Hauteslegoari kontsulta
Elena Laka
2008/05/28 10:12
Zuzenbide politikoko liburu zaharretan ikasi genuena
Erreferendumari buruz, diote Jorge de Estebanek eta Luis López Guerrak “El régimen constitucional español” liburuan, (Editorial Labor, 1980), (itzulita eta laburtuta):
Erreferenduma, zalantza barik, herritarrek gizarte modernoan maila nazionalean zuzenean parte har dezaten modurik praktikoena da. Prisma teoriko batetik, hiru baldintza eman behar dira erreferendumak benetako balio demokratikoa izan dezan:
-
Testuinguru demokratiko batean egin dadila. Hau da, kontsulta ez dadila izan herriak erregimen politikoan parte hartzeko daukan bide bakarra.
-
Galderaren planteamenduari buruz: erreferendumaren esentzia galdera herritarren osotasunari planteatzea da. Edozein inozok egin dezake galdera bat, baina galdera zuzena planteatzea eta modu zuzenean egitea, bestelako gauza da erabat. Galdera ondo planteatzeko baldintzatik hiru zailtasun ondoriozta daitezke:
- agintariek galdera modu egokian planteatzeko zailtasuna. Gaizki planteatutako errendum batek, edo galdera teknikoegia daukanak, ez du ekarriko gaia argitzea edo kontsulta legitimatzea.
-
galdera zailegia bada edo hauteslegoa analfabetoa, galdeketaren balio demokratikoa hutsean geratuko litzateke.
-
kontutan izan behar da halaber “Panurgioren araua”. Egile frantsez honen arabera, horrelako galdeketa baten aurrean, hauteslegoak gehiago jotzen du bai esatera ez esatera baino, eta hau beti izan dute kontutan agintariek galdera bat planteatzerakoan.
- Hirugarren baldintza erreferendumaren balioa demokratikoa izan dadin da komunikabideak kontutan izan behar direla. Arriskua dago norbere interesen alde manipula dadin erreferendumaren propaganda, beraz arauketa berezi bat behar da indar politiko ezberdinek aukera berdinak izan ditzaten kontsultari buruz libreki mintzatzeko.