Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Salda badago

Mikel Iturria 2006/01/14 17:57

Hilbeltza dela nabarmen egin zait lehen lan aste honetan, martxa hartu ezinik ibili naizelako: ez lanean, ez blogean, ez ezertan. Eta egon dira gai interesgarri batzuk astean zehar. Patxadarik eta gogorik ez haiei heltzeko, ordea.

BEC, BEC, BEC

XX. mende bukaerako Donostiako Belodromoari lekukoa hartu dio BECek mende berri hasiera honetan. Jada bat baino gehiago izan dira bertan egin diren ekitaldi nagusiak, baina euskaldunok erreparatu diogu Centreri bertsolariak bertan egon direnean. Orain ezker abertzalearen txanda da. Datorren asteburuan Bide Eginez Centre izan dadila. Amen.

Osasuna

Osasunaren sinbolo edo the organization-en sinbolo den polemika horretan, gustatu zitzaidan pasa den osteguneko Pásalo saioan Gorka Landaburu kazetariaren ateraldia. Honen berbaldiaren aurreko erreportaian María San Gilen prentsaurrekoa eta Batasunaren bertsioen berri eman zuten. Ondoren, Landaburuk hitza hartu eta oso modu naturalean esan zuen: “Gaur egun Batasuna herritarren osasunaz kezkatzen dela jakitea pozgarria da niretzat”. Hori esan zuen the organization-en ondorioak pairatu zituen esku kaltetuari eragiten zion bitartean.

Eta bapatean

Maddi eta Joseba Irazoki bikotearen Iglua bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen Erakusleihoan. Inprobisazioa oinarri zuen kontzertu zinematografikoa zela zioten protagonistek. Soinuak eta irudiak nahasian. Ostegunean izan zen hori.

Hurrengo gonbidatua, martxoaren 23an, Giorgio Bassmatti izango da Eta bapatean proiektuarekin. Martin Varsavskyk bere enpresa-egitasmo fonianoa blog bidez zabaltzen duen bezala, antzeko-parezido hasi da Love of 74 blogean. Ea zer egiteko gai den amodio jauna.

Mundo Café, Mundo Tortilla, Mundo Txotx

Mundo Café ikuskizunaren azken emanaldia ikusi nuen Lugaritzen ostiral arratsean: Narf galegoak, Miquel Gil valentziarrak eta Jabier Muguruza euskaldunak, musikari lagunekin, egin duten kantautore espektakuluaren bukaera donostiarra.

Sorpresa izan dira niretzat beste bi kantautoreak, batez ere Narf. Fran Perez ditu izen-abizen eta, aire zeltak alde batera utzita, hegoaldera begiratzen du: Portugal eta Afrika lusofona.

Maiatzean egon ziren Egiako Kultur Etxeko Gazteszenean eta txantxa Mundo Tortillarekin egin zuten. Atzoko txantxa Mundo Txotx izan zen eta hori horrela zela frogatzeko eta proiektuaren bukaera ospatzeko sagardotegira jo zuten musikariek.

Florentino eta Gipuzkoarena berria

Mikel Iturria 2006/01/07 08:30

Atzoko periodikuetan irakurri genuen zenbat diru irabazi duen Gipuzkoa eta Donostia Kutxak urte bikainean. Ez da izan saritu bakarra, Euskadiko Kutxak ere etekin politak espero ditu. Gu tonto deitzeko modu bat besterik ez da: beraiek irabazten dutena, guk galtzen baitugu. Espero dezagun gure agintariei ez otutzea euskaldun bat sartu behar dela Forbes zerrenda madarikatu horretan (munduko gizon-emakume aberatsek osatzen duten klubean). Aznarren garaian beste espainol ilustre batzuk lortu bezala, harro legoke Florentino Pérez bere izena taldetxo horretan ikusi ezkero. Juan Carlos Escudier kazetariak idatzi eta Ediciones Foca argitaletxeak publikatu berri duen liburua erosi eta irakurri dut gabonetan. Valladolideko perfumero baten semea nola bihur daitekeen gaur egungo munstroa azaltzen saiatu da autorea, "Florentino Pérez. Retrato en blanco y negro de un conseguidor" liburuan.

Bide-injenieritza karrera amaitu ondoren, Asociación Española de la Carretera izeneko lobby batean sartu zen, errepideak egiten zituzten konstruktoreek sortutakoa. Bertan goxo bizi zituen Francoren azken urteak. Horretan eta, bitxia bada ere, Guía del Ocio aldizkaria martxan jartzen.

Demokrazia iritsi zela esan ziotenean, UCD alderdira jo zuen, Madrilgo Udalean eta Espainiako Gobernuan kargu ezberdinetan aritzeko. Partidua malamaneran desagertu zenez, eta politikan jarraitu nahi zuela erabakita, Roca operazioa zeritzon hartan murgildu zen. Asmoa Partido Reformista Democráticoa sortu eta bertan Espainiako liberalak biltzea. Saiakera kamutsa suertatu eta oso gaizki pasa omen zuen Flok.

Politika alde batera utzita, laster hasi zen etxe eta errepidegintzan. Erosi zuten lehenengo konstruktora Construcciones Padrós izan zen, baina gaur egungo ACSra iritsi arte operazio askotan sartu du bere burua (kontabilitate sortzailean ere maisu izateraino).

Real Madrid taldeko presidente izatea lortu zuen… bigarrenean, lehenengoan bera baino zakurrago ibili baitzen Ramón Mendoza (beraz, frakaso bat baino gehiago batu zituen Perezek gaur egungo liderra izan arte). Figoren fitxajea besapean, 2000 urtean irabazi zituen hauteskundeak. Udalean zegoela egin zituen auzo eta langile mugimenduetako kontaktuak aprobetxatu zituela dio Escudierrek. Izan ere, palkoan tokia gordeta omen dute Espainiako bi sindikatu nagusietako buruek, Candido Méndez eta José María Fidalgok (imaginatzen dituzue Anoetan edo San Mamesen Elorrieta eta Usabiaga palkoan?)

Gaur egungo Realari gertatzen zaion bezala, kluba zorpetuta zegoen bera iritsi zenerako. Nola pagatu zituzten zor horiek eta gaur egungo martxa? Valdebebas izeneko eremuan itzelezko operazio urbanistikoa abiatuz. Eta hori lortu zuen Madrilgo alderdi gehienen onespenarekin. Hori bai, Florentinoren zapatan agertu zen Matilde Fernández izeneko harri txintxarra (ministra izandakoa Felipe Gonzálezen garaian). Emakume hau Madrilgo Udalean PSOEren burua zen eta Florentinok ez omen zuen lortu sozialisten aldeko botoa.

Dena dela, José María García harroputza irrati mundutik kendu zuen bezalaxe, azken udal hauteskundeetan Matilde ez da izan sozialisten zerrendaburua, Trinidad Jiménez baizik. Ondo moldatzen baita Flo madridista amorratua den Pérez Rubalcabarekin, Zapateroren fontanerorik fontaneroenarekin.

Etor gaitezen etxera. Gure klubak dituen zorrak aipatu ditut goian. Foru Aldundiak erabaki du hainbeste maite dugun Realari urtero bi milioi euro ematea hurrengo hiru urteetan. Eta hori nahikoa izango ez denez, igual baten bati okurrituko zaio lozorroan dagoen Gipuzkoarena egitasmoa berpiztea (beste izen batekin, noski). Kutxak ere, urte bikain honetan, jarriko du zeozer mahai gainean. Seguru.

Atxagak dioen bezala, aurrerago eta goxoago bat saltzen saiatuko baitira.

Bidasoa Media sortu dute, Bidasoa Beheko euskaldunon aldizkaria

Mikel Iturria 2006/01/05 15:20

Azken bolada honetan ez dakit dena dagoen ilun edo notizia ilunei bakarrik erreparatzen diedan. Proiektu berriak martxan jartzeko jendea badagoela ikusteak, balio dezake nire aldartea aldatzeko. Horietako proiektu bat da pasa den udazkenean Txingudi inguruan abiatu dena (Irun, Hondarribia, Hendaia, Pausu, Biriatu). Bidasoa Media du izena eta koordinatzailea interneteko lagun zahar bat dut: Juan Etxenike. Atzo Irunen egon nintzen trago bat hartzen, honetaz eta hartaz hitz egiten beste lagun batekin. Tabernan ikusi nuen ekimen hau ezagutzera emateko atera duten berripapera. Zorte on! Juan Etxenike

Etxenike ezaguna dut Bidasoa posta zerrenda martxan jarri zuelako pasa den mendearen bukaeran. Amaiera eskasa izan zuen ekimen hark. Tartean PP alderdiaren sinpatizante bat sartu zen, ABC periodikua, alardea, terrorismoa… Sinpatizante sinpatikoa ez zen oso iaioa eta azkar samar deskubritu zen posta zerrendan zabaldutako mezu aldrebes baten atzean eskuindar bat zegoela.

Dena den, Juanek bukatutzat eman zuen zerrenda. Handik hilabete batzuetara Asturies aldera joan zen ez-dakit-zer proiektu interesgarritan parte hartzeko, baita hemendik alde egin nahi zuelako ere.

2005ean bueltatu zen herrira eta geldirik egoten ez dakien horietakoa denez, kalean ikusi nuen egun batean esan zidan aldizkari digitala abiatzekotan zeudela. Hori urrian izan zen. Azaroaren 24an egin zuten aurkezpena Hondarribiko Zuloaga Etxean. Hemen entzun dezakezue Juan Aitor Errazkinek Antxeta Irratian eginiko elkarrizketan. Aurkezpen eguneko kronika ere topatuko duzue idatziz hemen.

Hala ere, esan bezala, atzo herrian egon nintzen eta tabernan topatu nuen paperezko Bidasoa & Media aldizkariaren 0 alea, 2005eko abendukoa. Bidasoa Beheko euskaldunon aldizkari gisa aurkezten dute.

Paperezko aldizkarian elkarrizketa

Kazetaria: Zer da Bidasoa Media proiektua?

Etxenike: Astekari digital bat da. Ostiralero eguneratzen dugu eta internetez ikus daiteke helbidean.

Kazetaria: Zer aurkitu dezakegu bertan?

Etxenike: Bidasoa Median Txingudi-Bidasoa eskualde naturala osatzen duten Irun, Hondarribia, Hendaiai, Biriatu eta Pausuko berriak irakurri daitezke, batez ere, baina ez hori bakarrik. Argazki galeria bat aurkitu daiteke bertan, ekitaldien tabloia eta laguntzaileen ekarpenak.

Kazetaria: Zer nolako ekarpenak egiten dituzte laguntzaileek?

Etxenike: Momentuz lau laguntzaile ditugu. Juanma Sarasola irundarra, Berria egunkarian lan egiten du nazioarteko sailean. Berak ezin hobeto ezagutzen du mundu mailan uneoro gertatzen dena, gainera Palestinaren Askapenerako borroka gertutik jarraitu du, gero Ipar Irlandan bizi izan da. Horretaz gain, idazle bikaina da, Bidasoa Median Sokoburuko dunetatik izeneko zutabea dauka, eta bertan munduan gertatzen denaren berri izango dugu.

Halaber, Oier Imaz eta Haritz Zubeldiak, biak filosofia lizentziadunak eta Oier UEUko filosofia saileko kidea da, aurten Aristotelesi buruzko ikastaroa antolatu zuen Iruñeako Larraona ikastetxean. Bera eta Haritz bere Taberna Magikoan solasean arituko zaizkigu, bere taberna magikoan egunerokotasuna eta filosofia kontuak nahastuko dira gu ulertzeko eran.

Bukatzeko, Iker Garaialdek Tekniaren Hackelarrean teknologiaren alde askatzailea badagoela erakutsiko digu. Software askea, hackerren mugimenduak, teknologiaren alde ilunak, etab. azalduko dizkigu. Azken finean, jende asko dago oraindik informatikaren eta interneten munduan oso iaioa ez dena. Laurek bi asteetan behin idatziko dute eta Bidasoa Median topatzeko aukera izango duzue.

Horretaz gain, Bidasoa Median erabiltzen dugun euskara maila onekoa dela ziurtatzeko Joxan Elosegi idazlea eta itzultzaileak gainbegiratzen ditu gure testuak eta hainbat zuzenketa eta proposamen egiten dizkigu.

Kazetaria: Zer egin nahi duzue etorkizunean?

Etxenike: Lehenik webgunearen azala oso txukuna geratu bada ere, zenbait orrien ikuspegia nahiko lehorra edota pobrea geratu zaigu, horien txukuntzea da gure lehenengo lehentasuna. Bigarrenik, jendearen parte hartzea bultzatu nahi dugu.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter