Etxebizitza duina? Noski baietz, Pako
Pako Belmonte blogkide dut Javier Ortizenean. Bartzelonan martxan jarri den etxebizitza duinaren aldeko mugimenduan dabil buru belarri. Komunikabide tradizionalek gero eta kasu gehiago egiten diete. Adibidez, Cuatro telebista katean Ana García Siñerizek eta Boris Izaguirrek arratsalde pasa egiten duten programa txotxolo horretara gonbidatu zuten. Ringaren beste aldean, Pilar Rahola dibinoa, mugimendu hori kriminalizatu nahian. 6 minutuko iraupena du bideoak. Bikain aritu zen Pako.
Oharra: Helbide honetan begiratu. Orain ez dut asmatzen bideoa zuzenean hemen sartzen.
Gazte etorkinen auzia Gipuzkoan
Atzo ikusi nuen bezperan grabatutako David Truebak eginiko Carta Blanca telebista saioa. Gustuko dut formula: astean behin ezaguna den norbait gonbidatzen dute saioa egitera eta honek nahi dituen gonbidatuak ekartzen ditu platora (Davidek, besteak beste, Jabier Muguruza). Horietako bat Forges umorista izan zen. Etorkinen gaiarekin lotura duen udako biñeta bat geratu zitzaidan iltzatuta. Etorkinez beteriko patera (utz iezadazue izen hau erabiltzen) ageri da itsasoaren erdian. Eta ume batek galdetzen dio amari: "Gu goazen herrialdean egongo da arkatzik, ezta?". Behean, leienda bat: "2050eko Literatur Nobel Saria" (edo antzeko zerbait).
Marokoko gobernuaren errepresioa
Eta horretaz gogoratu naiz gaur goizean Mataróko Mariaren e-mail hau irakurri dudanean:
"Chakib Alkhayari laguna, Giza Eskubideen aldeko Rif-eko lehendakaria, eta José Palazón, Haurren Eskubideen aldeko Melillako Elkarteko lehendakaria, Marokoko poliziaren jazarpena ari dira pairatzen. Jazarpen hau bizitu da Rif-eko Elkarteak Mohamed VI.a erregeari zuzendutako gutun bat argitaratu zuenetik. Agiri horretan droga trafikoan Nador-eko segurtasun agintarien inplikazioa salatzen zuten".
Marietak gazteleraz dauden zenbait esteka pasa dizkit informazioaren osagarri:
Gipuzkoan 92 gazte atzerritar daude Foru Aldundiaren menpe
Mari Carmen Marín da Gizarte eta Erakunde Harremanetarako diputatua. Goiko lotura horretan duzue urriaren 31n Diario Vascori eskaini dion (eta hautsak harrotu dituen) elkarrizketa. Elkarrizketa horretan dio 92 gazte atzerritar atenditzen dituela Aldundiak.
Zergatik sortu da zalaparta hori? Tolosako alkateak, Jokin Bildarratzek, hurrengo egunean publikoki erantzun ziolako, komunikabide berean, Marín andereari. Gezurrak esatea leporatu zion diputatuari. Tolosan dago horietako gazte batzuk jasotzen dituen gune bat (asko Gipuzkoako herri ezberdinetako pentsioetan eta hoteletan daude, egoera tamalgarrian) eta herriko merkatariak, eta gainerako bizilagunak, eskandalizatuta daude sortutako iskanbilekin.
Ostegunean Diarioak eskaini zion editoriala gai honi eta gainerako alderdiek ere egin zituzten adierazpen publikoak.
Tolosako (eta Urnietako) kontu honetaz egin nuen berba duela pare bat aste hauetako gazte batzuekin lanean aritutako hezitzaile batekin. Hark esan zidanez, egoera lehertzeko zorian zegoen. Eta badirudi puntu horretan gaudela.
Nire iturrien arabera, diru gutxi inbertitu du Aldundiak (konpetentzia berea da) egoera honi aurre egiteko orduan. Ez diete beharrezkoa zuten prestakuntza eman hezitzaileei eta lan-baldintza kaskarretan aritu dira (soldata eskasak, lan-ordu asko).
