Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Poesia ahotan

Mikel Iturria 2004/11/16 08:04

Asteazkenean Unai Elorriaga izan genuen kultur etxean eta ostiralean Pako Aristi. Unai Un tranvía en SP” liburuari buruzko gaztelaniazko literatur solasaldira etorri zen eta Pako, berriz, Erakusleihoa programaren baitan gonbidatu genuen Libreta horiko prolemak emanaldiarekin.

Hasi baino lehen: Libreta horiko poemak olerki-liburuari buruz hitz egitera etorri zen Pako. Komunikabideak nahastu egin dira emanaldiaren izenburuarekin. Batzuk uste izan dute prentsa-oharrean akats bat zegoela eta emanaldia Libreta horiko poemak gisa aurkeztu dute. Beste batzuk Libreta horiko problemak izan behar zutela erabaki dute. Ba ez, ondo zegoen prentsa-oharra: Libreta horiko prolemak.

Eguraldi txarra egiteaz aparte, KMn musika eta literaturari buruzko jardunaldiak izan dira astean zehar. Asteazkeneko ekitaldiaren ordutegia ere gaizki azaldu da. Hala eta guztiz ere, 35 bat lagun bildu ziren Unairen solasaldian. Emakume askok parte hartzen du tertulia honetan eta emakume gehiago etorri zen Unairekin berba egitera. Gustura atera zirela uste dut.

Hala ere, poesiari buruz hitz egin nahi nuela hasi naiz eta oraindik ez dut ezer esan horri buruz: Pako Aristi gonbidatu genuen Erakusleihoa egitasmora. Pakok musiko baten laguntzaz bere poema-liburu horri buruzko komeri batzuk azaldu nahi zituen. Musikoa Mikel Markez zen. Bien artean landu zuten ostiraleko emanaldia. Hala ere, Markez gaixotu eta Jexus Mari Lopetegi laguntzaile zuela agertu zitzaigun urrestildarra.

Pakoren teoria da poesiak liburuan izan behar duela indarra. Irakurleak bere bakardadean poesiarekin topo egin eta "danba!" asmatu behar duela benetazko poesia onak. Azken bolada honetan poesia ikuskizun bihurtze horrekin ez dago bera oso konforme. Biluztearen aldekoa da.

Arrazoi izango du. Edo ez. Ni ez naiz poesia irakurle. Poesiara musikaren bidetik iristen naiz. Hau da, ez dakit zein musikok ez dakit noren poesia kantu bilakatu duelako nik erositako auskalo zein diskotan.

Jabier Muguruzaren eta Patxi Zubizarretaren 28 letra 7 nota emanaldi bat ikusi nuenean irudiaren laguntza bota nuen faltan. Ez da poesia zentzu hertsian: Patxik testu bat irakurtzen du bidaiaren inguruan eta Jabierrek, ohiko musikoen laguntzaz, kantak abesten ditu.

Harkaitz Canori ere entzuna diot testua, musika eta irudiak nahasten duen Hirisladak ikuskizunean gero eta argazki gehiagorekin ari direla lanean. Berak ere biluztearen aldeko apustua egingo lukeela ulertu diot.

Oñatin irailaren erdialdean poesia topaketak egon ziren. Bertan, irakurtaldi soila egin zuten Canok, Tere Irastortzak, Emma Couceirok eta Kataluinako poeta batek. 100 lagun bildu ziren hura entzutera. Egia da zailago egiten dela biluztasun horrekin testua entzutea.

Unai Elorriaga idazlea prosa poetikoa egitearen alde azaldu zen asteazkenean. Solaskide batzuk aipatu zioten poesia txertatua dagoela gaztelerazko lehen liburu horretan. Berak baietz erantzun zuen. Pozik seguruenik.

Pakok aurreko bi poesia liburuekin 800-850en bat ale saldu zituela aipatu zuen. Aitortu zuen agian egokiago da, zeren eta hemen inork ez du argi eta garbi esaten zenbat ale saltzen dituen.

Libreta horiko poemak liburuko lehen emanaldia zen pasa den ostiralekoa. 2200 aletik gora saldu dituela bota zuen. Gauzak horrela badirudi bere tesia ondo oinarritua dagoela.

Hala ere, bost poema irakurri zituen Pakok. Batzuk Lopetegiren gitarraren laguntzaz, beste batzuk gabe. Ikusleen artetik bost epaile gonbidatu zituen horiek epaitzera. Aristiren teoria, hala ere, ez zen gailendu: berak uste omen zuen aurretik musikarekin batera irakurritakoak irabaziko zutela. Ez. Berak uste zuen sozialenak gailenduko zirela. Ez. Berak uste zuen intimoenak baztertuko zituztela. Ez.

Ez, ez eta ez. Baina ondo pasa dut nik bi egunetan.

Realak 0 - Espanyolek 2

Mikel Iturria 2004/11/08 22:38

Partida amaitzear zegoela, altxatu egin nintzen eserlekutik. Presaka nebilen. Beheko tribunara jaitsi nintzen, arbitroak azken txistua jotzeko zain. Ondorengo hau entzun nion errealzale bati:

"Le suelo ver al presidente paseando cerca de mi casa. El tío me suele saludar. La próxima vez le va a saludar su padre. Que se vaya a tomar por culo el cabrón ese".

Asti, aurkeztu dimisioa gure lagun honen agurra galdu nahi ez baduzu behintzat.

Estonia bide gurutzean

Mikel Iturria 2004/11/08 22:33

Joan den udan Baltikora bidaiatzekotan egon nintzen, baina azkenean Siziliara joateko erabakia hartu genuen. Baltikoko herrialdeak bisitatzeko egun gutxi geneuzkan eta bidaia ez zitzaigun gainera oso merkea iruditu.

Nahiz eta Estoniara ez joan, estoniarrekin topatu naiz bidean. Tolosako abesbatzen lehiaketa aprobetxatuz, Donostian zenbait emanaldi antolatzen ditu Donostia Kulturak. Oporretara joan aurretik (edo etorri ondoren) CITetik gure auzoan zein taldek hartuko zuten parte bidali ziguten. Eta horietako bat Estonian TV Girls Choir izan zen. Ahots berdinen kategorian bigarren tokia lortu zuten Tolosan

Emanaldia urriaren 28an izan zen Amarako Famili Santuaren Elizan. Hantxe ezagutu nuen Eneko Itziar (uste dut izen hori aipatu zidala, orain ez daukat gertu egun hartako oharra). Eneko eibartarra da eta "estoniomaniakoa" berak esandakoaren arabera. Hango zenbait kontu aipatu zizkidan. Badakit on Luis Fernandez ere antzeko-parezido dela.

Gaur gauean, sukaldean nengoela, Radio Euskadi piztu dut. La casa de la palabra Roge Blascoren irratsaioan Tallinen zegoen euskal kazetari bat elkarrizketatu dute. Dirudienez Europa abierto izeneko saioa egiten ari da irratia Europar Batasuneko herrien berri gure artean zabaltzeko. Hango zenbait kontu interesgarri bota ditu Tallin-dik eta bihar goizean Boulevard saioan arituko omen da.

Enpin, halako batean joango gara Estoniara.

Henry Nkumu

Mikel Iturria 2004/11/07 22:55

Henry Nkumu 1953ko maiatzaren 17an jaio zen Afrikan, Zairen edo Kongon. Ez dakit egia ote den, baina norbaitek esan zidan aita Che Guevararekin batera aritu zela gerrillan. Aita hil zutenean, Chek semea Kubara eraman zuen.

Han ezagutu zuen bere emazteak, Jonek. Hori duela hamar bat urte gertatuko zen. Asko borrokatu ondoren, ezkondu eta elkarrekin Euskal Herrira etortzea lortu zuten. Donostian bizi ziren. Henryk lana ere aurkitu zuen, baina, amaitu egin zitzaion kontratua eta, geroztik, hilabete asko pasa zituen langabezian.

2001eko uztailean Kubara joan nintzen oporretara. Habanan bizi den semeari, Alain, eta emazte ohiari dirua eta paketeren bat eramateko geratu ginen Henry eta Jonerekin. Garaia hartan ezagutu nuen nik Henry. Geroztik, kalean ikusten nuenean oso modu edukatuan agurtzen ninduen. Nahiz eta oso dantzazalea ez izan, Egiako kontzerturen batean ere egin izan genuen topo.

Azken aldiz, uztailaren bukaeran ikusi nuen, Jazzaldian, Donostiako Trinitate plazan, Rubén Blades eta Spanish Harlem Orchestrak emandako kontzertuan. Handik aste batzuetara esan zidaten gaixorik zegoela. Eta ez zuela gehiegi iraungo. Zoritxarrez, horrela izan da. Azaroaren 4an hil zen. Emazteak eskela jarri zuen periodikuan:

”La batalla fue dura y desigual: el cáncer venció pero no nos pudo quitar lo más importante, lo que sentíamos el uno por el otro”.

Azaroaren 5ean erraustu zuten. Agur eta ohore, gizona. Animo, Jone.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter