaltzera.

Espaloian ikusi nuen udaberriko egitaraua eta nire gustuko beste gauza bat behintzat badago: maiatzaren 26an Txuma Murugarrenek eta Julen Gabiriak eskainiko baitute Mathilde maitatzeko moduak. Okerrik ezean, agertzeko asmoa daukat.

Dena dela, eta Bartzelonara bazoazte aste bukaera honetan, hango Euskal Etxean ikusteko aukera izango duzue maiatzaren 11n, 20:00etan. Ekitaldi oparoa antolatu dute Literaldia 07 izeneko guardasolapean.

En castellano

Zuzenbidea edo gurutzebidea

Mikel Iturria 2007/05/05 06:00

Blogaren aurkezpenean kontatu nuen bezala, Zuzenbidea ikasitakoa naiz. Hamabost urte pasa dira karrera amaitu nuenetik (bide batez, animoak ikasturte honen amaieran azterketen gurutzebidean laster sartuko diren ikasleei). Bizimodua beste zenbait gauza eginez atera dut aurrera eta, beraz, Zuzenbidearekin nuen harreman urria galdu dut jada.

Dena den, ez da asko jakin behar "kutsatuta" egoteak ziurtasun juridikoaren printzipioarekin zer ikusi gutxi duela jakiteko. Kutsadura hitza beste eremu batekoa da. Adibidez, egokiagoa erraustegiari aplikatzeko.

Baina, izar bilakatu nahi duten epaile andana dago gaur egun suelto. Azkena, gauez Pantojaren bila polizia bidali zuena. Eta Sustatuk kontatu bezala, honetan ere euskaldunok badugu zer ikusia.

El País egunkariak argitaratu zuen pasa den asteazkenean Quimi Portet eta Ruper Ordorika musikarien arteko solasaldia. Portet kataluniarrak zera esan omen zuen: "Pantojari ez diote galdetzen zergatik abesten duen gaztelaniaz". Noski. Bera diruduna da eta berari galdetzen diote nondik ateratzen duen dirua, zergak pagatzen ote dituen, etab.

Gauzak dauden bezala, ez nau penatu Zuzenbidearen estratatik barrena ez ibiltzea. Zorionekoa ni.

En castellano

Kaliforniatik bihotzez

Mikel Iturria 2007/05/02 07:00

Joan den astean jaso nuen etxean Postmodernitateari buruzko jardunaldien berri emateko Koldo Mitxelena Kulturuneak bidalitako txarteltxoa. Atentzioa deitu zidan Joseba Gabilondo irakaslearen izenak.

Michigango unibertsitatean ari da lanean Joseba. Izena ezaguna egiten zitzaidan, baina ez nuen zergatia gogoratzen. Curriculuma begiratzerakoan, berriz, honekin akordatu naiz:

Liburua ez dut irakurri, baina mamia Diario Vasco egunkariaren garai bateko Zabalik gehigarrian idatzitako artikuluek osatzen dute. Gustura leitu nuen 80. hamarkadaren bukaeran edota 90. hamarkadaren hasieran argitaratutako Kaliforniatik bihotzez gutun sorta. Hasierako esaldia kenduta ez dut beste ezer gogoratzen: oker ez banago, Dear Marijo ziren beti lehenengo berbak. Estimu handitan nituen artikuluak, niretzat urrunekoak ziren kontuak azaltzen baitziren bertan.

Liburua aurkitu eta irakurri beharko dut. Bitartean, maiatzaren 3an eta 4an izango da Gabilondo zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera Donostiako KMKn. Ea ostegunean joaterik dudan, ostiralean Elgetako Espaloiara igotzeko asmoa baitaukat.

En castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter