Estonia bide gurutzean
Joan den udan Baltikora bidaiatzekotan egon nintzen, baina azkenean Siziliara joateko erabakia hartu genuen. Baltikoko herrialdeak bisitatzeko egun gutxi geneuzkan eta bidaia ez zitzaigun gainera oso merkea iruditu.
Nahiz eta Estoniara ez joan, estoniarrekin topatu naiz bidean. Tolosako abesbatzen lehiaketa aprobetxatuz, Donostian zenbait emanaldi antolatzen ditu Donostia Kulturak. Oporretara joan aurretik (edo etorri ondoren) CITetik gure auzoan zein taldek hartuko zuten parte bidali ziguten. Eta horietako bat Estonian TV Girls Choir izan zen. Ahots berdinen kategorian bigarren tokia lortu zuten Tolosan
Emanaldia urriaren 28an izan zen Amarako Famili Santuaren Elizan. Hantxe ezagutu nuen Eneko Itziar (uste dut izen hori aipatu zidala, orain ez daukat gertu egun hartako oharra). Eneko eibartarra da eta "estoniomaniakoa" berak esandakoaren arabera. Hango zenbait kontu aipatu zizkidan. Badakit on Luis Fernandez ere antzeko-parezido dela.
Gaur gauean, sukaldean nengoela, Radio Euskadi piztu dut. La casa de la palabra Roge Blascoren irratsaioan Tallinen zegoen euskal kazetari bat elkarrizketatu dute. Dirudienez Europa abierto izeneko saioa egiten ari da irratia Europar Batasuneko herrien berri gure artean zabaltzeko. Hango zenbait kontu interesgarri bota ditu Tallin-dik eta bihar goizean Boulevard saioan arituko omen da.
Enpin, halako batean joango gara Estoniara.