Agur Lipus, agur Antzerkiola?
Gaurko Berrian Iñaki Ziarrustaren gutuna irakurri dudan arte, ez naiz gogoratu Ander Lipus komerianteak agur esan zuela pasa den asteko Argian publikatutako Nekea izeneko artikuluan. Penatuta irakurri dut berriro ere. Nekatuta dagoela dio Lipusek, behin eta berriro hasi behar izan dutelako 10 urte hauetan. Orain, berriro hasteko tenorea iritsi zaienean, ez duela indarrik aitortu du markinarrak. Jarraituko du, segiko dute. Zain ditzagun gureak! Animo Lipus! Animo Antzerkiola! Nekea
Badakit! Utopiaren ibaietan zehar gabiltzanontzat, nekea, ez da hitz polita. Baina, errealitateak utopiak baino gehiago agintzen du. Eta guztiok dakigu, osasuna erabat garrantzitsua dela edozein proiektu, ideia edota utopia aurrera eramateko. Ia hamar urte pasa dira, Antzerkiola sortu genuenetik. Nahi eta nahi ez, krisialdiak beharrezkoak direla diote. Hori bai, gure politikariei ez diegu inoiz entzungo euskal antzerkia krisian dagoenik. Bost axola politikariei euskal antzerkigintzaren alorrean ikerketak, sorkuntzak... duen eragina. Gaztetan Hertzainak taldearekin batera gogor eta ozen abesten nuen "Euskadin Rock&Rolak ez du inoiz, dirurik emanen". Hitz berdinak erabili antzerkiarekin edo, petralagoa al da antzerkilarion egoera? Izan ere, euskal eskuindar pentsamoldeko gobernu honi ez zaio inoiz interesatu kultura, eta are gutxiago kulturgintzaren berrikuntza politiko, sozial zein estetikoa. Herri honek armagintzan zenbat diru mugitzen duen kontuak atera behar! Gaur egungo herri aberatsak horrela aberasten dira. Mesedez, ez hitz egin, espiritualtasunaz, zuen Jaungoikoa aspaldi usteldu zen.
Argi dago sorkuntza artistikoak administrazioarekin oztopoak baino ez dituela izaten. Eta, zentzu honetan, profesionaltasuna eskatzen digute, baina hauen funtzionalitatea erabat amateurra da. Izan ere, ez dute ofizioa batere ezagutzen, eta ofizioaren beharrak are gutxiago. Gainera, Euskal Herrian ere, Espainian erabiltzen duten modelo berdinak erabiltzen dituzte. Herritarren benetako demandak guztiz ondo aztertu eta kontuan hartu gabe.
Estruktura hauetan ere hutsune asko ikusten dira. Adibidez, antzerki taldeok jaso dezakegun dirulaguntza jakina da ez dela sarritan nahikoa izaten. Izan ere, zertarako dirulaguntza jaso, gero ez badaukagu emanaldiak banatzeko aukerarik. Eta egia da, antzoki bakoitzak presupuesto batekin lan egiten du eta agian, presupuesto horietan bakarrik hilabetean ekoizpen bat edo bi ekartzeko aukera dauka, soilik. Azkenean sarea, arrazoi bat edota bestegatik konplikatu egiten da, eta norbere sortze lana ia ezerezean gelditzen da.
Nik, eta Antzerkiolan sortu genuen enpresarekin utopia bat bilatzen nuen, eta ez da posible izan. Ez zerotik, baina berriro hasi behar dugu, eta nekagarria da. Nire ilusioa, oholtza gainean antzerkia egitea da, eta ez enpresa bat sortzea.
Motibazioa galdu dut, ilusio barik nabil.
Aldizkari honetan ere gustura ibili naiz nire gogoeta xumeak nolabait aportatu nahian. Baina, agur esateko ordua iritsi da. Argiari nire esker ona ematen bukatu nahi nuke, eta nola ez, zuri, irakurleari. Inoiz ez nuen imajinatuko, iritzi artikuluak idatziko nituenik. Baina antzerkiak eta euskarak merezi du. Eskerrik asko guztiori, bihotzez. Antzerkian ikusiko gara. Nekeak erremedioa dauka eta.
Ander Lipus
Denok bat
Badago bihotza estutzen digun berririk. Domekan BERRIAko Hemerotekan irakurri nuena horietakoa izan da. Antzerkiola Imaginarioaren sortzaile Ander Lipusena zen artikulua. Idatzi horretan, kultura politikarien eskuetan dagoelako hariari tiraka, zera zioen: «Motibazioa galdu dut. Ilusio barik nabil». Zalantza barik, Lipusek kritikatzen zuenarekin bat gatoz kultura munduan gabiltzanok. Guk geuk erabaki genuen lubakietan bizitzea, barrikadaren lehenengo lerro horretan egotea. Lubaki horrek bizitza eman eta, batzuetan, kendu ere egiten digu. Barrikada horretan, Utopiaren barrikada horretan, askotan igartzen da bakardadea eta nekea, eta oso atsegina da Antzerkiola Imaginarioaren moduko gerrakiderik topatzea. Atsegina baino gehiago, ezinbestekoa da, nekearen gainetik jarraitzeko adorea ematen digutelako. Ez dut batere gustuko eroritako lubaki-kideei lurra ematea, eta dagoeneko erori batzuk ikusiak ditut. Ez dut beste bat ikusi gura. Euskal Herrian ezin dugu Antzerkiola Imaginario legezko konpainiarik galdu. Gehiegizko luxua da hori guretzat. Eurek eman dizkigutelako arnasteko arnasa, bidean jarraitzeko bidea eta amets egiteko ametsak. Geu ere Olivetti haietako mamu bat gara; geuk ere printze urdina izan gura dugu; geu ere Trotskiren lagunak gara; geuk ere Yuriren dantzari tinko jarraitzen diogu; eta geuk ez diogu au revoir esan gura. Silvio Rodriguezen kantan Bertold Brechten berbak zabaltzen ziren, eta Antzerkiolakoak azkenean aipatzen direnetakoak dira.
Iñaki Ziarrusta. Gaitzerdi Teatroko aktorea
Doctor Deseori esker ikusi nuen Lipus Arriagan asko gustatu zitzaidan nola hartu zuen parte Doctor Deseoren Metamorfosian; espero dut aurrera jarraitzea zein oso ondo defendatzen da taula gainean.