Artikulua
Xabier Lasak igandetan Berria egunkarian duen tartea irakurtzeko ohitura dut, irratigintza munduko gaiei errepaso eginez idatzitako zutabea. Domekan aipatu zuen arrotza egiten zitzaiola Pedro G. Larraganek Radio Euskadin, gauez, egiten dituen titularren errepasoan el artikulua gehitzea Deia, Gara edo Berriari. Honela zioen:
"Ezin ohitu: Barkatuko digu Pedro G. Larraganek txaplatak izatea eta huskeria berarekin etortzea bigarrengoz. Euskaldun baten belarriak ezin baitira ohitu Deia, Gara eta Berria egunkariak gaztelaniazko el artikulua aurretik jarrita entzutera. Juaristi Gara-ko kazetari eta REko tertulianoak ere ohartarazi izan du, baina Larraganek bereari eusten dio, tick baten modura".
Astelehen gauean, Larraganen tartea entzun nuen Radio Euskadin. Pedrok adierazi zuen elipsia egiten zuela: "El (diario) Gara". Hala ere, hemendik aurrera saiatuko zela ohitura hori aldatzen.
Irrati horretan badago Mikel Arregi izeneko beste kazetari bat, goizetan errepideen egoerari buruzko informazioa ematen duena. Honek kontrako ohitura du: hau da, la artikulua kentzea Ertzaintza edo Policía Foralari buruz ari denean. Hots, "Ertzaintza informa" edo "Policía Foral informa" esaten du (atzo, ordea, "La Ertzaintza" esan zuen). Ez dakit zuek, baina nik la artikulua faltan botatzen dut kasu horretan.
Tarte horrekin ari garenez, badirudi garai bateko beste ohitura txarra desagertze bidean dagoela: tarte hori información útil (informazio erabilgarria) gisa aurkeztearena, informatiboaren gainerakoa ez-erabilgarria, inutila, izango balitz bezala.
Uste dut gero eta okerrago idazten eta hitz egiten dugula, pentsatzeko eta irakurtzeko gero eta denbora (edo gogo) gutxiago dugulako.
Post Scriptum: zenbat akats egin ditut goiko bost paragrafoetan? Hobe ez jakitea.
Dvorameren enterrua
Pasa den ostiralean lurperatu egin zuen Diario Vascok Dvorame. Ez modu duinean, ez. Malamaneran: "La oferta de los viernes de DV se potenciará desde la próxima semana con el nuevo suplemento SDV que heredará lo mejor del DVorame y otros contenidos de entretenimiento orientados de cara al fin de semana. Las páginas de la Guía del Viernes de hoy sirven de paréntesis en espera de SDV".
Duela hamar egun deitu zidaten Diario Vascotik. Elkarrizketa egin nahi zioten Elena Odriozolari Dvoramen argitaratzeko. Irudigilearen telefonoa eman ondoren, hor bukatu zen nire lana.
Ostiral goizean, aspaldiko partez, erosi egin nuen diarioa. Bezperan irakurri nuenez, hura izango zen azken Dvorame-a. Sorpresa hartu nuen Elenari eginiko elkarrizketa gehigarri horretatik kanpo ikusi nuenean. Alde batera begiratu, bestera begiratu, inon ez zegoen Dvorame-ren arrastorik. Norbaitek, azken egunetan, azken orduetan, erabakiko zuen ez zuela merezi azken gehigarri hori kaleratzeak. Eta kitto. Oharra jarri eta amaitutzat eman.
Pena ematen dit Iñaki Zaratarengatik. Gaztea nintzenean aski gustura irakurtzen bainuen gehigarria. Eta bera izan zen produktuaren sortzaile, Miguel Larrea zuzendari zen garaian.
Duela hamabi urte Miramar Jauregian eginiko jardunaldi batean egon nintzen, EHUren Udako Unibertsitatean. Gazte jendeari begira eginiko gehigarriei buruzko mahaingurua antolatu zuten arratsalde hartan. Zarata hantxe zegoen. Berak esan izan du beti, Dvorame zela Espainia Estatuko lehen gazte gehigarria, prentsa tradizionalari dagokionez.
Kontua da Dvorame malamaneran enterratu dutela eta lerro hauen bidez esan nahi nion Iñaki Zaratari egin diotenaz konturatu garela (irakurlearekiko errespetu falta ahaztu gabe).
Nire esker ona, Zaratiegi.
EH 2.0 (III) Vicent Partal: "Euskaldunek ez duzue zuen burua gehiegi estimatzen"
Arratsaldeko 19:15etan hasi zuen bere jarduna Vicent Partalek. Arazo tekniko batzuk egon ziren eta ezin izan genuen pantailan ikusi berak prestatutakoa. Dena dela, komunikatzaile aparta da eta ez zuen batere arazorik izan nahi zuena behar den bezala adierazteko. Aurrekariak
Domeinuaren lorpena, 11 urteko lanaren ondorio da, kultura eta hizkuntza baten errekonozimendua.
Baga, Unibertsitatea
Tim Berners-Leek, World Wide Web-aren asmatzaileak (eskerrik asko e-gor), lehen webgunea 1991ko abuztuaren 6an jarri zuen sarean. Handik gutxira, 1992an, etorri zen lehen webgune katalana. Castellóko Jaume I Unibertsitateak moldatu zuen. Webgune hori mundu mailan sortu ziren lehen ehun webguneen artean dago. Katalanez eta ingelesez egindako unibertsitatearen oinarrizko aurkezpena zen.
Hiru unibertsitateren paper garrantzitsua aipatu zuen: Castellóko Jaume Ia, Universitat de Illers Balears eta Catalunyako Politecnica.
Internet 1995 urtean ailegatu zen etxeetara. Bitartean, unibertsitatea izan zen interneteko sarbidea eta ohitu egin zuten jendea internet katalanez erabiltzen.
Gainera, unibertsitate hauek Pangea bezalako proiektuekin unibertsitatea gizarte mugimenduetara zabaldu zuten.
Biga, sare lokala
Urte horretan ere, 1995ean, sortu ziren interneteko lehen enpresa katalanak.
Munduan globalak agintzen duenean, Kataluniako sarea lokala bihurtzen da. Sare lokal horiek sendoak dira eta hurrengo hamar urteetan proiektua bermatzen aritu ziren lanean.
Bitartean, ikuspegi global horren porrota gertatzen da. Hau da, .com fenomenoaren leherketa, Amerika Latinoa konkistatu nahi zuten enpresa espainiar haiek guztiak. Terra.com eta enparauen porrotak, dortokaren ereduari irekitzen dio bidea: hau da, komunitate lokalak, eredu jasangarri bakarra.
Gaur egun, fenomeno hau hobeto ulertzen da, baina urte konplikatuak bizi zituztela esan zuen Vicent-ek. Eskerrak katalana identifikatzeko oinarrizko lan sendoa eta ona egin zen.
Higa, kanpoko bisibilitatea
Arazoa kanpoko bisibilitatea zen eta horretarako kanpaina ezberdinak egin zituzten, besteak beste webguneak katalanez indexatzea: hau da, html-n jarri hura katalanezko edukia zela. Kanpaina hau arrakastatsua suertatu zen.
Lluís de Izaguirre informatikariak lortu zuen katalana zer den adieraztea formula matematiko baten bidez. Kosta egin omen zitzaien errumanieratik eta okzitanieratik desberdintzea, baina lortu egin zuten.
Hori lortu ondoren, Google erraldoiak bere interesa agertu zuen. Gaur egun bilatzaile handi guztiek katalanezko bilaketak egiten dituzte.
Une hori, kanpoko errekonozimendua lortzearen unea, garrantzitsua izan zen: guri begiratu, asmo sendoak ditugu-eta.
Katalanezko edukiak sortzerakoan, hizkuntza hori modu masiboan erabiltzen dela demostratzen duzu. Horrela, netscape bezalako enpresa batek, katalanez atera zuen haien produktua.
Aipatzekoa ere hizkuntz bolondresek eginiko lana, batez ere softcatalá elkartearen bidez, beraiek itzuli baitituzte guztiak.
Hori da bidea, software librearena, eta ez Microsoft-i dirutza ematea.
Beste urrats garrantzitsua Yahook eman zuen: katalana ohiko hizkuntza gisa sartu baitzuen. Honela, Californiako Yahoo-ren egoitzan, badago katalanez lanean diharduen pertsona bat.
Bilatzaile espainiarrek, bitartean, katalanari ez-ikusiarena egiten diote, baina inkesta handietan interneteko 18. tokian ageri da hizkuntza hori.
Honek guztiak ondorio biderkatzailea du: enpresa eta erakunde ez kataluniarrek kasu egiten diete. 20 hizkuntza erabilienen artean dago eta Hamburgoko Udalaren webgunea , Ryanair, etab. katalanez daude.
.cat mugimendua
Hau guztiau adierazi ondoren esan zuen: "eta orduan hasi ginen .cat mugimenduarekin". Hori 2001 urtean gertatu zen.
Kataluniako parlamentua saiatu zen .ct domeinuarekin eta ez zuen lortu.
Iratxe Esnaolak esplikatu zuen ondorengo mahainguruan, pantaila baten laguntzaz, ICANNek TLD (Top Level Domain) edo lehen mailako domeinuak bi taldetan banatzen dituela:
cc-TLD, estatu-kodeak.
g-TLD, orokorrak: hiru multzotan banatuak:
Historikoak: .com, .net, .org, gov…
Ez babestuak: .biz, .info, .pro…
Babestuak, komunitate bati lotutakoak: .museum, .aero, .coop…
.cat elkarteak, Amadeo Abril abokatuaren lidergoaz, erabaki zuen domeinu babestuen bidetik jotzea. Hau da, bide politikoari uko eginez, hizkuntza eta kultura kataluniarra ordezkatuko lukeen .cat domeinuaren bila joan ziren.
Bide politikoari uko egiteak (estatu kodeen ataka itxita dauka ICANNek) lurraldea ez aipatzea esan nahi du. Eta honela, katalana hizkuntza global gisa aurkeztu zuten.
Kanpaina 2002 urtean abiatu zen, 98 elkartek eta 68.000 hiritarrek bultzatuta. Negoziazio prozesu luzea eta gogorra izan zen, baina 2005eko irailaren 16an ICANNek onetsi zuen .cat domeinua.
ICANN erakundearekin sinaturiko kontratua 1.000 orrialdetik gorakoa da. Edozeinek du domeinu horren baitan katalanezko webgunea erregistratzeko eskubidea, salbuespenak salbuespen (delinkuentzia antolatua), beti ere hizkuntza eta kultura horrekin duten harremana frogatuz gero.
Ondoren, .cat fundazioa sortu zuten, kontratuak hala aginduta. Bertan, enpresa, elkarte eta norbanakoak daude ordezkatuak. Ez omen da zaila fundazioa gobernatzea.
ICANNek baimendutako enpresek egiten dituzte erregistroak eta bide hori 2006ko otsailaren 13an abiatu zen. Hasiera batean, usurpazioak ekiditeko, lehentasunezko eskubideak eman ziren, baina apirilaren 13tik atea zabalik dago edonorentzat. Gaur egun 15.000 domeinutik gora (18.000 eskabide) daude.
Laburpena
Katalanera benetan erabiltzen den hizkuntza da, era masiboan gainera.
Gainera, informazioari dago lotuta (hizkuntza modernoa) eta horrek sinesgarritasun plusa ematen dio.
Gizarte zibila, unibertsitateekin batera, gai izan da ingurune arrakastatsua eraikitzeko, enpresa eta gobernuen gainetik pasatuz.
Garrantzitsua da esatea ere kataluniera hizkuntza globala dela: globalizazioa eta kanpoko bisibilitatea.
Kanpoko errekonozimendua: argi eta garbi dago honek barruan ondorio onak dituela (harrotasun puntua).
Bidea zabaldu edo itxi
Galdera: .cat lortzeak bideak zabaldu ditu edo gaur egun atezain hobea dago eta zailagoa da bide hori jorratzea?
Vicent-en ustez, bidea ireki du. ICANN 10 domeinu berri emateko prest egon daiteke (Eskozia tartean). Oso erakunde zurruna da, gogorrak dira, baina garbi jokatzen du. Bidea ez da erraza (ezin da bertara bi orri eta power point batekin joan), atzean proiektu sendoa erakutsi behar da.
ICANN-eko ordezkariek amesten zutena zen katalanek beren eskabidea erretiratzea. Arazo larriak izan ditzaketelako hemendik aurrera (adibidez, .islam balizko eskabidea).
Hizkuntza globala, glokala
Patxi Gaztelumendik zoriondu zuen, lehenengo aldiz entzuten zuelako hizkuntza minorizatu bateko kide bat bere hizkuntza globala dela esanez, negarrik egin gabe azalduz. Hori eta glokal terminoa esplikatzea eskatu zion.
Vicent-ek esan zuen glokalak direla, begirada lokala eskaintzen diotelako globaltasunari. Errorik gabeko globaltasuna arriskutsua da. Eta begirada lokalak, bakarrik, ez du ezer aportatzen. Gai global guztiak interesatzen zaizkie. Jendeak haiek entzutea bilatzen dute.
Joan Fusterren esaldia (valentziarra izatea katalana izateko gure modua da) bereganatu zuen: "katalana izatea globala izateko gure modua da".
Argi du Vicent-ek global izateak ez duela zerikusirik demografiarekin. Ingelesa eta frantsesa kenduta gainerako hizkuntza guztiek ez dute balio munduan ibiltzeko, global izateko.
Haren ustez, hiztunaren jarreraren baitan dago: norberaren hizkuntzak ez du balio behar etxean bakarrik erabiltzeko. Adibide gisa, Barcelona futbol taldea aipatu zuen ("mes que un club"). Bitxia izan zela pasa den urtean Txina eta Japonian izandako biran bertakoak katalanez kantatzen entzutea. Mentalitatea da gakoa.
Noski daudela mugak, baina ez duzu zure identitatea ezkutatu behar. Edozein hizkuntza izan daiteke globala nahi izanez gero (erabili internet, komunikabideak, unibertsitatea).
Bultzatzaileak eta finantzabideak
Eneko Astigarragak galdetu zuen .cat kanpainaren bultzatzaileak zeintzuk ziren eta zer nolako finantzabideak izan zituzten.
.cat elkartea sei lagunek osatzen zutela esan zuen, Amadeo Abril abokatuaren gidaritzapean. Erakunde ezberdinetako pertsonak bildu ziren, baina pertsona horiek ez zituzten erakunde horiek ordezkatzen, indibidualki zeuden bertan.
Sei lagunez osaturiko talde horren inurri lana isilpean egin zen, era diskretoan. Vicent-ek esan zuen herrialde guztiak ondo funtzionatu zuela, bakoitzak bere papera betez: banketxeek dirua eman zuten, politikariak isilik egon ziren, elkarte ezberdinek babesa eta konfiantza eman zieten, Montilla ministroak ere, nahiz eta ez egon alde, ICANNek galdetu zionean, Espainiako gobernuak ez zuela ezer esateko adierazi omen zuen, gai pribatua zela. PPri ez zioten ezer esan, zertarako?
Lana egiterako orduan erraztasun hauek izan zituztela, besteak beste, inork ez zuelako uste helburua lortuko zutela. Gero, fundazioa sortutakoan bai egon direla sesioak, baina eramangarriagoak dira helburua lortuta.
Vilaweb
Partal kazetaria da eta atari horren fundatzailea. OJDk dio 250.000 irakurle dituztela eta EGMk herrialdeko 6. egunkari jarraituena dela.
Horretan funtsezkoa da Vilaweb-ek produktu ttikiekin duen harreman ona: "ez dago Kataluniako internet-en Midas erregerik".
Hamaika urteko kazetaritza proiektua da, prentsa tradizionalarekin deseroso, ez oso pozik, zeudelako. Komunikabide alternatiboa da, baina baita masiboa ere. Garai bateko Liberation periodiko frantsesaren espiritua aldarrikatu nahi zuen, ez oraingoa. "Ezkerreko periodikoa gara, baina eskubiko irakurleak izatea poztekoa da. Lider papera nahi dugu".
Hau da, ez dute Letiziaren haurdunaldiaren berri eman haien medioan, Danimarkako edozein printzesaren haurdunaldiaren berri ematen ez duten bezala.
Konfidentzialen moda horren kontra daude: kalitatezko kazetaritza nahi dugu.
Atea zabalik dago edonorentzat: parte hartzeko gonbita da, komunitatea(k) sortzeko gonbita.
Kazetariaren profila eta papera aldarrikatzeko proiektua da. Periodiko bat besterik ez gara, baina berrikuntzarako joera eta ahalmena baloratzen dugu: aukerak bilatu behar dira, ero moduan, gainera. Adibidez, otsailean, internet bidezko telebista abiatu dute. Eduki horiek eMulen, iTunes-en, youtube-n jartzen dituzte ere. Ez dakite zer egiten ari diren, baina frogak egiten ari dira, ea zer atera daitekeen ikusteko.
Elena Odriozola ilustratzailearen Minimo erakusketa (II)
Ostiralean erakusketaren inaugurazio jendetsua izan genuen (50en bat lagun). Aurkezpenean Patxi Gaztelumendik Mutilmedia.com-en utzitako komentario batean Vicent Partalen esaldia aipatu nuen: "euskaldunek ez duzue zuen burua batere estimatzen". Pribatuan esandakoa zen hori, baina Vicent-ek ere aipatzen du antzeko zerbait bere blogean.
"Alhora, però, són molt durs amb ells mateixos. Jo crec que massa. La capacitat de diàleg que vaig veure ahir era molt més que destacable però tothom reclamava més i més i criticava amb duresa el que definien com excés de capelletes. Jo els deia que tingueren més confiança en ells mateixos".
Hona hemen ostiraleko nire hitzak:
Arratsaldeon. Ongi etorriak guztiak. Kultur etxearen izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet gaurko ekitaldira hurbiltzeagatik.
Erakusketa honek Minimo du izena eta Elena Odriozolaren azken urteko lanen bilduma da.
Zer da minimo? galdetuta hona hemen bere erantzuna: "Minimo da nik lortu nahi dudana (…) Gutxienarekin dena espresatzea".
Gu ere herri minimoan, ttikian, bizi gara. Kultur etxea ere ttikia da, minimoa, Anoeta Estadioa munstrotzarraren barruan.
Honen harira, atzo hitzaldi batean egon nintzen. Hizlarietako bat Vicent Partal kazetari kataluniarra zen, nazioartean beren burua ezagutarazteko martxan jarritako ekimen baten berri ematera etorritakoa. Antolatzaileetako batek kontatu du Partalek, pribatuan, esandako gauza bat: "euskaldunek ez duzue zuen burua batere estimatzen".
Elena Odriozola bezalako artistak ditugu gurean. Gehienetan, hemen errekonozitzen ditugu kanpora ateratzen direnean. Bera bezalako artista lokal hauen lana aldarrikatu nahiko nuke: atzerrian estimatua den artista bat, baina hemen lanean ari dena.
Elena: eskerrik asko guztiagatik. Eskerrik asko ere zure lana hemen erakusteagatik.
Bukatzeko. Futbol estadioan gaude. Autobusean, hona nentorrela, Liverpool taldearen leloa ikusi dut barruko pantailan: "Ez zara inoiz bakarrik ibiliko". Uste dut hemen bildutakook hori esan nahi dizugula.
