Hemen zaude: Hasiera Blogak Izan eta Esan Artxiboa 2008 Maiatza

Artxiboa Maiatza 2008

Interes publikoa, egilearen eskubidearen muga?

Patata eta Zubi Zuri epaiak

patata

Joan zen astean Andres Nagel eskulturgileak Amorebieta-Etxano Udalaren kontra jarritako auziaren epaia jakin genuen. Honetan, Bilboko 1 zk. Merkatal Epaitegiko epaileak onartu egiten du Udalak ez duela eskultura tokiz aldatzeko ahalmenik, baina ez demandagileak (eskulturgileak) argudiatzen zituen arrazoiengaitik, alegia, egilearen eskubide moralarengaitik. Epaileak ondorio horretara iristeko erabili duen arrazonamenduak ez dauka egilearen eskubide moralarekin zerikusirik: dio aurretik kontratuan bi alderdien artean eskulturaren kokalekua hitzartuta zegoela, eta beraz, kokalekuaren aldaketa kontratuaren aldaketa izango litzatekela. Eta kokalekua aldatzeko ez dagoela interes publikorik. Hori da behintzat prentsan irakurtzetik atera dudana, ez baitut epaia hitzez-hitz inon topatu.

 

Epai honetan beraz, epaileak onartu egiten du interes publikoa egonez gero, eskultura tokiz aldatzea bazegoela, nahiz eta, ebazten du, kasu honetan interes publikoko arrazoirik eman ez eskulturaren lekualdatzea justifikatzeko.

 

 Epaile berak interes publikoaren argudio berbera erabili zuen Bilboko Udalaren aurka Calatrava arkitektoak ipinitako demanda ez onesteko. Kasu honetan ebatzi zuenez, bazegoen interes publiko bat Calatravak egindako Zubi Zurin aldaketak egitea justifikatzen zuena, egileak bere lana ez aldatzeko duen eskubide moralaren gainetik.

 

zubizuri

Bi kasuetan hortaz interes publikoak egilearen eskubideei mugak ipintzen dizkio. Bi epaiak ez dira irmoak, errekurtsogai izan dira, eta hilabete batzuk barru jakiingo ditugu Bizkaiko Probintzi Auzitegiko ebazpenak bi kasuotan.

 

Egile-eskubideak arautzen dituen legeak, babes osoa ematen dio egileari literatur, arte, zientzia lan baten egile izateagaitik, eta bere lanaren gaineko eskumen osoa ematen dio. Eskubide honek bi alderdi ditu: ondarezkoa edo patrimoniala, eta morala. Eskubide moral hauen artean honako hau dago (14.4 artikulua):

 

            “Exigir el respeto a la integridad de la obra e impedir cualquier deformación, alteración o atentado contra ella que suponga perjuicio a sus legítimos intereses o menoscabo a su reputación”.

 

Egileak eskubidea du bere lanaren osotasuna eta aldaezintasuna defendatzeko.

 

Legeak berak muga batzuk ezartzen dizkio egile eskubideen ustiaketari (31-39 artikuluak). Mugok numerus clausus moduan daude pentsatuak, hain da zabala egilearen ahalmena bere lanaren gainean. Honako kasu hauetan ez da egilearen baimenik behar (labur zerrendatuta):

  •  behin behineko erreprodukzioak egiteko 
  •  kopia pribatua egiteko
  •  segurtasun publikoko helburuetarako erabilerarak
  • elbarritasunen bat duten pertsonen erailerarako
  • aipu bat egiteko an edo irakaskuntzan erabiltzeko
  •  aktualitatearekin zerikusia duten gaiez informatzeko
  •  liburutegietan edo interes kulturala duten erakundeetan maileguan emateko 
  •  ikerketarako

 

Aipatutako muga horiek egilearen eskubideak ustiatzeko alderdiari jartzen zaizkio, alderdi moralak ez dauka inongo mugarik aurrekusita. Eta ikus daitekenez, ez da Legean interes publikoa inondik inora aipatzen, beraz, aipatzen ez den mugarik, inork ezin ditu ezarri.

