Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Magia

Magia

Elena Laka 2008/05/19 21:54
Asteleheneko Goienkaria

"Saskia %13 garestitu da iaztik Iparraldean, eta %6 Hegoaldean.-Kontsumitzaileen artean ahoz aho dabil oinarrizko prezioek izandako igoera. Erosketa egitera joan eta elikagaiak gero eta garestiago daudela diote kontsumitzaileek. Oinarrizko produktu horien ekoizleek igoera horretatik ez dutela etekinik lortzen salatu dute, eta bitartekariak eta banatzaileak direla horiek jasotzen dituztenak (…) Iaz egindako erosketa bat orain egun gutxi egindako batekin alderatu du BERRIAk, eta (…)  3,38 euro-%13-garestitu da oinarrizko saskia Iparraldean azken urtean, eta 1,3 euro-%6-Hegoaldean”. Berria, 08-5-17

     Ez da Chicagoko eskolako ekonomista izan behar azken urtean prezioak izugarri igo direla antzemateko. Edozein etxetako erosketa-arduradunak konta diezaizuke lehen berrogeitamar eurorekin merkatuan buelta osoa ematen zuela, eta orain berriz, ezin buelta bukatu. Iaz berrogeitamarrekin egiten genuena egiteko, orain hirurogeitamar behar ditugu, horretarako orri kiskillak irakurtzeko premiarik barik.

Esne-litroa euro batetik gora, nekez hamar eurotik beherako arraina, zaila bi eurotik beherako fruta-kilorik. Eta gerta daiteke saltoki handiaren zurrunbiloan ez jakitea gauza bakoitzak zenbat balio duen, baina erraz somatu soldatak baino gehiago igo direla produktuak.

Zer gertatu da? Denaren errudun gasolina? Nork igotzen ditu prezioak? Nor ari da gu guztion bizkar aberasten? Ekoizleak ez, esnea jeisten duen baserritarrak, legatza harrapatu duen arrantzaleak edo laranjak hazi dituen ekoizleak ez omen dituzten prezioak igo. Nork orduan, bitartekariak? Produktu horrek merkaturatzen duenak? Zergaitik ez dakigu garbi katearen zein begitan egiten duen prezioak gailurra? Non dago trikimailua?

Gero eta arazo gehiago hil bukaerako mugara iristeko. Ilva Scalik, magialari emakumeak, joan zen ostiralean Elgetan zapiak uso eta usoak untxi bihurtu zituen ikusle guztien txundidurako. Ostera, irrigarri geratzen da magia hori etxe askotan egiten denaren aldean: iazko soldata berarekin jakiak iaz baino %13 gehiago, hipoteka 100 bat euro gehiago eta gasolina 14 euro gehiago tanke bakoitzeko, eta hala ere, zubi eta oporretarako toki hartzera joan, eta dena okupatuta. Hurrengo urteko Magia mostran sartzeko modukoa.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.