Oker ez banago, duela pare bat urte ere antzeko-parezido ibili ginen (gazte hauek jasotzen zituen horietako zentro bateko hezitzaileek ezina plazaratu zuten eta komunikabideek jaso zuten gaia).
Denbora pasa da, baina ez dugu ezer ikasi. Oraindik oso jende gutxi dugu, baina SOS Arrazakeria taldeko Peio Aierbek Berria egunkarian ostiralean plazaratutako iritzi artikuluan dioen bezala, "gureak ere badira gazte adingabe horiek" eta horretaz jabetzen ez garen bitartean, zaila izango da irtenbideak lortzea.
Lortu duzue nahi zenuten argazkia
Arrazoi du Jon Eskisabelek : "Soziedad Alkoholikako kideak eta managerra Espainiako Auzitegi Nazionalean, akusatuen aulkian eserita. AVT elkarteak euskal abertzaletasunaren aurkako jazarpen kanpaina musika taldeetara zabaldu zuenetik lortutako enegarren garaipenaren irudia. Taldeak pairatu duen boikot eta eraso mediatiko eta judizialaren ondoren ez baitago epaia kaleratu arte itxaron beharrik auzi honetan benetako biktima nor den ebazteko".
Xabier Martinek sinaturiko artikuluan, berriz, epaia bizpahiru aste barru kaleratuko dela dio. Juanek, SAko abeslariak, taldea ataka honetatik berrindartuta aterako dela uste du: "hiltzen ez zaituenak indarra ematen dizula esaten dute, ezta?" Ea horrela den.
Taldearen webgunean jasaten ari diren kanpainari buruzko informazio gehiago.
Agur Lipus, agur Antzerkiola?
Gaurko Berrian Iñaki Ziarrustaren gutuna irakurri dudan arte, ez naiz gogoratu Ander Lipus komerianteak agur esan zuela pasa den asteko Argian publikatutako Nekea izeneko artikuluan. Penatuta irakurri dut berriro ere. Nekatuta dagoela dio Lipusek, behin eta berriro hasi behar izan dutelako 10 urte hauetan. Orain, berriro hasteko tenorea iritsi zaienean, ez duela indarrik aitortu du markinarrak. Jarraituko du, segiko dute. Zain ditzagun gureak! Animo Lipus! Animo Antzerkiola! Nekea
Badakit! Utopiaren ibaietan zehar gabiltzanontzat, nekea, ez da hitz polita. Baina, errealitateak utopiak baino gehiago agintzen du. Eta guztiok dakigu, osasuna erabat garrantzitsua dela edozein proiektu, ideia edota utopia aurrera eramateko. Ia hamar urte pasa dira, Antzerkiola sortu genuenetik. Nahi eta nahi ez, krisialdiak beharrezkoak direla diote. Hori bai, gure politikariei ez diegu inoiz entzungo euskal antzerkia krisian dagoenik. Bost axola politikariei euskal antzerkigintzaren alorrean ikerketak, sorkuntzak... duen eragina. Gaztetan Hertzainak taldearekin batera gogor eta ozen abesten nuen "Euskadin Rock&Rolak ez du inoiz, dirurik emanen". Hitz berdinak erabili antzerkiarekin edo, petralagoa al da antzerkilarion egoera? Izan ere, euskal eskuindar pentsamoldeko gobernu honi ez zaio inoiz interesatu kultura, eta are gutxiago kulturgintzaren berrikuntza politiko, sozial zein estetikoa. Herri honek armagintzan zenbat diru mugitzen duen kontuak atera behar! Gaur egungo herri aberatsak horrela aberasten dira. Mesedez, ez hitz egin, espiritualtasunaz, zuen Jaungoikoa aspaldi usteldu zen.