 

Beste kontu bat da eskubideaz abusatzea, eta figura hori badago Espainiako Kode Zibileko 7.2 artikuluan jasota (ez dut euskarazko testua topatu sarean):

            “Legeak ez du babesten eskubideaz abusatzea, ezta eskubidea gizartearen aurka egikaritzea ere. Egite edo ez-egite orok, egilearen asmoarengatik, egite edo ez-egitearen helburuarengatik edo berori burutzeko inguruabarrengatik, begi-bistan gainditzen baditu eskubidea egikaritzeko muga arruntak, hirugarrenari kalte eginez, orduan, kalte ordain egokia eman beharra dakar, eta abusuak jarraitzea eragotziko duten administrazio- neurriak nahiz neurri judizialak hartu beharko dira.”

 

Kontzeptu hau egokia izan daiteke, adibidez ingenieritza obra bat aldatzeko, epaileak uste badu egileak bere jardunarekin eskubidea gehiegikeriaz erabiltzen diharduela. Bestela, gaur egun, interes publikoaren muga epaileak ateratako argudio bat da, nire ustetan, legean oinarririk gabea.

 

Hauteslegoari kontsulta

Zuzenbide politikoko liburu zaharretan ikasi genuena

 

Erreferendumari buruz, diote Jorge de Estebanek eta Luis López Guerrak “El régimen constitucional español” liburuan, (Editorial Labor, 1980), (itzulita eta laburtuta):

 

Erreferenduma, zalantza barik, herritarrek gizarte modernoan maila nazionalean zuzenean parte har dezaten modurik praktikoena da. Prisma teoriko batetik, hiru baldintza eman behar dira erreferendumak benetako balio demokratikoa izan dezan:

 

  1. Testuinguru demokratiko batean egin dadila. Hau da, kontsulta ez dadila izan herriak erregimen politikoan parte hartzeko daukan bide bakarra.
  2. Galderaren planteamenduari buruz: erreferendumaren esentzia galdera herritarren osotasunari planteatzea da. Edozein inozok egin dezake galdera bat, baina  galdera zuzena planteatzea eta modu zuzenean egitea, bestelako gauza da erabat. Galdera ondo planteatzeko baldintzatik hiru zailtasun ondoriozta daitezke:
      • agintariek galdera modu egokian planteatzeko zailtasuna. Gaizki planteatutako errendum batek, edo galdera teknikoegia daukanak, ez du ekarriko gaia argitzea edo kontsulta legitimatzea.
      •  galdera zailegia bada edo hauteslegoa analfabetoa, galdeketaren balio demokratikoa hutsean geratuko litzateke.
      • kontutan izan behar da halaber “Panurgioren araua”. Egile frantsez honen arabera, horrelako galdeketa baten aurrean, hauteslegoak gehiago jotzen du bai esatera ez esatera baino, eta hau beti izan dute kontutan agintariek galdera bat planteatzerakoan. 
  1.  Hirugarren baldintza erreferendumaren balioa demokratikoa izan dadin da komunikabideak kontutan izan behar direla. Arriskua dago norbere interesen alde manipula dadin erreferendumaren propaganda, beraz arauketa berezi bat behar da indar politiko ezberdinek aukera berdinak izan ditzaten kontsultari buruz libreki mintzatzeko.

 

Afrikatik

Oroitzapentxo bat Sidney Pollack-endako

 

"Memorias de Africa" telebistan botatzen duten bakoitzean negar egiten dudalako. Azkena, joan zen asteburuan. Bakarrik gauen, silloian jarrita. Eta pelikularen kredituak agertzen direnean, musika eder horrekin, beti hasperen luze bat ateratzen zaidalako.  

Pertsonaien arteko harremana, istorioa kontatzeko modua, Afrikako parajeak, musika zoragarriak direlako. Eta Meryl Streep sekula ez delako hain goxo agertu, Robert Redford hain neurrian eta seduktore, eta Brandauer hain errealista eta kanalla.

Eta batez ere zinea justifikatzen duen eszena polit horietako bat oparitu zigulako, hain erromantikoa, sexia, iradokitzailea : Redford-ek ilea garbitzen dionean Meryl Streep-i. Une batean biek gurutzatzen dituzten begiradak zinearen handitasuna direlako.

memoriasdeafrica

 

 

 

Okularistarengana

Munduan dauden lanbide bitxien-edo artean, okularistena ere badago.

 

Okularistak begi protesiak egiten ditu.

Oier operatu zutenetik, guk okularista baten premia izan dugu.

Hasieratik esan ziguten Bilbon profesional on bat zegoela, Llapart. Harengana jo genuen, eta egia esan, lan bikaina egin zuen. Hain ondo, Oier lehen aldiz protesiarekin ikusi nuenean, momentu batez pentsatu nuela aurreko hilabeetan gertatutako guztia amets gaiztoa besterik ez zela izan.

2005ko iraileko lehen aldi haren ostean noizbehinka jo genuen beregana, errebisioetarako-eta.

2007ko irailean joan ginenean berriro, kontsulta itxita topatu genuen, itxura denez gaixotasuna zela-eta jubilatu egin zelako. Profesional ona, gizon atsegina eta jatorra zen Francisco Llapart. Gu bezala, Euskal Herriko eta Espainiako iparraldeko bezero asko okularista barik geratu ziren, interneteko hainbat forotan irakurri ahal izan dugunez. Gai guztietan bezala, piska bat sartzen zarenean, ikusten duzu asko direla okularista baten beharra daukatenak.

Profesio hau ez da oso ugaria, eta Madridera jo behar izan genuen okularista bila. Izan ginen azaroan Laisecarekin. Oftamalogoak esanda, jakin dugu Madridetik Bilboko Gran Víara astean behin etortzen dela Danborenea okularista, eta arratsaldean daukagu berarekin kontsulta. Ea zer moduz.

 

Elena Laka 2008/05/23

Umeen zaintza partekatua

Joan zen astean Kalakan gurasoen banaketaren ondorengo umeen zaintzari buruz zihardutela ikusi nuen.

 

Asko ez, telebista bidezko debateak nekez jarrai ditzakedalako, irratikoetan ez bezala, ezin da gidatu, sukaldeko lanak egin edo dutxatu entzuten duzun bitartean, eta hortaz aspertu egiten naiz.

Entzun nuen Amaia Zabaleta abokatua eta laguna, epaitegien errealitateari buruz berbetan. Eta Markos Zapiain umeak klonatzeko posibilitateaz berbetan.

Amaiak esandakoarekin ados nago: epaileek ez diete gizonei umeen zaintza ematen, batipat, oso gutxik eskatzen dutelako. Ehuneko oso handi batean gizonek ez dute eztabaidatzen umeen zaintza amarentzako izango denik.

Eta zaintza partekatuari buruz, horren beste ganoragabekeria entzuten da kalean, guztiak eskubide eta sasi-erreibindikazioz zipriztinduta, komeni dela noizean behin lurra ikutzea. Hona hemen aste honetan jaso dugun epai batean, ondo eta zehatz, azalduta Espainiako Kode Zibilak gaur egun seme-alaben zaintza partekatua ezartzeko eskatzen dituen bete-beharrak (itzulpena eta puntuen banaketa nireak da: Espainiako Justizia gazteleraz eta parrafo luzeetan mintzatzen da): 

  • Zaintza partekatuak lege indarra hartu zuen uztailaren 8ko 15/2005 Legearen ondoren.
  • Epaileak zaintza partekatua ebatziko du guraso biek hala eskatzen badute, bai Hitzarmen Arautzailean, bai prozedura judizialaren barruan.
  •   Epaileak zaintza partekatua erabaki ahal izateko, beharrezko neurriak ezarriko ditu zaintza erregimen hori bete ahal izateko, eta saiatuko da neba-ahizpak ez banatzen. 
  •   Zaintza zein modutakoa izango den erabaki baino lehen, epaileak honako hauek izan beharko ditu kontutan:
      • Ministeritza Fiskalaren txostena
      • Adin txikikoen iritzia, hauek nahikoa juzku badute
      • Epaitegiko Talde Psikosozialaren txostena
      • Epaiketan dauden bi alderdien ailegazioak   

  • Salbuespen moduan, legeak uzten dio epaileari zaintza partekatua ebazten, nahiz eta guraso biak ados ez egon, baldin eta gurasoetariko batek eskatzen badu eta Ministeritza Fisakalak aldeko txostena ematen badu, beti ere zaintza modu hau adin txikikoentzat onuragarri baldin bada.
  • Ezin da zaintza partekaturik ezarri gurasoetako bat famili barruko indarkeriagatiko delitu batengaitik auzibideratua dagoenean.

 

Alegia, baldintza horretxek errespetatzen ez dituzten erreibindikazioak, momentu honetako praktikotasunean, kea dira, eta beraz, epaitegiek ez dituzte onartzen.

Lana eta familia bateratu

Ikusten denez, lana eta familia bateratzerakoan, kasuen %94ean umearen ama da lanaldi murrizketa edo esedentzia eskatzen duena. Umearen aitak kasuen %6an baino ez du eskatzen lanaldi aldaketa, nahiz eta laguntza ekonomikoak handiagoak izan baimena hartzen duena aita bada.

Honek esan nahi du gurasoek erabaki behar dutenean bietako nor geratuko den etxean lanaldi erdiz edo osoz umeak zaintzen, kasuen %94ean zaintza amak egin dezala aukeratzen dutela.

Ez daukat dudarik guraso asko pozik egongo direla oso lanen banaketa honekin, baina nik, oro har eta salbuespenak salbuespen, ondorio kaltegarriak ikusten dizkiot, bai emakumearentzako, bai gizartean gizonen eta emakumeon arteko berdintasunera heldu ahal izateko.  

Honen ondorioak dira:

-          lanbideak lanaldi murrizketa ametitzen dutenen eta ez dutenen artean banatzen dira. Hots, oro har gizonek egiten dituzten lanbideek ez dute murrizpenik onartzen, aldiz emakumeek egiten dutenek bai (“nire lanagaitik ezin dut murrizpenik hartu”)

-          emakumeen lanbideak estankatuta geratzen dira: bizitza profesionaleko urte garrantzitsuetan lanaldia murrizteak esan nahi du proiektu berrietan ezin parte hartzea, lanean urte batzuetan ezin aurrera egitea.

-          Gizonek aldiz aukera irabazten dute lanean aurrera egiteko: etxean ama geratzen denez umeekin, askeago dira lanetik etxera berandu bueltatzeko, bidaiatzeko eta oro har lanari denbora gehiago dedikatzeko.

-          Guraso askok pentsatzen dute ume txikiek amaren behar gehiago dutela aitarena baino. Egia fisikoa da ostera aitak egin ez dezaken gauza bakarra titia ematea dela, beste guztia amak bezain ondo edo hobeto egin dezake eta.

-          Lanaldi murrizpena edo eszedentzia hartzen duen amak, banaketa kasuetan, ikusten du nola aitak lanbide hobea daukan, denbora eta ahalegin gehiago dedikatu ahal izan diolako, eta ostera, bere umeenganako dedikazioa ez dela ez baloratzen ez konpentsatzen, eta umearekiko ere lotura handiagoa daukala.

Ondorioz, berdintasunera iriste aldera, bateraketarako askoz egokiagoa iruditzen zait honako neurri hau:

-          lanaldia murrizteko edo eteteko aukera saritua bai, baina saria eskuratu izateko, derrigorrezko izatea bi gurasoen artean banatzea murrizketa edo etena. Adibidez,  lanaldiaren heren bat murriztu behar bada, guraso batek seiren bat eta besteak beste seiren bat. Edo murrizpenak urte bete iraun behar badu, guraso batek sei hilabete eta besteak beste sei. Murrizpena %50ean banatu. Horrela espektatiba profesionalak berdintsuagoak izango lirateke ama eta aitentzako, eta inportanteagoa deritzodana: umeak aitarekin eta amarekin berdin haziko lirateke, ikusteke full time maitasuna eta zaintza ematen diona ama dela, eta gauetan lanean ordu asko eman ondoren denbora partzialean maitasuna ematen diona, aita dela.

 Proposamenarekin ados?

 

 

Elena Laka 2008/05/21

Familien kiebra

Aurtengo lehen urtelaurdenean bost pertsona fisikok jo dute auzitegietara Autonomi Erkidegoan euren burua kiebran deklaratzeko.

 

2004ko irailean Konkutso legea indarrean sartu zenetik, arazo finantzieroak dituzten familiak, zor handia dutelako bai hipotekarengaitik bai bestelako kredituengaitik, aukera daukate kiebran deklaratzeko. Izan ere, lege honek aukera ematen die familiei euren burua kaudimengabe deklara dezaten, eta ondorioz, auzitegiek euren ondasunen aurkako bahiturak gerarazten dituzte. Hain zuzen legeak enpresek zuten eskubide berbera ematen die pertsona partikularrei.

 

2006 urtean aitortu zitzaion lehen aldiz aukera hau Kataluiniako familia bati. Urte horretako irailean, Sant Salvador de Guardiola (Bartzelona) herriko familia batek, 160.000 euroko zorra zuena, lortu zuen %30eko beherapena zeuzkan zorretan (kreditu pertsonaletan), eta interesak ordaintzeari uztea, epaitegi batek kiebran deklaratu ondoren.

 

Aurrekari honen ondoren, 2007 urtean zenbait kasu ikusi ziren Espainiako epaitegietan, eta aurten aipatutako bost kasu horietxek Autonomi Erkidegokoetan. Poliki, baina kasuak goruntz doaz, eta aurreikustekoa da gehiago haziko direla, baldin eta kredituek gora egiten segitzen badute eta enpleguak behera egiten badu. Nahiz eta banku eta entitate finatzieroek aukera hau begi onez ikusi ez.

 

Zein abantaila dauzka kiebran deklaratzeak?

 

Epaitegiak kiebra deklaratzearen ondoren, familia horrek (edo pertsona fisiko horrek) lortzen du bai zorren kobrantza geraraztea bai bere aurka diharduten kobrantzako prozedura judizialak geraraztea (bahiturak…). Aldi berean, bere ondasunak ezingo ditu ikutu. Epaileak administradore batzuk izendatuko ditu familaren egoera finantzieroa kudeatzeko.

 

Administradoreok etxean sartzen diren dirusarreren kopuru jakin bat ematen diote familiari bizi ahal izateko, eta gainerakoa zorrak ordaintzeko gordetzen dute. Ondoren, egoeraren inbentario bat egiten dute, aktiboa eta pasiboa zein den finkatze aldera, eta hurrengo pausua hartzekodunekin hitzarmena egitea da, zorrak noiz eta nola ordainduko diren ezartzeko. Posible da hitzarmen honetan zorraren kita bat (beherapen bat) adostea, %30aren ingurukoa izan daitekena.

 

Abantaila da bestalde, kiebra deklarazioarekin zorrek ez dituztela interesik sortzen (hipotekadun zorretan ezik). Eta hipotekadun zorraren ordainketa urte betez etenda geratzen dela, beraz, urte horretan ez da ordaindu behar. Ez ahaztu, hala ere, hipotekadun kreditua ordaindu egin beharko dela, nahiz eta beranduago izan.

 

Kiebra prozedurak Merkatal Epaitegian tramitatu behar dira, abokatuak defendatuta eta prokuradoreak ordezkatuta. Aurkeztu baino lehen profesional hauek kobratuko dutena kontutan izatea komeni da, eta ondasunik ezean, dohaineko justizia eskatu eta ofiziozko abokatu bat izendatzeko. Merkatal Epaitegiak gaur egun, Autonomi Erkidegoko hiru hiriburuetan daude, euren lurralde-eremua probintzia dela.

 

Magia

Asteleheneko Goienkaria

"Saskia %13 garestitu da iaztik Iparraldean, eta %6 Hegoaldean.-Kontsumitzaileen artean ahoz aho dabil oinarrizko prezioek izandako igoera. Erosketa egitera joan eta elikagaiak gero eta garestiago daudela diote kontsumitzaileek. Oinarrizko produktu horien ekoizleek igoera horretatik ez dutela etekinik lortzen salatu dute, eta bitartekariak eta banatzaileak direla horiek jasotzen dituztenak (…) Iaz egindako erosketa bat orain egun gutxi egindako batekin alderatu du BERRIAk, eta (…)  3,38 euro-%13-garestitu da oinarrizko saskia Iparraldean azken urtean, eta 1,3 euro-%6-Hegoaldean”. Berria, 08-5-17

     Ez da Chicagoko eskolako ekonomista izan behar azken urtean prezioak izugarri igo direla antzemateko. Edozein etxetako erosketa-arduradunak konta diezaizuke lehen berrogeitamar eurorekin merkatuan buelta osoa ematen zuela, eta orain berriz, ezin buelta bukatu. Iaz berrogeitamarrekin egiten genuena egiteko, orain hirurogeitamar behar ditugu, horretarako orri kiskillak irakurtzeko premiarik barik.

Esne-litroa euro batetik gora, nekez hamar eurotik beherako arraina, zaila bi eurotik beherako fruta-kilorik. Eta gerta daiteke saltoki handiaren zurrunbiloan ez jakitea gauza bakoitzak zenbat balio duen, baina erraz somatu soldatak baino gehiago igo direla produktuak.

Zer gertatu da? Denaren errudun gasolina? Nork igotzen ditu prezioak? Nor ari da gu guztion bizkar aberasten? Ekoizleak ez, esnea jeisten duen baserritarrak, legatza harrapatu duen arrantzaleak edo laranjak hazi dituen ekoizleak ez omen dituzten prezioak igo. Nork orduan, bitartekariak? Produktu horrek merkaturatzen duenak? Zergaitik ez dakigu garbi katearen zein begitan egiten duen prezioak gailurra? Non dago trikimailua?

Gero eta arazo gehiago hil bukaerako mugara iristeko. Ilva Scalik, magialari emakumeak, joan zen ostiralean Elgetan zapiak uso eta usoak untxi bihurtu zituen ikusle guztien txundidurako. Ostera, irrigarri geratzen da magia hori etxe askotan egiten denaren aldean: iazko soldata berarekin jakiak iaz baino %13 gehiago, hipoteka 100 bat euro gehiago eta gasolina 14 euro gehiago tanke bakoitzeko, eta hala ere, zubi eta oporretarako toki hartzera joan, eta dena okupatuta. Hurrengo urteko Magia mostran sartzeko modukoa.

 

Elena Laka 2008/05/19

Goienatik Eibarra

Blog koskor hau Goienan jaio eta abiatu zen. Hemendik aurrera, Eibarko sarearen altzoan haziko da.

Blog hitza Eibarren entzun nuen lehen aldiz, Luistxori Eibar.org-eko afariren batean. Ez nion esplikatutakoari erabilera handirik ikusi, baina hura zer zen jakitea erabaki nuen. Eibar.org-ek horretarako ikastaroa antolatu zuen egunean, ordea, lankidea ezkondu zitzaidan, eta ni ikastera joan ezin. Nik bakarrik ezin izan nuen prestatu zidaten bloga abiarazi.

Goienako ahaideek adopzioa eskaini zidaten, ikastaro bat eman eta bloga prestatu. Guztia irribartsu eta lagunkiro. Milaka esker, Goiena, guztiarengaitik. Zuek bai jakin ematen.

Baina altzora bueltatzeko garaia iritxi da. Eibar.org berritua, hamargarren urtehurrena, blog berria... Erralek migrazioko tramiteak egin dizkit, eta sustraietara bueltatzen naiz.

 Goiena, maite zaituztet, baina ...my heart belongs to daddy.

Elena Laka 2008/05/14

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.

Azken erantzunak
Haurren lezioak haritz, 2009/10/30
Berriro ere... Demonocrazy, 2009/10/30
aurrejuzkurik eza Elena, 2009/10/28
Galderak iturri, 2009/10/27
Etiketa lainoa
"Los abrazos rotos" 1/2004 Lege Organikoa Almodovar Antzararen bidea Bilbo Calatrava Callao Deba Debagoiena Durangoko azoka EA EB Egunkaria Elgeta Espainia Euskadi Euskal Herria Gizarte-Segurantza Goiena Goiena.org Ibarretxe Jabetza Erregistro Jaimito Katalunia Kate Winslet Kode Penal Kode Penala Kode Zibila Leonardo Di Caprio López Memorias de Africa Merkatal Epaitegia Meryl Streep Mezularia Ministeritza Fiskala Mundumira Nagel Oier Patata Patxi Lopez Penelope Redford Revolutionary road Robert Redford Ronaldo San Martzial Streep Sustatu Veleia Zubi Zuri abokatu abuela adarra jo adina adiskidetsu agintari agiri ahotsak aht aisia aita aitatasun-baja aktualitate alarguntasun-saria albiste aldatu alderdi alderdi kontratugilearen lehen alderdia aldiri aldizkaria algodoi alkatea alkohol altzoa ama amama ametsa amona anaia andere andereño aranzadi argazki argitaletxe argitalpen kontratu argitarapen kontratu eredua argitaratzaile argudioak arriskua aseguru-etxe astelehena aukera aurkezpen auto autobusa autopista auzia azalea aztarna bahitura bakarra balio banaketa bandera bateratu begi beltz berba berdintasun bergara bergara-eibar bero bialeku bidegabekeria bigunak biharamona bihotzez bikotea bilaketa biotekide bizi bizikidetza bizitza bost botu bueltatu burka burua cd dantza debagoiena demandatu demokratiko denda derrigortutako aurrejubilatu diputatua dirua dogma domeka eco edertasuna edukinak egile eskubidea egunerokotasuna egutegia eibar eibartar elastina elkarrizketa elkarte emakume emakumearen aurkako indarkeria emakumeen aurkako indarkeria epai epaia epaiketa epaile epaitegi epaitegia eraman erantzukizun zibila eraso eraso biktima erderaz erditu eredu ergatibo erlijioa ermua erreferendum erreklamazio errlomantizismo errua ertzain esku eskubide eskubidea españa estali etxeko lanak euskaldunak euskaltegi euskara ezinegona ezkondu ezkontide ezkontza ezkontzaren erregimen ekonomikoa ezpainak fado faltsu familia feminista filma funtzionario futbol kamiseta futbola galdeketa galdera garesti garestitu garraio gizarte gizartea gizon gogorrak goibel goienkaria gora gotzain guardia gurasoak halako batean hankaz gora harakina hatxis haurdunaldia haurrak hauteskunde hauteskundeak hauteslego heldu heriotza herri herrigintza herritar higuina hilketa hiria hizkuntza hutsune idazkun idazle idazle elkarte ikasketak ikaskide ikastaro ikastola ikur ilunga ilusioa inguratuta inkesta interes interes publikoa irain iraksle irakurri iraultza irazpideen sozietatea irratia irteera-operazioa itzulpen izatezko izena jai jaia jasan jokalari jolas jubilatu kalbinista kale kalteordain kanpaina kanpoko kargu kargua kartela kastellano kaudimengabe kaxero kiebra kilometroak kitxua kolpe komunikabide konkurtso konstituzioa kontratu kontrola kontsulta kontsumitu kosta kotizazio kpi krisi kudeatzaile lan lana lanbide landare lasai lau aste legea legedi legedia lehendakari lehor lepoko mina lertxundi liburua liburutegia limoiondo loditasuna lojika lotara loteria nazionala lurraldea magia mailegua manifestazio manifestazioa mary poppins masturbatu matxismo meme memorias de Africa merkatal merkatalgune merkatua mesede migraña ministroa moda monzó muga murrizketa musu musulman nagusi nahasketa nazionalitatea negar negu nerabe nerbio neska neskatila obra oinetako okularista ondasun banaketa opor oporrak ospelak ospitalea pentsio pentsioa pintatzekoa pipa-poltsa pirata pirritx plazerra politika politiko porrotx portero portu pottolo preso pribatu printze printzesa produktu protesi publiko publikoa publizitate salatu saltzaile sanblasak saskia segurantza sehaska selección selekzioa seme-alaba sexu-aldaketa sharon sinco sindikatu stone stormy monday telebista terrorismoaren gorazarrea tertulia tertuliakide testu topikoa tostoiak tradizio tratu trena txartel txikia txinatar txiste uda udaberri udaberria ume umeak untxia urdina uztartu volvone webgune xalotasun zabaldu zaintza partekatua zakila zapatu zapatu ingelesa zapi zigor zikina zine zoragarri zorion zoriona zuzenbide politiko zuzenbidea