Florentino eta Gipuzkoarena berria
Atzoko periodikuetan irakurri genuen zenbat diru irabazi duen Gipuzkoa eta Donostia Kutxak urte bikainean. Ez da izan saritu bakarra, Euskadiko Kutxak ere etekin politak espero ditu. Gu tonto deitzeko modu bat besterik ez da: beraiek irabazten dutena, guk galtzen baitugu. Espero dezagun gure agintariei ez otutzea euskaldun bat sartu behar dela Forbes zerrenda madarikatu horretan (munduko gizon-emakume aberatsek osatzen duten klubean). Aznarren garaian beste espainol ilustre batzuk lortu bezala, harro legoke Florentino Pérez bere izena taldetxo horretan ikusi ezkero. Juan Carlos Escudier kazetariak idatzi eta Ediciones Foca argitaletxeak publikatu berri duen liburua erosi eta irakurri dut gabonetan. Valladolideko perfumero baten semea nola bihur daitekeen gaur egungo munstroa azaltzen saiatu da autorea, "Florentino Pérez. Retrato en blanco y negro de un conseguidor" liburuan.
Bide-injenieritza karrera amaitu ondoren, Asociación Española de la Carretera izeneko lobby batean sartu zen, errepideak egiten zituzten konstruktoreek sortutakoa. Bertan goxo bizi zituen Francoren azken urteak. Horretan eta, bitxia bada ere, Guía del Ocio aldizkaria martxan jartzen.
Demokrazia iritsi zela esan ziotenean, UCD alderdira jo zuen, Madrilgo Udalean eta Espainiako Gobernuan kargu ezberdinetan aritzeko. Partidua malamaneran desagertu zenez, eta politikan jarraitu nahi zuela erabakita, Roca operazioa zeritzon hartan murgildu zen. Asmoa Partido Reformista Democráticoa sortu eta bertan Espainiako liberalak biltzea. Saiakera kamutsa suertatu eta oso gaizki pasa omen zuen Flok.
Politika alde batera utzita, laster hasi zen etxe eta errepidegintzan. Erosi zuten lehenengo konstruktora Construcciones Padrós izan zen, baina gaur egungo ACSra iritsi arte operazio askotan sartu du bere burua (kontabilitate sortzailean ere maisu izateraino).
Real Madrid taldeko presidente izatea lortu zuen… bigarrenean, lehenengoan bera baino zakurrago ibili baitzen Ramón Mendoza (beraz, frakaso bat baino gehiago batu zituen Perezek gaur egungo liderra izan arte). Figoren fitxajea besapean, 2000 urtean irabazi zituen hauteskundeak. Udalean zegoela egin zituen auzo eta langile mugimenduetako kontaktuak aprobetxatu zituela dio Escudierrek. Izan ere, palkoan tokia gordeta omen dute Espainiako bi sindikatu nagusietako buruek, Candido Méndez eta José María Fidalgok (imaginatzen dituzue Anoetan edo San Mamesen Elorrieta eta Usabiaga palkoan?)
Gaur egungo Realari gertatzen zaion bezala, kluba zorpetuta zegoen bera iritsi zenerako. Nola pagatu zituzten zor horiek eta gaur egungo martxa? Valdebebas izeneko eremuan itzelezko operazio urbanistikoa abiatuz. Eta hori lortu zuen Madrilgo alderdi gehienen onespenarekin. Hori bai, Florentinoren zapatan agertu zen Matilde Fernández izeneko harri txintxarra (ministra izandakoa Felipe Gonzálezen garaian). Emakume hau Madrilgo Udalean PSOEren burua zen eta Florentinok ez omen zuen lortu sozialisten aldeko botoa.
Dena dela, José María García harroputza irrati mundutik kendu zuen bezalaxe, azken udal hauteskundeetan Matilde ez da izan sozialisten zerrendaburua, Trinidad Jiménez baizik. Ondo moldatzen baita Flo madridista amorratua den Pérez Rubalcabarekin, Zapateroren fontanerorik fontaneroenarekin.
Etor gaitezen etxera. Gure klubak dituen zorrak aipatu ditut goian. Foru Aldundiak erabaki du hainbeste maite dugun Realari urtero bi milioi euro ematea hurrengo hiru urteetan. Eta hori nahikoa izango ez denez, igual baten bati okurrituko zaio lozorroan dagoen Gipuzkoarena egitasmoa berpiztea (beste izen batekin, noski). Kutxak ere, urte bikain honetan, jarriko du zeozer mahai gainean. Seguru.
Atxagak dioen bezala, aurrerago eta goxoago bat saltzen saiatuko baitira.
kontxo. Pentsatzen nuen kalean hainbeste aldiz entzun dudan zurrumurruari buruz hitzegin behar zenuela: Florentinoren eraginpena Gipuzkoaren proiektuan eta Asti "fat boy" presidente ohiaren hazieran.