Argi dago sorkuntza artistikoak administrazioarekin oztopoak baino ez dituela izaten. Eta, zentzu honetan, profesionaltasuna eskatzen digute, baina hauen funtzionalitatea erabat amateurra da. Izan ere, ez dute ofizioa batere ezagutzen, eta ofizioaren beharrak are gutxiago. Gainera, Euskal Herrian ere, Espainian erabiltzen duten modelo berdinak erabiltzen dituzte. Herritarren benetako demandak guztiz ondo aztertu eta kontuan hartu gabe.
Estruktura hauetan ere hutsune asko ikusten dira. Adibidez, antzerki taldeok jaso dezakegun dirulaguntza jakina da ez dela sarritan nahikoa izaten. Izan ere, zertarako dirulaguntza jaso, gero ez badaukagu emanaldiak banatzeko aukerarik. Eta egia da, antzoki bakoitzak presupuesto batekin lan egiten du eta agian, presupuesto horietan bakarrik hilabetean ekoizpen bat edo bi ekartzeko aukera dauka, soilik. Azkenean sarea, arrazoi bat edota bestegatik konplikatu egiten da, eta norbere sortze lana ia ezerezean gelditzen da.
Nik, eta Antzerkiolan sortu genuen enpresarekin utopia bat bilatzen nuen, eta ez da posible izan. Ez zerotik, baina berriro hasi behar dugu, eta nekagarria da. Nire ilusioa, oholtza gainean antzerkia egitea da, eta ez enpresa bat sortzea.
Motibazioa galdu dut, ilusio barik nabil.
Aldizkari honetan ere gustura ibili naiz nire gogoeta xumeak nolabait aportatu nahian. Baina, agur esateko ordua iritsi da. Argiari nire esker ona ematen bukatu nahi nuke, eta nola ez, zuri, irakurleari. Inoiz ez nuen imajinatuko, iritzi artikuluak idatziko nituenik. Baina antzerkiak eta euskarak merezi du. Eskerrik asko guztiori, bihotzez. Antzerkian ikusiko gara. Nekeak erremedioa dauka eta.
Ander Lipus
Denok bat
Badago bihotza estutzen digun berririk. Domekan BERRIAko Hemerotekan irakurri nuena horietakoa izan da. Antzerkiola Imaginarioaren sortzaile Ander Lipusena zen artikulua. Idatzi horretan, kultura politikarien eskuetan dagoelako hariari tiraka, zera zioen: «Motibazioa galdu dut. Ilusio barik nabil». Zalantza barik, Lipusek kritikatzen zuenarekin bat gatoz kultura munduan gabiltzanok. Guk geuk erabaki genuen lubakietan bizitzea, barrikadaren lehenengo lerro horretan egotea. Lubaki horrek bizitza eman eta, batzuetan, kendu ere egiten digu. Barrikada horretan, Utopiaren barrikada horretan, askotan igartzen da bakardadea eta nekea, eta oso atsegina da Antzerkiola Imaginarioaren moduko gerrakiderik topatzea. Atsegina baino gehiago, ezinbestekoa da, nekearen gainetik jarraitzeko adorea ematen digutelako. Ez dut batere gustuko eroritako lubaki-kideei lurra ematea, eta dagoeneko erori batzuk ikusiak ditut. Ez dut beste bat ikusi gura. Euskal Herrian ezin dugu Antzerkiola Imaginario legezko konpainiarik galdu. Gehiegizko luxua da hori guretzat. Eurek eman dizkigutelako arnasteko arnasa, bidean jarraitzeko bidea eta amets egiteko ametsak. Geu ere Olivetti haietako mamu bat gara; geuk ere printze urdina izan gura dugu; geu ere Trotskiren lagunak gara; geuk ere Yuriren dantzari tinko jarraitzen diogu; eta geuk ez diogu au revoir esan gura. Silvio Rodriguezen kantan Bertold Brechten berbak zabaltzen ziren, eta Antzerkiolakoak azkenean aipatzen direnetakoak dira.
Iñaki Ziarrusta. Gaitzerdi Teatroko aktorea
